argia.eus
INPRIMATU
Kultura grekoaren seme-alabak gara?
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko uztailaren 24a
Aktiumgo Itsas Guduak markatu zuen helenismoaren nagusitasunaren amaiera. Eta duela mende erdia, Arnaldo Momiglianok kultura grekoaren eraginaren mugak azaldu zizkigun.
Aktiumgo Itsas Guduak markatu zuen helenismoaren nagusitasunaren amaiera. Eta duela mende erdia, Arnaldo Momiglianok kultura grekoaren eraginaren mugak azaldu zizkigun.Carole Raddato

Anbraziako golkoa (Itsaso Jonikoa). K.a. 31ko irailaren 2a. Aktiumgo itsas guduan garaipena lortu eta Egiptoren gaineko kontrola ziurtatu zuten erromatarrek. Horrenbestez Mediterraneoko hegemonia grekoa amaitutzat jotzen da data horretan, baina eragin helenikoak gaurdaino iraun du. Arnaldo Momigliano (1908-1987) historialariak duela ia mende erdi idatzitako Alien Wisdom: The Limits of Hellenization (1975) lanaren hasieran zioenez, “homo europaeus arbaso helenikoek intelektualki baldintzatzen dute gaurdaino”. Lan hura italierara itzuli zuten 1980an Saggezza straniera. L’Ellenismo e le altre culture izenburupean. Eta 1988an titulu hau jarri zioten gaztelaniazko itzulpenari: La sabiduría de los bárbaros: los límites de la helenización. Arrotz, atzerritar eta barbaro hitzak sinonimotzat jo daitezke kasu honetan, jatorri grekoa duen barbaro hitzak horixe esan nahi baitzuen: arrotz, atzerritar. Baina Grezian bertan, eta geroago eta areago Erroman, hitzak kutsu despektiboa zeukan, haien ustez inguruko kulturekiko zeukaten nagusitasuna agerian utzita.

Baina Momiglianok bere lanean, helenismoaren eragina ukatu gabe, beste kultura batzuekiko harremanak lantzen ditu: erromatarrak, zeltak, juduak, egiptoarrak, pertsiarrak… Eta ondorioztatzen du zenbaitetan, eragin grekoa ez zela uste bezain sakona izan, judaismoan esaterako. Greziar pentsamenduak azaleko eragina izan zuen judaismo itxian. Eta, gainera, erromatarren presiopean helenismoa disolbatu zen arren, hebrear kulturak bizirauteko gaitasuna izan zuen.

Eta beste kasu batzuetan, eragina ere kontrako norantzan esanguratsua izan zela dio Momiglianok. Persiarrei dagokienez, aspalditik gainera. K.a. VI. mendean persiarrek Lidia eta Jonia mendean hartu zituzten, eta bi kulturen trukea ahalbidetu zuen horrek. Hala, Momiglianok dio persiarren eragina nabarmena dela, esaterako, Heraklitoren justizia kontzeptuan edo Anasimandroren astronomian, eta pentsamendu filosofikoaren jaiotzan Zaratustrak zeresana izan zuela.

“Guztiak greziarrak gara” zioen Percy Bysshe Shelley poetak. Arnaldo Dante historialariak, aldiz, harreman kulturaniztunetatik jaio ginela azaldu zigun.