argia.eus
INPRIMATU
Arrats dibertigarria
Xabier Etxaniz Erle 2024ko uztailaren 24a
Arrats zapo bat / Maite Mutuberria / Pamiela, 2024.
Arrats zapo bat / Maite Mutuberria / Pamiela, 2024.

"Arrats arrunt bat zen. Zapoarentzat”. Arrats hori da Maite Mutuberriak album honetan kontatzen diguna. Oso testu gutxi du liburuak, eta irudiek ederki kontatzen digute istorioaren nondik norakoa. 

Hasieratik ikus dezakegu ilustrazioetan zapo handi eta lasaia, oso elementu gutxirekin ongi definitzen dena; Mutuberriak, esaterako, zapoaren begiradarekin jolasten du irakurlearen irribarrea sorrarazteko, zapoaren asmoez eta jokabideaz konturatu gaitezen. Zapoa geldi dago, eltxoak dio “azzzpertuta” dagoela zapoa, baina berehala konturatuko gara zapoak molestatzen duen eltxoa jaten duela, bai eta harrapaketan aritzeko probokatzen duen barraskiloa, edo ondoren datozen inurria, armiarma…  harik eta matxinsaltoarekin topo egin arte, horrek lortzen baitu zapoa tarte luze-luze-luze batez ez aspertzea.

Testu gutxiko albuma dela esan dugu aurretik, eta testuan aipagarriak dira onomatopeiak eta hitz jokoak. Eltxoak “aizzzu, ezetzzz harrapatuzzz” dioen bitartean barraskiloak “aaaiiizuuu, eeezeeetz haaarrraaap…” bakarrik ahoska dezake zapoak irentsi aurretik, edo matxinsaltoak “aizu-aizu-aizu, ezetz-ezetz-ezetz harrapatu” xuxurlatuko dio segurtasun handiz. Eta batek xuxurlatzen duen bitartean, beste bat oihuka, zezelka edo deiadarka arituko da, zapoaren arrats arruntean.

Liburu dibertigarria da, haur txikiei behin eta berriro errepikatzeko modukoa. Irudiekin eta testuarekin jolasteko aproposa, irakurlearengan oso sentsazio polita uzten duena amaieran. Eta ez bakarrik irakurlearengan, baita Compostela sariko epaimahaikideengan ere, iazko sarian finalista izan baitzen Arrats zapo bat, eta horren ondorioz euskaraz gain beste hainbat hizkuntzatan ere argitaratu da liburua –italieraz, portugesez, galegoz, gaztelaniaz eta katalaneraz–. 


Beraz, oso liburu gomendagarria da Maite Mutuberriaren azken lana, bere sinpletasunean, detaile txikietan –babes orrietan, adibidez–, informazio asko ematen duena; hitzekin etengabe jolasten duena; eta biekin, irudi eta testuekin, oso narrazio sinple eta dibertigarria lortzen duena irakurlearen gozamenerako.