“Sareak ehuntzea da garrantzitsuena, laguntza eskaini eta batera lan egitea. Lehentasuna orain bizirautea da”

  • Genero eskubideen urraketaren inguruan mintzatu gara Silvina Molina kazetariarekin. Télameko (Argentinako albiste agentzia publikoa) Generoen eta Aniztasunen ataleko editorea zen Molina, Javier Mileiren gobernuak martxoan agentzia itxi zuen arte. Kazetaritza, inklusioa eta generoari buruzko liburuak idatzi ditu, komunikabide eta erakunde publiko zein pribatuak aholkatu ditu eta komunikazio eta genero alorreko aholkularia da nazioarteko erakundeetan. 2007az geroztik kazetari feministen sare nazional eta nazioartekoko kidea da.

Argazkia: Télam

2024ko uztailaren 24an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nolakoa da kazetari izatea Argentinan?
Kazetaritza egitea zaila da orain, bereziki genero kazetaritza. Genero desberdintasunak ukatzen ditu gobernuak eta behin eta berriz erasotzen digu. María O'Donnell kazetaria presidentearen erasoen jomuga izan da askotan; "character assassination" (erreputazioaren hilketa) deitzen dio horri, eta nik ere antzeko zerbait pairatu dut. Télam utzi nuen, Latinoamerikako agentzia zaharrenetako bat, Mileik aurten itxi duena. Orain, nire kazetari rola berraztertzen nabil, testuinguru berria ulertzen saiatzen eta nola jarraituko dudan erabakitzen.

Nola egiten diozue aurre egoera konplexu honi emakume kazetariek?
Politikariek eta kazetariok egoera honetara nola iritsi garen aztertu beharra daukagu: zer egin den oker eta zer zuzen. Ondo egindakoa aitortu beharra dago, gertatu den aldaketa kulturala alajaina. Horri esker, Juan Darthés aktorea eta José Alperovich gobernadore ohia bortxaketagatik kondenatuak izan ziren. Pedro Brieger kazetariaren jazarpenaren biktimak babestu genituen kazetariok, hemeretzi biktimek hitz egin zuten. Ordura arte pentsaezina zen hori.

Zein da orain estrategia?
Indarkeria jasaten duten emakume, nerabe eta haurrak babesteko politiken gabezia da egunotan salatzen ari garena. Feminizidioak eta estatuaren laguntza falta aipatzean, gobernuko trollen erasoak berehalakoak dira sare sozialetan. Gobernu nazionalaren babesa eskasa da probintzietan eta bertan jarduten duten emakume kazetariekin sareak ehuntzea da garrantzitsuena, laguntza eskaini eta batera lan egitea. Lehentasuna orain bizirautea da.

Nolakoa da feminismoaren egoera Argentinan?
Gobernuak genero ikuspegiarekin lotutako arloak itxiko zituela jakitera eman zuenean berehala heldu zioten gaiari eta 300 erreferente feminista nazio mailako kongresuan bildu ziren. Mugimenduaren indarra nabarmendu zuen horrek, koordinazio gaitasunaren erakusgarri aparta. Urrian Emakume Plurinazionalen Topaketa izango da eta funtsezkoa izango da mugimendu feministarentzat. Itxaropentsu gaude 35 urtetan ekimen garrantzitsuen iturburu izan delako: zapi berdeen mugimendua eta abortuaren legalizazioaren aldeko ekimenen jatorria izan zen.

Télam agentzian lan egiten zuten emakumeen protesta, agentziaren itxieragatik. 2024ko martxoaren 8an. Argazkia: Télam

Genero Indarkeriaren Azpibatzordean egondako kaleratzeen ostean informazio gehiago eskatzen duen ekintza judizial kolektiboa aurkeztu berri da, gobernuaren aurka.
Mileiren gobernuak itxitako Emakumeen, Generoen eta Aniztasunen Ministerioaren azken aztarna zen azpibatzordea –genero indarkeriari buruzko legeria ezartzen zuen erakundea–,  baina orain langileen %85a kaleratu dute, burua zen Claudia Barcia fiskala barne. Ez dakigu politika horietaz arduratzen den erakunderik dagoen gaur egun. Argentinak nazioarteko genero eta berdintasun eginkizunak urratzen ari dela dirudi, baita gure konstituzioak jasotzen dituenak ere. Egoera kezkagarria da gobernuak ez duelako informazio argi eta koherenterik helarazten eta horrela, oso zaila delako gertakizunen jarraipena egitea. Benetan, ezohikoa da egoera hau.

Ekimen judizialak eskatzen duen bakarra informazio gehiago al da?
Informazioa eskuratzeko lege bat dugu Argentinan, informazioa lortzea bermatzen duena. Informaziorik ez dagoenez, errekurtso garrantzitsua da. Hainbat erakunde horretara jotzen ari dira, behar bezala informatzeko eskatzeko.

Eta zer dio oposizioak?
Kongresuak gogorarazi beharko luke legeak bete behar direla, baina ez du egiten. Egoera zehatz honi konponbidea aurkitzeko asmoa duen oposizio politikorik ez dago momentuz. Uste dut feminismoa eta emakumeen erakundeak askoz azkarrago mugitu direla arlo honetan.

Eta horrek guztiak tentsioa eta gorrotoa areagotu ditu gizartean.
Presidenteak eta bere bozeramaileek hizkuntza bortitza eta diskriminatzailea  erabiltzen dute emakumeen,  aniztasunen, ahalmen urritasuna dutenen, pertsona arrazializatuen eta indigenen aurka. Herrialdeko agintari nagusiak diskurtso iraingarri hori erabiltzeak eragin du biztanleriaren sektore jakin batek diskurtso hori bidezkotzat hartzea. Gainera, hizkera bera darabilten influencer-ak gonbidatzen dituzte (gizonezko kazetariek, batez ere) ohiko hedabideetara, eta kazetarien moderazio egokirik gabe, pentsaera horrek hedatzen jarraitzen du. Erronka nagusiena da gizarte gisa nola berrelkartuko garen eta zelan egingo diogun aurre diskurtso horri. Erantzukizun guztia mugimendu feministaren esku ezin da utzi, baina beharrezkoa da komunikazio estrategiak birpentsatzea eta aztertzea zergatik diskurtso diskriminatzaileekin identifikatu diren hainbeste lagun.

Pertsona horiek elkarrizketarako gogoa dute?
Ez dut uste. Diskurtso automatizatua eta estatikoa dute, oraingoz oso zaila da elkarrizketa sortzea, baina hori izan beharko litzateke gure helburua.

Oso mediatiko bihurtu da 5 urteko Loan haur desagertuaren kasua. Pertsonen salerosketa sare batek bahitu duela uste da.
Loanen kasuarekin lotutako fake new batek zioen salerosketaren aurkako lege bat behar genuela, baina Argentinak badu lege hori. Gobernu berria sartu zenetik, pertsonen salerosketaren aurka lan egiten duten taldeak desintegratzen ari dira. Ez dakigu non dagoen Loan. Lehen, ume bat desagertzen zenean, sistema oso bat artikulatzen zen. Orain, haurtzaroaren organismo nazionalik gabe, ez dakigu koordinazioa nola kudeatuko den. Kasu honek agerian utzi du gobernu nazionalak ez duela kudeatzeko esperientziarik. Haien ideia politikoetatik haratago, hori da arazo handienetako bat.

Argazkia: Télam

Zer gertatu da genero-indarkeriaren biktimei babesa eta laguntza emateko politikekin?
Doako babes juridikorako Micaela Legea ez dago martxan. Probintzia batzuetan eta Buenos Airesen 144 linea-telefoniko propioak dituzte, baina estatuko gainerako probintzietan ez, eta horrek erasotzaileak adoretu ditzake. Gizarte erakundeek bere gain hartu dute emakume mehatxatuen laguntza, baina eskariak gora egin du eta nazioarteko finantzazio bila dabiltza. Gainera, estatuko trans kupoaren legea ez da errespetatu eta kaleratzeak gehitu dira.

Eta abortuaren eskubidea?
Abortatzeko eskubidearen aurka azaldu da beti Milei. Gaia eztabaidatzeko proiektua aurkeztu zuen, baina gobernuak ez zion lehentasunik eman. Osasun Ministerioa da abortatzeko aukera bermatzeko materialak eta prestakuntza ematen dituena, baina gobernu berria dugunetik ez dago halakorik. Ez dakigu zenbat material dagoen erabilgarri, ezta noiz arte bermatu ahal izango den abortuaren praktika. Presidentea eskubide horren aurka egotea mehatxu isil, baina irmoa da.

Herrialdeko genero-mapari eusten al zaio?
Lehen, Emakumearen Ministerioak biltzen zituen arlo guztiak, baina itxi zenetik ez da horrelakorik egon. Genero Berdintasunerako eta Emakumearen Ahalduntzerako Nazio Batuen Erakundearen agentziak eta Nazio Batuen Populazio Funtsak hainbat baliabide jarri dituzte erakunde feministen eskura eta laguntza sare berri bat sortu. Duela gutxi egin dute lehendabiziko bilera Buenos Airesen, eta oso ondo joan da, ikusmin handia dago.

Milei bozkatu duten emakume feministen testigantzak biltzen ari dira.
Bai, hala da. Feminista direla dioten hainbat emakumek Mileiri eman zioten boza. Zatiketa honetan, feministok elkarrizketarako eta gizarte gisa berrelkartzeko giltza daukagu. Agian, feministok elkartuko bagina, hor aurkituko genuke elkarrizketarako gune bat. Gizon gazte askok Milei bozkatu dute, baina abortuaren inguruan hitz egin dugunean, gobernuarekiko ezberdintasunak erakusten dituzte. Puntu hori, emakumeenganako indarkeria, feminizidioak edo haurtzaroarekiko abusua, benetan hurbiltzen gaituzten gaiak dira.

Nola irudikatzen duzu Argentinako egoera sozioekonomikoa etorkizunean?
Egoera analizatzea zaila da, prozesatzen nabil. Biztanleriaren ehuneko handi batek Milei aukeratu zuen. Boto-emaile horiek ez ditugu entzun orain arte, agian kasu gutxi egin zaie eta Milei ordezkari gisa ontzat eman dute. Ez naiz baikorra Argentinako egoerari dagokionez, ezta gobernu taldearen politika bortitzei dagokienez ere, baina feministok eraikitzen ari garen indarrari dagokionez, bai, gehien behar dutenak babesteko, gure bidea birpentsatzeko eta elkar laguntzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argentina
2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


Materialismo histerikoa
Saldu

Maiatzaren 25ean Aberriaren Eguna izan zen. Argentinan. Bere aberria izugarri maite duen presidentea dute orain han, eta munduan barrena dabil hango berri emanez. Pasa zen Espainiatik ere, “Europa Viva 2024” enkontru satanikora joateko. Barregura ematen zuten haiek,... [+]


2024-05-17 | Gedar
Argentinarren ia %60 daude pobrezia-atalasearen azpitik

Azken hiru hilabeteetan %8 igo da tasa: 3,5 milioi pertsona gehiago daude pobreziaren mugaren azpitik. Mileiren neurriak txalotu ditu Nazioarteko Diru Funtsak, langileen pobretzea handitzen den bitartean.


Materialismo histerikoa
Espantua

Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide... [+]


Argentinako justiziak bertan behera utzi du Mileiren lan erreforma

Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.


“Shock” bat beharrezkoa dela adierazi du Mileik presidente kargua hartzeko ekitaldian

Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.


2023-12-04 | Leire Artola Arin
Argentinako Mileiren gobernu berria: neonaziak, diktaduraren zuritzaileak eta familia

Abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua Javier Milei ultraeskuindarrak, eta hautatu dituen gobernukideak zeresana ematen ari dira: Rodolfo Barra estatuko abokatuen buru izango da, iragan nazia duena; Patricia Bullrich, Segurtasun ministro; María Eleanora... [+]


2023-11-20 | Leire Artola Arin
Milei Argentinako presidente berriak dio ez dela “epelkerietan” ibiliko

Javier Milei ultraeskuindar eta ultraneoliberalak egiturazko aldaketak iragarri ditu, esanez ez dagoela “erdibideko neurrientzat lekurik”. Sergio Massa peronistak botoen %44 eskuratu ditu eta espero gabeko porrota onartu du.


2023-11-15 | Ixone Santamaria
“Dekadentzian dagoen aristokrazia argentinarraz asko hausnartu dut filmean”

Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan Horizontes Latinos saileko irabazlea izan den El Castillo (Gaztelua) filma zuzendu du Martín Benchimolek (Buenos Aires, Argentina, 1985). Pelikulak protagonista ditu haien burua antzezten duten Justina eta Alexia ama-alabak, zeinak... [+]


Argentinaren aienea

Nola jakin zenuen Argentinan hauteskundeak zirela? Javier Milei ero baten bideo biralizatuari esker izan zen? Noiz utzi genion Hego Amerikako politikari begiratzeari? Noiz erabaki genuen geure lekua Europa zela? Argentina krisiengatik iristen zaigu, edo politikari ero bat... [+]


Materialismo histerikoa
Konponbideak

Argentinako politikan interesa duen edozein ezkertiarrentzat, gau beldurgarria zen joan den igandekoa. Hauteskundeak egin zituzten. PASO esaten dieten primarioetan erein zen beldurra, ultraeskuina bere bertsio eroenean garaile atera zenez. Dardaraka bildu ginen bakoitza bere... [+]


2023-10-23 | ARGIA
Hauteskundeak
Massa peronistak ezustean irabazi du lehen itzulian, Milei ultrari aurrea hartuta

Sergio Massa Unión por la Patria alderdiko kideak, jarduneko Ekonomia ministroak, irabazi du Argentinako hauteskundeen lehen itzulia. Ezustekoa izan da, inkesten arabera Javier Milei ultraeskuindarra izango baitzen bozkatuena. Lehenak botoen %36,64 jaso du, eta bigarrenak... [+]


Eguneraketa berriak daude