argia.eus
INPRIMATU
Jarrera baikorrak areagotzearen beharra
  • Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean, Iruñean egindako Gero eta aldeko gehiago Nafarroan izeneko jardunaldietan.

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 24a
Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan, %30 alde agertu da, %33 ez alde ez kontra eta %37 kontra. Argazkian, Hordago! herri ekimenak 2022ko urriaren 22an Tuteran deitu zuen manifestazioa. Euskararen alde eta Nafarroa hizkuntza-eremuetan banatzea
Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan, %30 alde agertu da, %33 ez alde ez kontra eta %37 kontra. Argazkian, Hordago! herri ekimenak 2022ko urriaren 22an Tuteran deitu zuen manifestazioa. Euskararen alde eta Nafarroa hizkuntza-eremuetan banatzearen aurka bildu ziren euskaltzaleak. Argazkia: IƱigo Uriz / Foku.

Datu kezkagarriak mahaigaineratu ditu Euskaltzaleen Topaguneak: euskarak aldeko gehiago behar ditu. 2021ean egindako inkesta soziolinguistikoek adierazten dute Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan, %30 alde agertu zela, %33 ez alde ez kontra eta %37 kontra. Horrek eta euskararen erabilera “kamutsak” kezka eragin dute Euskaltzaleen Topagunean. Horregatik, euskara indarberritzea dute helburu. Oskar Zapatak, Topaguneko Nafarroako zuzendariak, nabarmendu du horretarako “garrantzi handiko” faktore bat dela “gizartearen gehiengoaren babesa” izatea. Hortaz, azken urteetan euskararen aldeko jarrerak aztertzen aritu dira.

Horretarako, 2021ean, hamaika pertsonez osaturiko giza talde bat osatzea erabaki zuten: herena euskalgintzari lotutako profesionalak izan dira, eta bi heren, hortik kanpo lan egiten duten euskaltzaleak; hala nola soziologoak, kazetariak, idazleak eta antropologoak. Bi urtez aritu dira euskararen bueltan sortzen diren “gatazka nagusiak” aztertzen. Zenbait talka eta afera identifikatu dituzte; hala nola %60k ez duela kontakturik euskararekin, D ereduan erabilera “eskasa” dela eta ikasgelatik kanpo kontaktu “gutxi” dutela ikasleek euskararekin; klase arrakalak “eragin handia” duela, euskal komunitatearen “homogeneotasuna”, zonifikazioaren ondorioak, legearen mugak, nazio identitateen arteko talkak eta suminak.

Talde horren bidez, zenbait xede adostu dituzte: gaur egun gizartearentzat diren mezuen ildo diskurtsiboak eta argudio osagarriak eskaintzea eta gizarteratzea; euskara sustatzeko jardunbide egokien inguruan gogoetak eskaintzea; errealitate soziolinguistikoan eragitea; euskararekiko interesik ez dutenak edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzea; konplize berriak erakarriz aliatuen sarea handitzea, eta euskara indarberritzeko neurri eraginkorren inguruko adostasun sozio-politikoak lantzea. 

Ordutik ekintza ugari egin dituzte: 2021eko udazkenean 100 bat lagunek parte hartu zuten jardunaldiak antolatu zituzten. 2022ko udaberrian 25 lagunez osaturiko kontraste foroak egin zituzten eta 2023ko hasieran hamasei lagun erdaldunez osaturikoak; besteak beste, Nafarroara etorri berriak, gizarte mugimenduetako kideak, Erriberakoak eta Iruñerrikoak. 2023ko martxotik aurrera banan banako jarduerak egin dituzte eragile sozio-politikoekin. Eta azkenik, aurtengo apirileko jardunaldiak. 

Ideia gako “osagarriak”
Bertan jasotako informazioarekin Gero eta aldeko gehiago gizartean txostena argitaratu dute. Iñaki Sagardoik, Topaguneko langile ohiak eta proiektuko kideak, nabarmendu du euskararen aldekoa den gizataldetik haratago dagoen gizartearen zati bat “konplize” bilakatzea dutela helburu: “Gure asmoa da erabilgarri eta osagarri izan daitezkeen ideia gakoak eskaintzea. Ez gatoz orain arteko praktikak ordezkatzera”. 

Horretarako berdintasunean, aniztasunean, jasangarritasunean eta zaintzan oinarritutako zenbait ideia gako proposatu dituzte. Euskara sustatzea “aniztasunaren” eta “aberastasunaren” aldeko eta “uniformitatearen” kontrako hautua egitea dela azpimarratu du Sagardoik.

Zapatak gaineratu du euskararen sustapenak tokian tokiko ekonomia “garatzen” laguntzen duela sustapenari eta kulturari loturiko lanpostuak eta enpresak sortzen dituelako eta antolatzeko modu berriak eskaintzen dituelako: “Horrek guztiak aberastasuna ekartzen dio Nafarroari”. Horrekin batera, euskal komunitatea “irekia” dela dio: “Zure modura izan zaitezke euskaldun eta bestelako kulturetatik aberastu eta identitateekin osatu”. 

Hezkuntzak duen garrantziaz ere mintzatu dira, eta Sagardoik azpimarratu du hezkuntza integrala izan behar dela, eta horretarako, euskara curriculumean egon behar dela: “Herritar guztion eskubidea da euskara sustatzea”. Horrekin batera, herritar guztiei aukera berdinak eskaintzeko euskararen ezagutza bermatuko duen “eredu unibertsal bat” proposatzen dute. Hori lortu bitartean, zenbait neurri hartu daitezkeela uste dute. Esate baterako, gaur egun euskara eskaintzen duten ereduak “kalitate handikoak” izatea nahi dute. Horrekin batera, A ereduaren helburua euskararen ulermen maila altua eta hitz egiteko gutxieneko gaitasuna bermatzea izan beharko litzatekeela diote. Horrez gain, euskararekin kontakturik ez duten eskualde eta eskoletan aldekotasuna handitzeko lagungarria izan daitekeela diote.

Bizikidetzaz ere mintzatu dira; izan ere, antolatzaileen arabera, euskara biziberritzeko prozesuetan gatazkak egon badaude, eta “naturala” da. Horiei aurre egiteko euskararen mesederako neurri “sustatzaileagoak” hartu beharko liratekeela uste dute: “Nafarroan euskara eta gaztelania hizkuntza propioak izanik, aurrekoa bermatzeko biek estatus bera eduki beharko lukete”. Horretarako elkarbizitzan oinarrituriko neurri “demokratikoak” behar direla uste dute.

Tokian tokiko neurriak
Nafarroa zabala da oso, eta euskararen egoera ez da berdina Bortzirietan, Iruñean edota Erriberan. Cristina Osesek, Azkoiengo (Nafarroa) soziologoak, nabarmendu du euskarara hurbiltzeko estrategiak lantzen direnean tokian tokiko errealitateei erreparatu behar zaiela: “Erriberan ez da euskara hitz egiten eta erabiltzen, eta ez da bizi gatazka bezala. Gehiengoari ez zaio axola, eta alde egon arren, ez dute deus egingo”. Hori dela eta, uste du “zailagoa” dela zenbait diskurtso barneratzea. 


Erriberan zailtasun handiagoak badituzte ere euskarara eta euskalgintzara hurbiltzeko saiakera ugari egin ditu. Hala ere, sentitzen du euskaltegian izena eman arte ez dela bere jarrera kontuan hartu: “Helburu xeheagoak ezartzea euskara despolitizatzea dela esatea akatsa da. Uste dut horrela politizatzen ari garela”.


Betidanik mugimendu euskaltzalearen parte izan bada ere, apenas izan duen komunitate euskaldunik. Halere, uste du urteekin hori aldatzen ari dela eta komunitatea indartzen ari dela: “Horretarako gurasoek euskararen alde militatu behar dute eta euskarazko aisialdi espazioak sortu behar ditugu”. 

 

 


Marina Massaguer, soziolinguista

“Bizi baldintza duinik gabe, oso zaila izanen da katalana bere egitea”

Argazkia: Toni Jover.

Katalanarekiko interesik ez dutenen inguruan aztertu du Marina Massaguer filologoak eta soziolinguistak (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1982), eta azpimarratu du katalana nagusi den sozializaziorako espazio “ireki” eta “horizontalak” sortzea “ezinbestekoa” dela: “Interes komunak bilatu behar ditugu, lortu behar dugu jendea sozializazio espazioetara gonbidatua sentitzea eta jendeak horiekiko interesa eta erakargarritasuna izatea”.

Diskurtso instituzionaletatik urrundu, eta katalanarekiko interesik ez dutenengan arreta jartzeko eta ikertzeko beharra identifikatu du Massaguerrek. Interesik ezaren zergatiak aztertu, eta No-catalanoparlants a Catalunya: identitats socials, desigualtats i llengua catalana (Katalanak ez diren hiztunak: identitate sozialak, berdintasunik ezak eta katalana) tesian jaso ditu. Nabarmendu du bizi baldintzek eta sozializaziorako espazioek eragin “handia” dutela hizkuntza berenganatzeko orduan. Iruñean izan zen Euskaltzaleen Topaguneak apirilean antolaturiko Gero eta aldeko gehiago jardunaldietan.

Zergatik erabaki zenuen katalanarekiko interesik ez dutenen inguruan ikertzea?
Tarragonako Udaleko politika linguistikorakora zerbitzuan lan egiten nuen lehen. Hori dela eta, katalanaren inguruan sentsibilizatzeko tailerrak egin nituen Tarragonako kanpoaldeko eskoletako garbitzaileekin. Oso diskurtso instituzionala nuen, eta bat-batean hitz egiteari utzi, eta debaterako espazioa sortu nuenean azaltzen hasi ziren zer-nolako bizi esperientziak eta baldintzak izan dituzten, eta nola iritsi ziren Tarragonara. Orduan ikusi nuen euren lekuan egongo banintz ez nukeela katalana ikasiko eta diskurtsoa ez zela guk nahi genuen helmugara iristen. Hortik urte batzuetara, doktoretza egin nahi nuenean, egun horretako oroitzapena desblokeatu nuen, eta ikusi nuen politika soziolinguistiko berriak sortzearekin batera, ongi ezagutu behar dugula mezuaren hartzailea.

Oso profil konkretutik abiatu zinen, baina gero zabaldu egin duzu. Zein profil mota identifikatu dituzu?
Bi talde nagusitan banatu ditut. Alde batetik, ikuspegi administratiboa kontuan hartuta espainolak direnak, eta bestetik, nazioartekoak. Espainolen kasuan Kataluniara iritsi ziren urteen arabera sailkatu ditut: 1950 eta 1960 urteen artean lan egiteko iritsi zirenak, 1970 eta 1990 urteen artean ikastera iritsi zirenak eta Katalunian jaiotakoak; hau da, aurrekoen oinordeak. Nazioartekoei dagokienez, jaioterriaren arabera sailkatu ditut, hala nola Indiakoak, Australiakoak eta Pakistanekoak dira. 

Zer-nolako faktoreek eragiten dute hizkuntza ikasteko interesik eza?
Ez dute interesik baliabide materialekin, sozialekin eta sinbolikoekin pozik daudenek; hau da, behar duten dirua edo lana daukatenek, sozializatzeko espazioak dituztenek eta prestigio soziala dutela sentitzen dutenek. Adibidez, Ingalaterratik datorrenak oso erreminta baliagarria dauka: ingelesa. Ingeleseko eskolak eman ditzake, aurreztu dezake eta bere akademia sortu. Erabaki dezake zein espaziotan ibili, baliabide asko dituelako, eta ziurrenik katalan hiztuna den kide bat izanen du kontu burokratikoak egiteko. Pertsona horrek ez du katalana behar, alternatiba asko ditu. Tesirako elkarrizketatu dudan pertsona baten kasua da. 

Eta kontrakoa?
Ikusi dut katalana ikasi nahi dutenak direla baliabide materialak, sozialak eta sinbolikoak ez dituztenak; hau da, lan hobea eskuratu nahi dutenak, katalanez funtzionatzen duten espazio sozialetan sartu nahi dutenak eta katalan sentitu nahi dutenak. 

Hala ere, nahia ez da aski. Zergatik ezin dute batzuek?
Baliabide ekonomiko urriagoak dituztenek ikasteko zailtasun handiagoak dituzte, katalanez egiten den espazioetara sartzea zailagoa delako eta ezin dutelako aukeratu zein eremutan ibiliko diren. Adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasten ari den Indiako neska bat elkarrizketatu dut. Institutuan, gehienak Bangladeshekoak edo Pakistanekoak dira. Azkenean, inguru horietako hizkuntzetan hitz egiten dute. Neska horrek katalana eta gaztelania nahasten ditu, eta esaten du ikasi nahiko lukeela, baina ez duela norekin hitz egin.

“Baliabide ekonomiko urriagoak dituztenek ikasteko zailtasun handiagoak dituzte, katalanez egiten den espazioetara sartzea zailagoa delako”

Horregatik, esaten duzu beharrezkoak direla sozializazio espazioak sortzea?
Bai. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Kataluniara iritsi ziren pertsonen ibilbideari erreparatzen badiogu, ikusi dezakegu ez zutela katalana bere egin, baina bere seme-alaba eta bilobek bai. Hau da, familia proiektuak goranzko norabidea izan du. Pertsona horiek oso egoera prekarioan iritsi ziren, baina lan bat lortu eta familia proiektu bat sortu zuten. Ez dute katalana ikasi behar izan, baina bazekiten euren seme-alabek bestelako lanak lortzeko aukerak izanen zituztela ikasiz gero. Orduan, horretaz arduratu dira eskolatzearen bidez. Lantokiei, elizei eta sindikatuei esker, harreman estuak sortu zituzten katalan hiztunekin. 

Nola eragin die horrek?
Horri esker, hizkuntza irisgarriago da, hizkuntzarekiko interesa eta ikasteko gogoa pizten dira, hobeto ulertzen dute eta dinamika soziolinguistikoen inguruan katalan hiztunek dituzten ikuspuntuak ezagutzeko aukera daukate. Hau da, ez baduzu harremanik hizkuntza gutxituak hitz egiten dituztenekin, soilik hizkuntza hegemonikoen diskurtsoa izanen duzu; gaztelaniarena, kasu. Horrez gain, talde horietan dauden pertsonekin identifikatzen lagundu daiteke. 

Helburua lortzera bidean zein erronka identifikatu dituzu?
Lehenik, interes komunak bilatu behar ditugu. Lortu behar dugu jendea sozializazio espazioetara gonbidatuta sentitzea eta jendeak horiekiko interesa eta erakargarritasuna izatea. Horrez gain, oso ohikoa izaten da identifikatzen dugunean norbaitek ez dakiela katalana galdetu gabe gaztelaniara pasatzea zuzenean. Gainera, batzuetan jarrera arrazisten ondorioz zuzenean gaztelaniaz egiten diegu katalana dakiten pertsonei. Katalana ikasi nahi duen norbaiti eskaini ahal diozun onena katalanez hitz egitea da. 

Nolakoak izan behar dira sozializazio espazio horiek?
Benetan irekiak eta horizontalak diren espazioak izan behar dira. Lehen naturalago sortzen ziren espazioak ziren, baina orain geroz eta biztanleria zabalagoa daukagu, eta geroz eta aisialdi eredu indibidualagoak ditugu. Horregatik, espazio horiek sortu behar ditugu. Askotan esaten dut castell delakoak [giza dorreak] potentzial handiko espazioak direla. Halere, ez dira mundu guztiarentzat erakargarriak; horregatik, abesbatzak, antzerki taldeak eta bestelako espazioak sortu behar ditugu. Katalana ikasteko gauzak egitea baino, gustuko ditugun gauzak egin, eta aldi berean, hizkuntza ikastea da helburua. 

Tesian nabarmentzen duzu horretarako bizi baldintzak kontuan hartu behar direla. 
Bizi baldintza duinik gabe, oso zaila izanen da katalana bere egitea. Bizi baldintza duinak lortzen baditugu, errazagoa izanen da elkarrekin lan egin, eta espazio horiek guztiak sortzea. Ezin ditugu politika linguistikoak modu isolatuan landu, eta bazter batean utzi gizarte eredua. Etxebizitza, hezkuntza, osasun eskubideak eta beste eskuratzeko irisgarritasunik eza kontuan hartu behar ditugu.