argia.eus
INPRIMATU
Garaiz alde egiten jakitea
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2024ko abuztuaren 28a

Badaude hitzak, formak, keinuak eta jarrerak gorputzean sartu eta handik irten ezin daitezkeenak. Gorputzean sartu eta bertan usteltzen direnak. Gorputza zulatzen dutenak. Gorputza deskonposatzen dutenak. Gorputza desagerrarazten dutenak. Eta akabo. Ezin daiteke deskonposatu den gorputz bat bere aurreko egoera batera itzuli. Ez berehala. Galeraren txanda. Kasurik onenean, konposta egoki egiten bada, eraldaketa dago horren ostean.

Ez da behar kanpo eraso fisiko bat gorputz bat ahultzeko, gaitasun hori daukate hitzek, formek, keinuek edota jarrerek. Burua eta gorputza ezinbestean daudelako elkarrekintzan; batak besteari eragiten dio. Ezin dira banatu.

Bizipen batzuek min handiagoa ematen dute gogoratzen direnean bizi izan direnean baino. Gogoratu, gorputzean zizelkatu diren marken bitartez eta traumatik gogoratzen direlako eta bizi, inertziatik eta normaltasunetik bizi direlako, ez sufritzeko beharrezkoa delako ez pentsatzea eta gertatzen ari dena zure buruari justifikatzea. Lagun batek behin esan zidan super botere bat aukeratu ahalko balu, lekuetatik garaiz alde egiten jakitea aukeratuko lukeela. Ez luzatu txiklea eta zaindu zeuen buruak.