argia.eus
INPRIMATU
“Anti-euskaldun bat hautagai jarrita ezin daitekeela irabazi esplikatu zaie Pariseko buruei”
  • Ipar Euskal Herriak dituen militante nekaezin horietarikoa dugu Peio Dufau: ofizioz tren gidaria, CGT sindikatuan buru belarri inplikaturikoa, Bake Bidean dinamikan engaiatua eta alabari Wolfram sindromea izeneko eritasun arraroa atzeman ziotenaz geroztik izen bereko elkartean ere dabilena. Ezkertiarra eta abertzalea, EH Baiko kide ere da aspaldian. 2020an sartu zen Ziburuko Herriko Etxera, ezkerreko alderdien batasuna lehenetsirik eskuina uzkailarazten lortuta eta lehen aldikoz abertzale bat jarrita auzapez. Lau urte pasa direla, diputatu aulkia irabazi du Frantziako Legebiltzarrean. Fronte Herritar Berriaren ordezkari, abertzale gisa aurkezturiko Ipar Euskal Herriko lehen diputatua da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 24a
Peio Dufau, Fronte Herritar Berriaren hautagai abertzalea, hauteskundeetako irabazlea. Argazkia: Dani Blanco

Parisera doan trena hartu aitzin jarri diguzu hitzordua. Nola zara? Diputatu kargu hori nola daramazu?

Pozik. Hortik harago, gauzak aldarazteko jendeak duen gogoa sentitzen dut. Sekulako lana bada egiteko, defenditzen ditugun baloreen alde, defenditzen dugun Euskal Herriaren alde. Herritarrek anitz espero dute eta horretaz kontziente naiz. Eginbeharrak abiatzeko gogoz naiz ere. Orain arte bi egunez egon naiz Parisen, baina administrazio lanentzat izan da: talde politikoa osatzeko, lokala atzemateko... jantziak erosteko [irria]. Lehen hitzorduak finkatu behar ditut orain hemen: eragile guziekin bildu nahi dut, elkarteekin, auzapezekin... nire sarea osatzeko.

Sareturik aitzina egin nahi duen diputatua zara beraz.

Diputatu batek ez du nehondik ere jakintza osoa, eta horregatik dut tokiko eragileekin saretu nahi. Eragile guziekin egon nahi dut, ez bakarrik abertzaleekin. Eman dezagun laborantzaz hitz egiterakoan Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin eta ELBrekin egon naiz, baina FDSEA sindikatuarekin ere. Garrantzitsua da denen diputatua izatea, denen iritzia biltzea eta gero horretatik erabakitzea, beti ere harturiko posizioa esplikatuz. Esplikatzeko behar hori handia da, gainera, Parisen kokatzen diren eztabaidak ez direlako baitezpada hemendik igotzen. Biziki interesgarria zait hori, elkarrizketan eta eraikuntzan izatea maite dut. Sindikalgintzan ibili naiz, eta beti ukan dut bestearekin biltzeko nahia. CGT sindikatuko kide gisa, hainbat urrats eman ditut LABekin lan egiteko bidean; ez nintzen bakarra bistan da, baina horren alde aritu naiz. Herriko Etxean berdin, badu orain lau urte gehiengoan garela Enekorekin [Aldana, auzapez abertzalea]. Hemengo oposiziokoek, hau da eskuindarrek, nire alde bozkatu dute. Horrek erakusten digu hitz egiten eta lan egiten baduzu, orduan jendeak ontzat hartzen duela zure engaiamendua.

Abertzale izanikan ere. Frantses batek abertzale baten alde bozkatzea ezin irudikatua genuen berriki arte.

Bakegileek emandako urratsei esker gauzak aldatu dira azken urteetan. 2022ko Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan hirugarren kokatu nintzen, EH Bairen izenean aurkeztuta. Harrigarria izan zen, hauteskunde horietan dena delako Parisen kokatzen eta ezkerrak baturik %19 lortzen zuelako eta EH Baik %15. Ezkerreko alderdietan baditut lagun batzuk eta erran izan diet zatiturik galtzaile goazela. Ez nuen sekula pentsatuko hain fite berriz bozkatuko genuenik eta aliantza lortuko zenik Parisen baita hemen ere. Zinez pozgarria da. Baliteke frantses alderdi batzuentzat nire irudiak bidea erraztu izana, haiekin egon naizelako sindikalgintzan militatzen. Ezagutzen naute eta ez dute ezkertiar gisa ditudan baloreei buruz dudarik.

"EH Bairen baitan eztabaida egon da Fronte Herritar Berriarekin aurkezteari buruz, baina azkenean %95 alde agertu da"

Bozketaz bozketa boto abertzaleak duen garapena nola azaltzen duzu?

Erran bezala bake prozesuak erraztu digu bidea. Aurore Martinen kontrako euroaginduaren testuinguruan elkarrizketak hasi genituenean [2011n] erabat bestelakoa zen egoera. Hasteko hitz ezberdinak erabiltzen genituen; pentsa, Alderdi Komunistakoentzat preso politikorik ez zen existitzen Euskal Herrian. Isileko lanketa handia eraman zen: anitz hitz egin zen; hiztegi bera erabiltzen hasi ginen; bakoitza bestearen egia entzuten, ulertzen eta onartzen hasi zen... Aieteko Adierazpena eta ondorengo urratsak ekarriko zituen horrek. Euskararen aldetik berdin, adostasun zabala bada Ipar Euskal Herrian. Begira Beskoitzeko afera: ikastola ala auzapeza, ikastola da garaile. Gaur egun inor ez da euskararen kontra kokatzen, eta hori urte luzez eramandako lanaren emaitza da. Ziburun gauza bera, Herriko Etxea irabazi dugu, baina aitzin oposiziotik sekulako lana eraman izanari esker ere da. Gizarte bat guzien artean eraikitzen da, eta abertzaleok guzientzat gabiltza lanean. Betidanik entzun izan dugu “kasu horiekin, lanjerosak dira”. Baina orain Herriko Etxe batzuk irabazi ditugu, eta bagabiltza lanean. Hori ikustearekin ulertzen duzu urrats handiak eman direla bidean. Begiratu seigarren hautesbarrutia: Herriko Etxeak ditugu Uztaritzen, Urruñan Ziburun, Itsasun... Gauzak aldatzen ari dira, eta serioski lan egiten segituz gero, beste borroka batzuk ere irabaziko ditugu. Etxebizitzaren aldeko borroka abertzaleen borroka izan da historikoki, IK-k hori aipatzen zuen duela 40 urte, eta gaur egun denek dakigu arrazoi zuela.

Fronte Herritar Berriaren barne aurkezteko aukerak desadostasunak sortu ditu EH Bairen baitan?

Eztabaida egon zen, baina proposaturiko akordioaren alde egin zuen %95ak –jakinez akordioa bozkatzerakoan, bosgarren barrutirako hautagaitza anti-abertzale bat zela–. Adostasun zabal hori esplikatu daiteke batetik, beldurgarria delako eskuin muturra hain azkar ikustea eta bestetik, ezkertiar alderdi guziekin bat egite hori historikoa delako. Aitzinetik, herriko etxeei begira ezkertiar indarren artean batu gara herri batzuetan –Ziburun, Urruñan,...–. Nire kasuaz hitz egin dezaket eta Ziburuko Herriko Etxeari dagokionez, biziki ongi pasatzen da. Horren berri eman behar da, baita Parisera begira ere.

Bosgarrenean anti-abertzalearen ordez Colette Capdevielle jarri zen azkenean, eta bere ordezko EH Baiko Alain Iriart. Nolatan posible izan da horrelako aldaketa handia?

Hastapen batean Sandra Pereira-Ostanel zen hautagaia, Frantzia Intsumisoa alderdikoa. CGTko militantziatik laguna dut, baina bai, anti-euskalduna da. Anitz hitz egin da eta Pariseko buruekin ere, esplikatzeko anti-euskaldun bat jarrita ezingo litzatekeela irabazi. Argiki mahaigaineraturiko baldintza izan da.

Parisek entzun izana harrigarria da.

Bai, eta entzuteaz gain kontuan hartu dute. Harrigarria da, baina, erran bezala, gogoa baldin bada eraiki daiteke.

Bide berriak zabaldu ditzake horrek. Capdevielle eta Iriarten binomioari begiratu eta gogoa Baionako Herriko Etxera doa. Eskuina dugu tinko aspalditik Lapurdiko hiriburuan. Aldaketarako aukera ekar dezake bateratze horrek. Ezinezkoa zirudiena egingarria dela ikusi da.

Bi egia bota dituzu hor. Batetik, erakutsi dugu lan egin dezakegula elkarrekin, eta bestetik, baieztatu da anti-euskalduna den norbait ez dela pasako. Hori Jean-René Etchegarayk [Baionako auzapeza, zentro-eskuinekoa] aspalditik daki: Seaskaren abokatua izan zen, EHLGkoa ere bai. Ez dut ulertzen frantses ezkertiar alderdien jarrera. Baina diozun bezala, Baionako Herriko Etxeko hautagai Henri Etchetok [Alderdi Sozialistakoa, jakobinoa] kristalizatzen ditu bere kontrako posturak –eta pertsona ez dut epaitzen ez dudalako ezagutzen–. Nola nahi duzu horrek Baionako Herriko Etxea irabaztea? Ezin da. Ez dute ulertua irabazteko dena jarri behar duzula zure alde. Hori hitzetatik harago doa, ekintzen bidez ere kokatu behar zara.

Hauteskundeetan gora, baina zer diozu karrikako aktibismoaz. Esparru hori ahultzearen arriskua bada?

Biak batera eta bateragarri ikusten ditut. Gainera, iraganean inoiz irabaziko ez genituen borrokak irabazten ditugu gaur egun. Segitu behar dugu aitzina ideien borroka horretan, beti ere seriostasunez. Nik sinesten dut, sinesten dut arrazoi dugula eta bide onean garela, eta sinesten dut horrela segituz gero irabaziko dugula. Baina horretarako lan egin behar da.

"CGT sindikatuan borrokatu naiz langileen defenditzeko, baita euskaldun eta ezkertiar abertzale izaera defenditzeko ere"

Bizkitartean EH Baiko kide, diputatu zaitugu Frantziako Legebiltzarrean. Berezia deke han kausitzea, politikari frantses ospetsuen ondoan, RN eskuin muturreko ordezkarien alboan...

Bai, berezia da. Iragan astean, adibidez, Laurent Wauquiez [Errepublikarrak alderdi eskuindarraren presidentea] nuen bizkarrez bizkar bazkaltzerakoan. Berezia da, baina aldi berean horrela da: militantzian ere parean ukan ditut gure lanpostuak desagerrarazi nahian dabiltzanak. Uste dut horrelakoetan errespetuz jokatu behar dela eta ideien bidez jokatzen dela buruz burukoa. Gure ideiak defenditzeko gogoz naiz, prest naiz.

Abertzale bat legebiltzarrera, baita sindikalistak, militante antiarrazistak, aktibista antifaxistak, ekintzaile feministak ere. Interesgarria da ikustea FHBk nola eraldatu duen legebiltzarra.

Garaian Macronek ere zioen eraldaketa nahi zuela ekarri; baina gizarte zibileko jende politizatu gabea sarrarazi zuen, hain justu, berak nahi zuen horren alde bozkarazteko. FHBren baitan, aldiz, ibilbide politiko eta militante luzeko jendea bada. Nahiz eta 45 urte ukan, badut ibilbide aski luzea sindikalgintzan, eta argi dut inork ez didala erranen zer egin behar dudan: hitz eginen dugu eta elkarrekin erabakiko dugu, ez gutiago ez gehiago. Horrela funtzionatu dut beti eta horrela funtzionatuko dut. Manuak ez dira pasako. Horrek balio du niretzat, baita ezagutzen ditudan beste batzuentzat ere. Diputatu bazara, zuretik pentsatu behar duzu eta zure lurraldeko jendeen boza eraman behar duzu Parisera.

Euskaldun eta abertzaleen aldarriak barne.

Noski, besteak beste, euskararen gaia eta gatazka politikoarena. Baina Asanblea Nazionalean eramanen den lan horretaz gain, bada Pariseko ezkerreko alderdietako buruei begira eraman beharreko lana ere. Arras ongi dakigu zein den horien postura, Jean-Luc Melenchonen posizioa badakigu ez dela batere ona. Horiekin hitz egin behar da, ulertu gabe jendea beldurtzen delako –eta hori egia da alde guzientzat–. Parez pare mintzatzeko aukera horrek gure arteko harremanak erraztuko ditu. Alderdi horien tokiko buruak gure kontra ditugu beti. Horrek ez du zentzurik, erran izan diet behin eta berriz. Borroka sozialaz gain, ezkerraren borroka nagusietan dugu kulturaren aldekoa. Nola demontre izan daitezke kulturaren oinarrian den tokiko hizkuntzen kontra! Frantziaren batasunaren ideia daramate beti. Estrasburgoko frantses batek Euskal Herrira trabarik gabe etortzeko aukera errespetatu beharra ohartarazten dabiltza beti. Guk hemen preziatzen dugu langile bat euskalduna denean, baina ez dugu baztertuko ez bada euskalduna –haatik, euskara ikasteko formakuntzak proposatuko dizkiogu–. Eztabaida hori Parisera eraman behar dugu, ohartarazteko ez garela etsaiak eta ikusi dezatela nazionalistez duten irudiarekin ez gatozela bat. CGT sindikatuan borrokatu naiz langileak defenditzeko, baita euskaldun eta ezkertiar abertzale izaera defenditzeko ere.

Emmanuel Macron presidenteak ez du ezagutu nahi ezkerraren garaipena. Berezia da egoera.

Komedia bat da, Macronek bere jokoan segitzen du, nahiz eta azken asteetan %100 oker egon. Asanblea Nazionala desegiterakoan pentsatzen zuen ezkerra ez zela batuko, eta berez jokaldi ona zuen, ikusi dugulako eskuin muturra oztopatzeko botoa egon dela; beraz, ezkerra ez balitz batu, bere alde joanen ziren boto horiek. Kalkulu ona zuen, kontua da ezkerreko alderdiak antolatu direla eta hori ez zuela aurreikusia. Antolaketa hori ezin da horretan gelditu. Nire irudiko, lan bateratua ahalbidetzeko bidean buru batzuk hortik kendu behar baldin badira, orduan, kendu behar dira. Kanpainan zehar ikusi dugu Melenchonen inguruan eraikitakoa: hedabideek gorrotoaren hautagai gisa kokatu dute, aldi berean, Jordan Bardella erabat zurituta. Melenchonen ikuspegi guziak ez ditut onartzen, egiteko manerak ere ez, baina programa ona du, biziki ona gainera. Hedabideek lortu dute pertsonaren zikintzea, justu bere hautagaitza eta mugimendua deskalifikatzeko. Horrez gain, uste dut Asanblea Nazionalean portaera egokia ukan behar dugula, seriostasunarena eta eraikuntzarena, eta egia da, azken bi urteetan ez dela beti horrela izan.

Baina ez al du onartuko ezkerraren garaipena?

Komedia batean gara. Ezkerrak zailtasunak ditu lehen ministroaren kargurako ordezkaria adosteko. Hor bakoitzak du bere ikuspuntua, bakoitzak du bere egoa, eta horretaz baliatzen da Macron. Baina ez du iraunen. Macronek badaki ezin duela aliantzarik egin eskuin muturrarekin eta horretan du muga, ezkerrekoak gabe ezin du deus egin. Epifenomeno bat dela erran nezake, guti iraunen duena eta etorri bezala pasako dena. Berez, fenomeno nahiko klasikoa da, gehiengo osorik gabe funtzionatzen dute Europako anitz parlamentuk. Nahiz eta ez den beti erraza, egin daiteke. Gauza da hedabideek anitz hauspotzen dute egoera.

Peio Dufau, uztailaren 7an, garaipenaren berri ukan eta berehala. Argazkia: Patxi Beltzaiz. Mediabask

Bukatzeko, zer diozu Libération egunkariak ateratako informazioaz? Bilera sekretuak egiten zebiltzan Macronen hurbilekoak eta RNko Bardella zein Marine Le Pen, gutienez abenduaz geroztik.

Lotsagarria da. Eskuin muturraren azkartzea izan da Macronen hainbat urteetako jokoa, eta orain eskuin muturra eta "ezker muturra" deitzen duen ezkerreko hautagaitza hein berean jartze hori ezin onartuzkoa da. Frantziaren historia ez du ezagutzen, ez da posible. Nola demontre lan egin edo hitz egin dezake horrelako ideak dituztenekin? Ez dut ulertzen. Argi dena da enpresa handiak babesteko neurriak proposatzen dituela eskuin muturrak. Dirudun handien esku diren hedabideek Bardella eta Le Pen hainbeste babestu izana horrela ulertzen dut. Ondoko urratsa prestatzen dabiltza hedabide horiek: ikusi dute Macron errea dela –eta arrazoi dute–, beraz parekoari begira dabiltza –ezkerra ala eskuin muturra–. Badakite eskuin muturrarekin ongi konponduko direla. Ez dezagun ahantzi Macron Rothschild bankutik datorrela: ez da eragile politiko bat, eragile ekonomiko hutsa da. Alderdirik gabe nola lortu zezakeen kanpainaren diruztatzea? Dirua parrastan jaso zuen, hedabide guzietan zen eta irabazi zuen. Geroztik badabil enpresa handien eta dirudunen alde ahal duen guzia egiten. Gaur egun berak ditu ezkertiarrak ezker muturrekotzat jotzen –noiz eta FHBren programa ez denean François Mitterranden [1981eko presidentea, sozialista] programa bezain anbiziotsua!–. Hitzek garrantzia eta eragin handia dute, eta hedabideek sekulako mina egiten dute, eskuin muturra zurituta. Sare sozialei dagokionez, gauza bera. Beldurgarria da. Kontzientzia politikorik gabe, eskuin muturraren aldeko botoa eman duen jende anitz bada. Horiei begira sekulako lana badugu egiteko. Eskuin muturrak gordetzen duena argira ekarri behar dugu.

2027an izanen diren Frantziako presidentetzarako bozak aitzin. Presa handiko erronka duzue.

Bai eta 2027ra arteko bide horretan garrantzia handikoak ditugu lehen aste eta hilabete hauek.