argia.eus
INPRIMATU
Holokausto, apartheid, ‘nakba’
Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko uztailaren 24a

Estatu palestinar bat, bi estatu edo batere ez. Horiek dira Palestinako gatazkaz aritzean irudikatzen diren irtenbideetakoak. Egungo Gazak eta Zisjordaniak osa dezakete Palestinako Estatua; edo izan daiteke Zisjordaniako A eremua bakarrik –Palestinako Agintaritzako kontrolpeko eremua–, lurralde horretako %18ko azalera hartzen duena; edo palestinarrak eta israeldarrak hartuko dituen estatu bakarra. Eta beste hainbat molde ere ehun daitezke, baina joan den astean Israelgo Parlamentuak esan zuen ezetz, palestinarrek ez dutela estatu bat izateko eskubiderik, eta aukerarik ere ez. Errealismo gordina, ez AEBen edo Europar Batasunaren nahaste-borraste konplizea.

Ez da berria, jakina, 1948tik sionismoa lantzen ari den estrategia da, Israelgo gizartean gero eta proiekzio handiagoa duena: Eretz Israel edo Israel Handia, Jordan Ibaitik Mediterraneorainoko Estatu Judua, edo gehiago, 2018an Knessetak –Israelgo Legebiltzarrak– Israelgo Oinarrizko Legearen bidez modernizatutako ikuspegia. Eta 2022an eratu zen Benjamin Netanyahuren koalizio gobernuaren helburu nagusia, egunetik egunera gauzatzen ari dena, bai Gazaren suntsipenarekin, bai Zisjordaniako kolonizazioaren etenbako sakontzearekin.

Urriaren 7tik gaurdaino kontaezinak dira Eretz Israel erraztuko duen nakba berri baten alde diputatu, gobernukide edota intelektualen adierazpen argi eta gogorrak. Agian, muturrekoenetakoa Amichai Eliyahu Hondasun eta Jerusalemgo Aferetarako ministroak irratian esandakoa: Gazan bonba nuklearra jaurtitzea aukera moduan ikusten zuen. Avi Dichter Nekazaritza ministroa eta Israelgo zerbitzu sekretuaren buru ohia ere garden mintzatu da: “Gazan nakba indarrean jartzen ari gara: Gaza nakba 2023. Horrela bukatuko da”. Eta nazioarteko komunitatean oraingoz ez da ikusten nakba berri hori geldiarazteko inongo asmorik.

Jewish Current hedabidean Rabea Eghbariah palestinar pentsalariak egindako elkarrizketa interesgarrian aipatzen du palestinarrek badituztela sionismoak 1948an erabilitako biolentzia fundazionala deskribatzeko hitzak, horien artean iqtila (deserrotzea), tahjeer (desplazamendua), edo tashrid (kanporatzea), eta horiek guztiak biltzen dituena nakba dela. "Holokausto" entzutean nazien Alemania datorkigu burura, eta "apartheid" Hegoafrikarekin lotzen dugu. Bada, Eghbariah-ren esanetan, nakba da Israelgo Estatuaren sorreratik palestinarren zapalkuntza prozesua deskribatzen duen hitza,  gero eta itzulpen gutxiago behar duena, berez mintzo delako. Nakba, sionismoarentzat Eretz Israelerako bidea da, palestinarrentzat Palestinako Herriaren suntsipena. “Eta non ote gaude gaur egun?”, galdegiten dio Eghbariha-k bere buruari: “Ez gaituzte suntsitu. Suntsipena eta askapenaren arteko espazio horretan bizi gara”.


    .