“Gure arbasoek zerbait ikusten zuten guk ikusten ez dugun lekuan”

  • Mondragon Unibertsitatean egiten du lan Jon Mentxakatorre galdakaoztarrak, ikerlari eta irakasle, mitologiaren bueltan hein batean. Euskal ahozko ipuinak eta lurpeko eremua. Antologia eta azterketa lana argitaratu du (Labayru Fundazioa, 2023). Solasean hasi aurretik, etxe inguruko mendi, baso eta txokoak erakutsi dizkigu.

Hasteko, zer dira mitoak? Eta zer mitologia?
Mitoa grezierazko mythos hitzetik dator, eta normalean erabiltzen dugu narrazio edo kontakizun moduan. Baina badauzka beste bi adiera handi: bata da hitza bera, eta bestea isiltasuna. Mitoak beti kontatzen du zerbait, koordenada espazio-tenporaletatik pixkatxo bat at dagoena, transzendentziaren munduan sustraiak sartzen dituena. Mythos hori lotuta dago misterioarekin. Isilik geratzen gara, zerbait harrigarria ikusten dugunean. Gero, etxera itzultzen garenean, hitza ematen diogu: “Basajauna, lamia edo dena delakoa agertu zait”. Hala aipatzen dute informazio guztiek: “Irten egin zait”. Mitoa da narrazio bat dimentsio transzendentea daukana, edo dimentsio transzendentearen berri ematen duena. Eta mitologia da mitoen gaineko zientzia, mitoen gaineko azterketa.

Eta zure lana non kokatzen da?
Mitologia lan ona egiteko mito guztiak egon behar dira mahai beraren gainean. Horregatik, lehenik eta behin, egin behar dena da ahalik eta material gehien bildu eta antolatzen eta aztertzen hasi. Mitologiara heldu aurretik iristen gara mitopoesiara. Hor ikusten duguna da mito horietan zelango formulazio berezia dagoen, kasu honetan, geure herriaren bitartez. Eta nola formula edo esaldi jakin batzuk, edo transzendentzia hori artikulatzeko modu berezi batzuk, errepikatu egiten diren. Zer da mitopoesia? Transzendentziaren dimentsio hori narrazio poetikoaren bitartez antolatzeko joskera berezia. Egin dudan lana horraino heltzen da eta pixkatxo bat abenturatzen da azterketa osoan, mitologiaren arloan, epilogoan. Lan honen gainean egin beharko genukeena da mitologia: ezagutza. Batzuk pasatzen dira batetik bestera, mito gutxi batzuetatik mitologiara, erdiko lana egin gabe, batzuetan euskaraz jakin gabe... Ikusten nuen lan hau ezinbestekoa zela, horixe da arrazoia.

Beraz, mitoak ez dira gaur egun zientziak azal ditzakeen gauzez ari. Beste zerbaitez ari zaizkigu?
Zientziak azkenengo bost mendeetan erabaki du positibista izatea. Begi hutsez ikusten dena, neurtu egiten dena: pertsona bik ekai berarekin gauza berbera ikustea begi hutsez eta emaitza berberak izatea. Hori zientziaren hautu ideologikoa da. Garai batean Baconek eta hainbatek hala erabaki zuten, zorroztasuna eta etekina irabazteko, ikuspegia murriztu behar zela. Orduan, gaur egun, begi hutsez ikusten ez den oro zientziatik at geratzen da. Psikologia, adibidez, biologiatik zenbat eta gertuago egon, hobe. Eta gizarte zientziak estatistikara eta matematikara lerratzen badira, hobe. Kuantitatiboa, beraz, kualitatiboaren aurretik. Baina ahoz, irudimen biziz eta tradizioz bizi izan da herria; gure aurreko guztiak horrela bizi izan ziren, lamiak eta basajaunak agertzen zitzaizkien. Jende hori ez zegoen burutik jota. Nire ustez logikoagoa da pentsatzea haiek zerbait ikusten zutela guk ikusten ez dugun lekuan. Ez dut esan nahi ipuinak bete-betean edo itsu-itsuan hartu behar ditugunik, ez delako horrela. Hau da, mitoek kontatzen dutena ez dugu espero behar begi hutsez ikustea.

"Gaur egun, gure burua ezagutzeko bideak edo teknikak bilatzen ditugu, gure ongizaterako, gizaki isolatu moduan"

Zein gabezia dauzkagu gaur egun hori ulertzeko, mito horietara iristeko?
Alde batetik, Euskal Herrian gertatu zaiguna da modernitateak eskatu dituen aldaketa handiak, aldaketa politiko, teknologiko, erlijiosoak, bospasei mendetan etorri beharrean, gutxi gorabehera XX. mendean guztiak etorri zaizkigula. Hegoaldean 1936ko gerra, gero 40 urteko diktadura, Iparraldean Bigarren Mundu Gerra, Aljeriako gerra, eta lehenago Lehen Mundu Gerra, Primo de Riveraren diktadura eta beste hainbat kontu, bestelako biolentzia eta zapalketak... Horrek sortu du gure barne apurketa bat, eta sortu du belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa apurtzea, edo behar besteko patxadaz eta sintesiz egin ez izana. Material hau sutondoan, mendian lainopean edo basoan ilunetan pixkanaka-pixkanaka egositakoa da.

Kontuan izan behar dugu azken mendean bizi izan dugula sekularizazio prozesu handi bat. Ez da Mendebaldean Eliza baztertu dugula, gehiago da dimentsio transzendente horri pixkanaka bizkarra eman diogula. Horrekin irabazi dugu autonomia handia, lorpen zientifiko, teknologiko, politiko, ideologiko handiak. Baina gero eta urrunago gaude hartatik, gero eta gorrago; ezintasun bat daukagu iraganeko hori ulertzeko. Eta ezinbestekoa da esatea: mitoen material hau ez da gure gaur egungo mundukoa, ez du sortu Hollywoodek; baizik eta tradiziotik eta ahozkotik dator, eta material hau sortu duen herriak bete-betean sinesten zuen edo bizi zuen. Baina guk pentsatzen badugu lelokeriak direla... Gure herriarentzat hau inportantea bazen, guk ez dakit zer lanketa egin beharko dugun, baina hurbildu gaitezen begirada horretara, azter dezagun, eta egin dezagun sintesi lana. Gertatzen zaiguna da oso mundu teknozientifikoan bizi garenez, begi hutsez ikusten ez denari balio ontologiko gutxiago ematen diogula. Ametsak, irudimena, sentipen garbiak, horiek ere gure parte dira, baina delegatuta dauzkagu beste maila batera. Gaur egun minusean ditugu, zero azpitik, baina lehen plusean zeuden.

Zein balio dauzkagu hemengo mitoetan? Zer ekarpen egin diezagukete?
Alde batetik, daukaguna da gure arbasoen irudimen bizia osatu duen materiala. Zibilizazio batek badauzka bere balioak, ezta? Duintasuna, ohorea... Baina zibilizazio batek, batez ere, daukana da irudimen partekatu bat, bai pozik eta bai triste gaudenean, gertakizunei esanahia aurkitzeko zentzuz jositako mundua. Iruditegi hori, 2.000 urtez edo 2.500 urtez egon dena, Bibliarekin hasi, lan klasikoekin, eta gero herriz herri dagoen mitologiarekin egin dena, hori apurtu egin zaigu. Berrosatzen ari gara filmekin eta horrelako kontuekin, baina irudimen hori joan egin zaigu. Material honek balio du irudimen horretara berriz ere hurbiltzeko. Beste aldetik, balio du gure corpus-a izateko, bertsoak eta beste gauzak bezala, herriak mitopoesia nola egin duen ulertzeko. Gero, mito horiek erakusten dute geografia mitiko bat.

Gaur egun joaten gara Anbotora eta ez dugu ezer ikusten. Begi hutsez ez. Lehengoek begi hutsez ere ez; ikustekotan barne begiz egiten zuten. Pixkanaka-pixkanaka, gogoeta eta errepikapen handiz, su txikitan egositako gauzak dira, eta su txiki horren ondoan egosi dira beste hainbat gauza: gure herriaren itxaropenak, desioak, balioak, kezkak, ardurak, pozak eta negarrak. Herri-jakintzan aurki ditzakegun balioak, giza duintasuna, komunitatearen lehentasuna, edo ohorea, emandako hitza, elkartasuna... Ez dut esan nahi bete-betean, guri-gurian, aurkituko ditugunik mitoetan, baina mitoak gure herriak izan duen gizabide horren beste isuri edo emari batzuk dira, mundu horren emaitza edo ekoizpena. Orduan balio digu giro horretara hurbiltzeko eta giro horretan sortzen ziren zapore edo usainak ulertzeko.

Gizabidea hitza darabilzu. Zein ziren lehen gizaki hobeak egiteko zeuzkaten bideak?
Gauza bakarra esango dut: uste dut horretarako lehen jendeak gaitasuna zeukala, gaur egun gero eta gutxiago daukaguna, norbere baitara begiratzeko. Esaldi borobila da [Jose Migel]Barandiaranek eman ziguna, nolabait esan, euskal pentsamenduaren eta euskal senaren hazia. Barandiaranen esana ondo aintzat hartu behar dugu, lan handia egin zuelako, eta ikerketan 60-70 urte egin arte ez zuelako hausnarketarik edo interpretaziorik plazaratzen. Ea gaur egun nork itxaron dezakeen hainbeste bere ikuspegia emateko. Berak esaten zuen esaldi borobil hori, “ez gara gure baitakoak”. Lehen jendeak bazeukan gaitasuna bere baitara begiratzeko.

Gaur egun, beharbada, geure burua ezagutzeko bideak edo teknikak bilatzen ditugu, gure ongizaterako, gizaki isolatu moduan. Baina mitoek beti erakusten digute osotasun handi baten parte organiko –eta ez mekaniko–garela.

Irudimenak lau fase dauzka. Lehenengoa da sistema psikosomatikoak egiten duena: nik orain ikusi egiten dut edalontzia, mahaia... Irudiak bere horretan pertzibitzea. Irudi horiek gorde daitezke memorian, oroimenean, eta handik ekarri, irudi horiek erakusten dutena aurrez aurre ez daukagunean; hori da bigarren maila, irudimentzat hartu ohi duguna. Hirugarrena: oroimenean eraldatu egin daitezke, irudiak nahasi egin daitezke, edota berriak sortu, baina beti aldez aurretik ezagutzen den horretan oinarrituz.   Eta bada laugarren maila bat, mitoekin lotuta dagoena. Lehengoek esaten zuten mitoetan dauden irudimenezko izakiak “irten” egiten zitzaizkiela, begitandu egiten zitzaizkiela. Hau da, aldez aurretik bertan izan gabe, edo norberak eragin gabe, gogora agertzen zitzaizkiela argi eta garbi. Lehengo jendea egon zen horretara irekiago: errealitatea begitandu egiten zitzaion, haiek ez zuten hainbeste irudikatzen. Ekintzaren subjektua oso bestelakoa da batean edo bestean.

Nola ikusten duzu gaur egungo gizartea? Jendeak  transzendentzia horren falta sumatzen du ala nahikoa zaizkio dauzkan erantzunak?
Aditu guztiek indikadore guztiekin erakusten dute. Gizakia gizaki da galdera handiak egiteko gai delako: nondik dator bizitza, nor nintzen jaio aurretik, zer dago heriotzaren ondoren... Bizitzako momentu edo gertakizunen arabera, edo adinaren arabera ziurrenik, erantzunak ez dira berberak, edo erantzunek ez gaituzte berdin asetzen. Baina galderak beti dira berberak, berdin da zein garaitan, zein tokitan, inork galdera horiek guri helarazi gabe, galdera horiek erne egiten zaizkigu. Horrek erakusten du antropologikoki, ontologikoki, gu irekita gaudela begi hutsez ikusten dena baino gehiagora. Beste kontu bat da gaur egun nola ohituta gauden galdera horiei erantzutera. Oro har ez diegu arretarik jartzen, ez zaigu interesatzen. Baina galderak egiteko gai gara, eta momentu batean galderak indar handiagoz hasten zaizkigu ate joka, ingurukoren bat galtzen dugunean, heriotzaren atarian... Gaur egun, zoritxarrez esango nuke, galdera unibertsal horien aurrean, gero eta erantzun indibidualagoak ematen dira. Galderak egiteko gai gara, baina erabaki dezakegu, baita ere, erantzunik ez ematea, edo erantzunak ez duenez galdera erabat asetzen, galderak zentzurik ez daukala esatea. Hori izango litzake jarrera agnostiko bat.

Begira, XX. mendearen punturik beltzenean egon zen autore bat, Viktor Frankl. Auschwitzen eta beste kontzentrazio esparruren batean egondakoa, bizirik irten eta konturatu zen jendea muturrera eramaten denean, bizirik eta bere onean jarraitzeko gai dela bere baitako aberastasunaren arabera. Muturreko egoeretan, fisikoki osasuntsu egotea baino gehiago, pertsonak behar duena da zentzuaren eremu horretara irekita egotea.

Gaur egun gauden puntuan egonik, zer egin beharko litzatekeela esango zenuke?
Uste dut antropologia berri bat behar dugula, gizakiaren gaineko ulermen sintesi berria, aurretik etorritako horri, azkenaldian bizkarra eman diogunari ere lekua eginda. Mundu hori baztertu beharrean, artikulazio egokiarekin, eguneratuta, sintesi bat, berriz ere su txikitan hori egosi. Berriz ere gai izan gaitezke berreskuratzeko koordenada horiek: gure itxaropenak, desiorik argienak, ametsak, maitasunak, gorrotoak egon daitezkeela adierazi sakontasun edo ortzimuga zabalagoen baitan... Zeren horrek ekarriko bailituzke galdera handiak, Immanuel Kantek-eta egiten zituztenak –zer jakin dezaket, zer egin dezaket, zer egin behar nuke, zer itxaron dezaket–, oso desberdin erantzutea.

"Gizakia gizaki da galdera handiak egiteko gai delako. Baina erabaki dezakegu erantzunik ez ematea, edo erantzunak asetzen ez gaituelakoan, galderak zentzurik ez daukala esatea"

Gaur egungo munduan: zer egin dezaket? Ikasi eta lanik ahalik eta egokiena izan. Zer egin beharko nuke? Ahalik eta oporraldi ederrenak izan eta erakutsi sare sozialen bitartez ahalik eta gehien. Eta zer itxaron dezaket? Ba ezer ez, bizitza hau ahalik eta gehien luzatzea. Oso ibilbide laburreko erantzunak dira.

Tolkienen inguruko tesia egin zenuen, filosofian.
Eraztunen Jauna eta haren inguruko legendarium oso bat idatzi zituen Tolkienek. Oxford Unibertsitateko irakasle izan zen. Katedra bi izan zituen, antzinako hizkuntzetan eta literaturetan aditu. Hogei bat hizkuntza zekizkien. Berak egin zuena izan zen literatura eta hizkuntza zahar horietan aurkitzen zuen zentzu gehigarri hori, zentzu liluragarri hori, esploratu. Zer izan zitekeen gaur egungo Atlantikoko kostalde honetan, eguzkia sartzen den tokirantz bizi den herrikoa izatea, pertsona izatea? Tolkienek egin zuena da gure Mendebaldeko zibilizazioaren iraganeko aro oso bat irudimenezko maila berri batean esploratzeko saiakera. Historiaren mailan ez da egia, baina irudimenaren mailan bai, sentsibilitate, sustrai, eta antzinako literatura eta hizkuntzetatik egiten den sintesi-saiakera berri bat delako.

Zeozer egon behar da haren lanean. XX. mendearen bigarren erdian gehien saldu eta irakurri zen liburua, edo gehienetarikoa, Eraztunen Jauna izan zen. Oso materialistak gara, eta kontxo, gehien irakurtzen dena horrelako liburu bat da. Zer dago liburu horretan? Badago zerbait. Diskurtsoaren bidez beharrean, erakutsi zuen artearen eta edertasunaren bidez. Sekularizazioarekin batera etorri zen, Max Weber eta horiek guztiak, liluraren galeraz, desliluratzeaz, hitz egiten zuten. Jatorrizkoan oso polita da, “abestitan edo hitz-harrigarritan sartu” esan nahi du. Kantatutako eta poesiaz jantzitako mundua liluragarria da, eta gu bizi ginen, gure aurrekoak bizi ziren, ahozko mundu batean, liluragarria den mundu horretan. Abesteari utzi diogunez, bihurtu garenez beste modu batekoak, munduak bere lilura galdu du. Baina gu, oraindik ere zorionez, liluratzeko gai gara. Irekita gaude horretara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak

Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.


2024-10-04 | Xalba Ramirez
Zergatik den Chill Mafiarena azken aldiko agurrik beharrezkoenetako bat

Agur Eta Ohore X Allá Va La Despedida
Chill Mafia
2024

---------------------------------------------------

Chill Mafiak inauguratu zuen aroak lurperatu du Chill Mafia. Denak ez duela zertan betirako iraun, hori argi baino argiago dugu. Eta hobe dela orain,... [+]


Joan-etorriko txartela

Itzulerak
Miren Agur Meabe
Elkar, 2023

--------------------------------------------

Iaz kaleratu zuen Miren Agur Meabek Itzulerak eleberria. Pertsonaia nagusiak gazteak direnez, gazte literatura dela esan genezake, baina literatura ona denean, gazte zein helduentzat da,... [+]


Atera kontua(k)

TABERNARIA. INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO BAT KAÑA
Egilea eta zuzendaria: Patxo Telleria
Aktorea: Mikel Martinez
Noiz: Irailaren 20an
Non: Biltxokon (Baiona)

--------------------------------------------------------

Bezeroak kontua eskatzen duenean izan ezik,... [+]


Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka iristear da

Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.


2024-09-30 | Bertsozale.eus
Eneritz Artetxe Eizagirre nagusi Hondarribian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena jokatu da gaur Hondarribiko Itsas Etxean. Artetxe, saioa irabaztearekin bat, final-laurdenetara sailkatu da.

2024-09-30 | Bertsozale.eus
Aitor Salegi Martijak irabazi du Andoainen
Azken aurreko final-zortzirena jokatu da gaur Bastero kulturgunean. Datorren larunbateko saioarekin osatuko da final-laurdenetako zerrenda. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.

2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Eguneraketa berriak daude