argia.eus
INPRIMATU
Lorategi bat desagertuei
  • Manuela Aldabe artista, kazetari eta irakasle uruguaitarra da eta urteak daramatza bere praktika artistikoarekin heriotza bidegabeak ikertzen. 2016an hasi zen feminizidioaren biktima izan diren emakumeen jantzien inguruan lanean eta, besteak beste, senarrak hil zuen Delmira Agustini poeta uruguaitarraren emaztegai-soinekoarekin egin zuen lan. En ella estamos todas deituriko instalazio artistikoa inauguratu du Montevideoko (Uruguai) Kolonaurreko Arte Indigenaren Museoan. 

Ane Azkona 2024ko abuztuaren 28a
Argazkia: Ane Azkona

Uruguaiko auzitegi-antropologia taldeak Infanteriako Hamalaugarren Batailoian aurkitu duen gorpuari eskaini dio Aldabek aurkeztu berri duen lana. Gorpua diktadura garaian desagerrarazi zuten. Artetik omenaldi kolektiboa egiteko asmoarekin iritsi da desagertutakoen gaia lantzera. “Gure lurraldean eta historian noraezean gelditu diren heriotzak dira eta horiei ikusgarritasuna eta leku propioa emateko bilaketak bultzatzen nau lan hau egitera”, dio  proiektuaren zergatiaz galdetuta.

Hamalaugarren batailoiko lau hilobitako lurra erabili du han desagerrarazi eta lurperatutakoen memoria omenduko duen lorategi bat eraikitzeko. Bere ustez, 40 urte hauetan gorpuzkiak lur bilakatu dira, konpost, lurra elikatu dute eta bertatik lore berriak jaio dira. Prozesuaz zera dio: “Hilobi bakoitza, gizaki bakoitza oso singularra izan da; batzuek lur trinkoa zuten, beste batzuek karea. Julio Castroren (1908-1977-2011)  hilobiko lurra, adibidez, hondarra da. Julio Castro kazetaria eta maisua zen. Bere hilobiko lurrarekin lan egiteak oihartzun asko eragin dizkit neu ere kazetaria eta irakaslea naizenetik. Eduardo Bleier (1927-1976-2019) nire aitonaren laguna zen eta, kasu horretan, samurtasunetik bihotz-ukitu nau. Ricardo Blanco (1938-1978-2012) sindikalista genuen, eta berekiko miresmena izan da mugiarazi nauena. Azkenik, soineko honek irudikatzen duen identifikatu gabeko gorpuak guztiz astindu nau, emakume izateagatik eta erail zutenean haurdun zegoelako.”

Soineko zuri bat nire burutik bost metro gorago eskegita. Lepoa okertu ezkero ikus daiteke sabelaldetik artilezko hari gorri batzuk jaiotzen zaizkiola. Hari horiek zoruraino iristen dira odola balira bezala eta lorategiko lurra ureztatzen dute landare berriak ernal daitezen. Argazkia: Ane Azkona

Uruguaiko diktadurako estatu-terrorismoa gaur egungo koiunturarekin lotu nahi izan duen arren, desagertutako bakoitzaren istorio pertsonalen arabera ehuntzen joan da proiektua. 196 dira (gutxienez) Uruguaiko diktadura militarrak desagerrarazi zituen pertsonak eta bakoitzaren nortasunaz eta ekarpenez hitz egin nahi izan du. Obra beldurrezko istorio bat izatetik aldentzen saiatu den arren, diktadura militarrak gauzatu zituen gizateriaren aurkako krimenen izugarrikeriak presente egin eta salatzeko premia izan du.

Aurkezpenaren lekuaz eta dataz
Artelana ez du ustekabean kokatu Montevideoko Kolonaurreko Arte Indigenaren Museoan. Defentsa Ministerioaren egoitza han  egon zen diktadura garaian, 1973 eta 1985 bitartean, eta leku horretan galdekatu eta desagerrarazi zituzten hamarnaka uruguaitar. Desagertuen memoria museo horretara ekarri izana, haien presentzia bertara itzuli izana, oso keinu artistiko esanguratsua izan da, justizia eskaera den aldi berean.

Artelana aurkeztu duen data ere ez da kasualitatea. Isiltasunaren Martxa historikoaren bueltan izan da, Madres y Familiares de Uruguayos Detenidos Desaparecidos (Atxilotu eta desagerrarazitako uruguaitarren ama eta senideak) kolektiboak urtero antolatzen duen mobilizazio nazionala. Uruguain eta Hego Amerikan Kondor Planaren testuinguruan bultzatu zituzten diktaduretan gertatutako desagerpen eta erailketak argitu daitezen eskatzen du manifestazio jendetsu horrek Ellos saben dónde están. Exigimos respuestas lelopean (Haiek badakite non dauden. Erantzunak nahi ditugu).

Argazkia: Ane Azkona

Identifikazioa
“Amelia Sanjurjo 1936-1977-2024” dioen horma-irudiarekin parez pare, Montevideoko Errepublikako Unibertsitatean bildu den jendetzaren artean, gaurko egunez Madres y Familiares de Uruguayos Detenidos Desaparecidos elkarteak antolatu duen omenaldi eta hileta publikoak ekarri nau afixa honen aurrera.

Karteleko hiru datek eman didate atentzioa: lehen zenbakia Amelia Sanjurjo jaio zen urtea; Uruguaiko Alderdi Komunistako kide izateagatik diktadurako militarrek erail zuten urtea bigarrena; eta herrira itzuli den urtea hirugarrena. Hala sentitu baitu Uruguaiko gizarteak Ameliaren gorpua identifikatu izana.

Ekainak 6 ditu eta astebete besterik ez da pasa Amelia Sanjurjo Casalen gorpua identifikatu denetik Infanteriako Hamalaugarren Batailoian   aurkitutako hilobien artean. Bi aste Manuela Aldabek gorpuzkiaren identifikazioa aldarrikatzen duen artelana plazaratu eta Isiltasunaren Martxa  burutu zenetik. En ella estamos todas artelana eraldatu egin du historiaren bilakaerak eta memoria eta justizia aldarrikatzen dituzten militanteen borondate konprometituak. “Amelia Sanjurjo 1936-1977-2024” dioen kartela alboan du orain soinekoak.

“Lurperatu zutenek ez zuten esan non zegoen, ezta nor zen ere. Izenik ez zuen gorputz batekin egin dut lan eta, erakusketa zegoen bitartean, gaia jorratzen ari ziren zientzialariek nor den jakitea lortzean eta identitatea publiko egitean, badago, agian, ekintza psikomagiko bat, mundua eraldatzea posible dela sinesten jarraitzea baimentzen diguna. Iruditzen zait hori funtsezkoa dela artean. Bizi ditugun eremu guztietan ditugu mugak, artean ez. Arteak, giharra emango dion mugimendu politikoa atzean duenean, edozer du posible”, azaldu du.

Eta orain zer?
Aldabek espero du jendea erakusketatik Uruguaiko diktadurak desagertutakoen izen-abizenen zerrendarekin joatea, Uruguaiko kontakizun historikoaren parte izan daitezen. Era berean, artelanaren lurreko “odol” hari horiekin jaiotzen den esperantza sentsazioa eraman dezaten nahi du, hegan egiten duen eta lorez inguratuta dagoen soineko batekin amaitzen dena, memoria eta presentzia ariketa horretan. Bestalde, gorpuaren identitatea ezagututa, gertatu zena argituko duen ikerketa abiatzeko itxaropena du, Ameliari justizia egiteko. 

Hurrengo pausuez galdetuta, Aldabek dio: “Orain, ziurrenik, Ameliarekin egingo dut lan, obra honetan ez bainekien Amelia Sanjurjo zenik. Hau izango da, orain bai, Ameliarentzako artelana. Bere lurra Oroimenaren Parkean dagoen lorategi txiki batera joango da, Montevideoko Oroimenaren Museora, han baitaude beste hobi lurrak, eta landareak haziko ditugu leku horretan. Amelia etxera itzuli da, familiara, herrira”.