argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Arreta hezten
Diana Franco Eguren 2024ko uztailaren 24a

Ez dut oso argi gure bizitzak gidatzeko, banaka, botere nahikoa dugun, baina saiatzen jarraitu behar dugula bai. Taldean gauza asko egin badaitezke ere, egunero gure buruarekin borroka bakartia dugu aurrera egiteko. Gizaki gehienok, bizitzea den norabide bakarreko ur korrontearen gainean mantentzen ematen dugu denbora. Mantentze hori, gure, gizakion, zibilizazioan ezagutza metatzen den heinean konplexuagoa egiten dela iruditzen zait, gero eta aldagai gehiago kontuan hartu behar direlako bizitza modu duinean bizitzeko. Baina bada konplexutasuna ulertzen eta nabigatzen dakienik, metatutako ezagutza hori guztia baliatu dezakeenik bizitza hobe baterako bidean; puntu horretara heltzea ez da erraza, norberarengandik hasi eta besteekin eraikitzen joan gaitezke.

Udako hilabeteak opor garaiak dira batzuentzat, beharbada oporraldia txikia da, atseden hartzeko merezitako tartetxoa. Garai honetan konplexutasuna kudeatzen lagunduko digun jokabide bat geureganatu dezakegu: pantailei ematen diegun arreta heztea. Jokabide aldaketa bat ez da egun batetik bestera ematen, batez ere pantailekin eta digitalizazioarekin, gaur egun gure bizitzetan oso korapilatuta baitaude. Baina pixkanaka-pixkanaka, pantailak bigarren leku batean uzten saia gaitezke, eta beste jarduera batzuk egiteko pausoak eman ditzakegu. Aldaketa hau gauzatzeko jarraitu ohi ditudan estrategiak nahiko begi-bistakoak dira: banaketarena batetik, hau da pantailak lanerako, kudeaketarako eta sorkuntzarako eta jolasa, harremanak eta gozamena gorpuzten saiatuta. Tarteak bilatzearena bestetik: inguruan arreta behar duten pertsonak daudenean, eguneko ordu batzuk ematen dizkiet pantaila bidezko eginbeharrei, ingurukoak nire beharra ez duten orduak. Eta noski, denetan eraginkorrena, jarduera murriztea da, duzun atseden tarte txiki hau gozatu, pantailak itzali eta korronteak ez dezala zure opor denbora eraman!