argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I
Tere Maldonado @teremaldon 2024ko uztailaren 24a
PAULA ESTÉVEZ

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke (udan meditatzeko, nahiko bazenu). Badakit oso ikuspegi bestelakoak ditugula heziketaz, eta aginte ahalmenari dagokionez zer esanik ez, irakasle hutsa naiz ni eta zu Jaurlaritzako sailburua, ez gutxiago. Baina arrazoiaren erabilera publikoa sustatu behar dugula esatean ziur nago bat gatozela biok. Lotsa apur bat ematen dit gauza batzuk esan behar izateak, baina tira, esateko beharra dut.

Ondo dakizunez, irakasleon lanaren kalitatea behera egiten ari da azken urteotan, gure lan-karga etengabe handitzen ari delako. Lan-kargaren handitze horrek jatorri asko ditu, eta xehetasun txiki askotan islatzen da. Hain zuzen, txikiak izateagatik hasieran oharkabean pasatzen dira, baina metatzen doaz, harea-aleak balira bezala, eta azkenean mendiak eratzen dituzte. Ikerketa sakon bat egin beharko litzateke lanaren hazkunde hori kuantifikatzeko, eta zehazteko egin behar dugunari gehitzen zaizkion eskakizun berri horietatik zeintzuk ez duten gure lana hobetzen, baizik eta okertzen.

Oinarri material oso eskasa duen digitalizazio azeleratua (ekipo informatikoei mantentze-lan egokiak ez zaizkielako egiten, adibidez) kezka eta estres iturri etengabea da, askotan denbora asko galtzea eta atazak betikotzea eragiten baitu.

Irakasleok izapide administratiboetarako eta gure lanaren alderdi burokratikorako (notak jartzea, hutsegiteak kontrolatzea, familiekin komunikatzea, eguneroko gorabeherak erregistratzea) erabiltzen ditugun atari eta programa informatikoak eskasak dira oso, eta ez daude egokituta ikastetxeetako beharretara. Horrek ekartzen du minutu gutxitan burutu beharko liratekeen atazak mugarik gabe atzeratzea. Adibide pare bat:

Azken legearen araberako programazioak eta ebaluazioak aurrekaririk gabeko lan burokratikoko orduak gehitzea eragiten ari dira

Irakasleak ikasle baten amaren komunikazioa jaso dezake. Ama horrek bere semeari edo alabari buruz hitz egin dezake ponte-izenarekin, lehen abizenik gabe eta zein taldetan dagoen zehaztu gabe. Kontuan izanik irakasgaiaren arabera irakasle batek 150-200 ikasle izan ditzakeela, gauzak zaildu egiten dira. Irtenbidea ez da gurasoei irakastea guregana jotzen ikaslea identifikatzeko behar ditugun datuak emanez. Akatsa programa informatikoan bertan dago, guraso batek gurekin komunikatzeko derrigorrezko eremu batzuk eduki beharko lituzke (bete ezean ezin izango luke komunikazioa bidali). Beste bat: ikasle bat bertaratu ez dela zehazteko, hogei klik inguru egin behar ditugu pantailara iristeko; bidean jazo ohi diren gorabeherak kontuan hartuta, falta bat erregistratzea bezain erraza den egintza batek 10 minutuko atzerapena ekarri ahal du. Bi adibide baizik ez dira beste askoren artean. Bereziki kezkagarria da, Eusko Jaurlaritzak sektoreko multinazional ezagun batekin Workspace for Education erabiltzeko akordioa sinatu zuela gogoratzen badugu, dirutza publikoa sartuta.

Azken legearen araberako programazioak eta ebaluazioak (kritikatu litezkeen beste aldeak alboratuta) aurrekaririk gabeko lan burokratikoko orduak gehitzea eragiten ari dira. Askotan, esan bezala, lan antzua, irakaskuntzaren kalitatea hobetzen ez duena.

Irakaskuntza publikoko irakasle askok eskertuko genizuke gai horiek zure taldearekin aztertu eta konponbideak bilatzea. Baina, zoritxarrez, gure arazo bakarrak ez direnez, hurrengo gutun batean atseginez helaraziko dizkizut beste horrenbeste.

Oporraldia baduzu, asko disfrutatu.

Adeitasunez, T. M.