argia.eus
INPRIMATU
Desesperazioz RN bozkatu dutenak konbentzitzean datza ezkerraren erronka nagusia
  • Hirugarren kokatu bada ere, pozik izatekoa badu eskuin muturreko RNk: inoiz baino azkarrago da Frantziako Legebiltzarrean –2017an zortzi diputatu zituen, 2022an 88 eta orain 143–. Bere hauteslegoa azkarki emendatuz doan heinean, anitzez zabalagoa du oinarria: eskualde desindustrializatuetako langileriak eta diploma gutikoak hor segitzen dute, baina hori baino anitzagoa bihurtu da RN bozkatzailearen profila. Eskuin muturrari aurre egiteko bidean, ardura handia du ezkerrak: bai ala bai bereganatu behar ditu desesperazioz eta kexuak bultzaturik RNra jotzen duten herritarrak, eta orain du aukera paregabea.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 18a
Hauteskundez hauteskunde sendotzen ari da RN Batasun Nazionala. Zokoraturiko alderdi ttipi izatetik Frantziako alderdi nagusien artean kokatzera pasa da 50 urtez, eta batez ere azken urteetan.
Hauteskundez hauteskunde sendotzen ari da RN Batasun Nazionala. Zokoraturiko alderdi ttipi izatetik Frantziako alderdi nagusien artean kokatzera pasa da 50 urtez, eta batez ere azken urteetan.

Arnasa hartu du ezkerreko jendeak eta Frantziako Legebiltzarra eskuin muturraren esku nahi ez duen herritar orok uztailaren 7ko gau hartan. Arnasa hartu du lortu delako aste bakar batez RN alderdia lehen indarra izatetik hirugarren izatera gibelaraztea. Baina ez ditzagun pozez eta ignorantziaz begiak estali: ez da izan aste batez RNren bozkatzaileak konbentzitu direlako. Lortu da "boto errepublikarrak" funtzionatu duelako: eskuin muturrari bidea mozteko jendeak bozkatu du, idealean bere hautagai kutunaren alde, eta okerrean, halabeharrez eta gogoaren kontra RNren parekoaren alde.

Baina noiz arte egonen da harresi hori zutik? 2002ko presidentzialetan Jacques Chirac eskuindarrak %82,21 egin zuen Jean-Marie Le Penen kontra, 2017an Emmanuel Macronek %66,10 Marine Le Penen kontra, eta 2022an, berriz ere Macronek, botoen %58,55 jasorik. Beti zutik bada ere, kraskatzen ari da boto errepublikarraren harresia –Macronek eskuin muturraren diskurtsoak, legediak eta neurriak bideratu izanean dugu ahultze horren arrazoietarikoa, eskuinaren eta eskuin muturraren muga ez delako iraganean bezain argia–.

Gainera, bi itzulien artean eskuin muturraren aldera itzultzen diren hautesleak ere geroz eta gehiago dira: 2002ko lehen itzulian baino 700.000 gehiago izan ziren urte horretako bigarren itzulian, 3.000.000z emendatu zen kopurua 2017ko bi itzulien artean eta 5.000.000z 2022ko bi itzulien artean.  

Oinarri sendoa du eskuin muturrak eta hauteskunde oro ditu hautesle berriak biltzen. 8,74 milioi boto jaso ditu RNk Legebiltzarrerako lehen itzulian eta 7,76 milioi Europako bozetan –2022ko presidentzialetarako bigarren itzulian 13,29 milioi zituen–. Garapen horren isla da Asanblea Nazionalean hartzen duen lekua: zortzi aulki zituen 2017an, 88 zituen 2022an eta 142 lortu ditu aldi honetan.

Eskuin muturrera doan boto hori aztertzen duen artikulu interesgarri andana bada Frantziako komunikabideetan. Hausteslegoa emendatzen doan heinean, zabaltzen ere doa eta RNzalearen profil soziologikoa ez da iraganean bezain homogenoa. Ipsos ikerketa bulegoko Brice Teinturier-en elkarrizketa badu Libération egunkariak eta ondokoa dio: "Duela zenbait urte langilea edo enplegatua zen [FN/RN bozkatzailea], landa eremukoa baino gehiago eremu desindustrializatuetakoa zen, diploma guti zuena, eta oro har, bere biziak asebetetzen ez zuena. Oinarri hori beti hor da, baina azken bi urteetan zabaldu da". Gaur egun adin tarte guziak ditugu RN bozkatzaileetan, gazteak eta adindunak ere bai; klase ertainekoa bada eta koadroak ere iragan hurbilean baino gehiago dira; diplomarik gabekoetan azkar segitzen du RNk, baina harago doa orain –demagun, batxilergotik aitzina lizentzia lortu dutenen artean hirukoiztu da–; eta soldata onekoak ere badira eskuin muturreko bozkatzaileetan –%32ak 3.000 euro baino gehiago irabazten du hilabetean–. Baserri munduan lorturiko garapena dela eta, nabardura interesgarria dakar ikerlariak, zehaztuz eremu geografikoari baino gehiago so egin behar zaiola egoera sozioekonomikoari: "Landa eremuan hirian baino pobreagoa den jendea bada. Aldagaia ez da baserri eremua versus hiria; aberastasunari begiratu behar zaio, isolamendu heinari baita alteritateari eta eskaintza politiko ezberdinari konfrontatua izateko gaitasunari ere. Ezkerra hiri handietan eta horien banlieue-tan kontzentratu da, landa eremuetatik lekututa. Baina berez, ez da landa eremua RNri lotuagoa dela. Bihar aberastasuna eta zerbitzu publikoak hobeto banatuak balira, orduan emaitza ezberdinak genituzke baserri munduan".

Arrazistak oinarrian, beti

RNren irudia eztitzeko estrategiak fruituak dakartza: geroz eta beldur gutiago eragiten du eskuin muturrak. Alaba ez da aita bezain gordinki mintzo, nahiz eta biek duten kalte guzien errudun jartzen etorkina. Eskuin muturrean aditua den ikerlari Nonna Mayer-ek argi du: "RN bozkatzailea ez da aldatzen: %94k dio etorkin gehiegi badela Frantzian". Ondokoa irakurri dezakegu Libération-i eskainitako elkarrizketan: "Mundializazioak eta garapenak bazter-utzi izana sentitzen dutenak bereganatzen ditu RNk, Europan garatuz doan eskuin populista guziak bezala, funtsean. Ipsosen ikerketen arabera, RN hautesleen %50k dio bere egoera ekonomikoa okertzen doala, biziak ez duela asebetetzen eta ez duela merezi duen errespetua jasotzen. Baina adierazpen horiek beti doaz etorkinen kontrako jarrerarekin eskuz esku. Beraiek baino abantaila gehiago balute bezala irudikatzen dituzte".

Ezkerrak guzia irabazteko... ala galtzeko

Ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria kokatu da lehen Legebiltzarrean, eta sekulako erronkak ditu: gobernatzen dakiela erakusteaz gain, batasunean aitzina egiten dakiela ere frogatu beharko du. Baina horrez gain, desesperazioz eta kexuak akuilaturik eskuin muturrera jo duten bozkatzaileak bereganatu beharko ditu, esperantzaren ikur bihurturik ezkerra. Hori gabe, eskuin muturrak beti azkar segituko duelako, eta parean ezkerreko batasunak %30 langa gainditu ezinean jarraituko duelako. Horretarako, langileriaren errealitateari begira jarri eta egokitu beharko zaio, bai ala bai. Gaur egun, oinarri horretatik deskonektaturik delako: "Inguru popularra bereganatzeko eta inguru hori nola bizi den ulertzeko lanketarik ez du eraman aspaldian ezkerrak. Horregatik, RNk ezkerrak baino hobeto ulertzen eta ordezkatzen dituela sentitzen dute [klase sozial horretakoek]", Ipsoseko ikerlari Teinturieren hitzetan. Gauza bera landa eremuarentzat: hustuz doazen herri horien errealitateari begiratu behar dio ezkerrak, zintzoki horien alde inplikatuta.

FHBko diputatu François Ruffin aspaldian dabil bere eguneroko borroka langileei begira jartzen. Eskualde desindustrializatu batekoa da bera, eta ikusten du bertako langileria klasea nola xarmatzen duen RNk. "Langileria galtzea oso larria da ezkerrarentzat: ez da soilik botoen galtzea, bere arimaren galtzea ere da", irakurri dezakegu Le Monde egunkariari eskainitako elkarrizketan. Bertsolari edo rapero baten modura dio Il nous faut rassembler la France des bourgs et la France des tours. Hau da, landa eremutik auzo popularretara doan batasunaren garrantzia ohartarazten dabil etenik gabe. Dioenaz, uztailaren 7ko garaipenarekin "azken aukera" eman diote herritarrek ezkerrari: mandatua betetzen lortzen ez badu, orduan, ondoko porrota segurra luke ezkerrak –beti ere eskuin muturraren onerako–. Azken aukera du beraz eta denbora kontaturik du: laster datoz 2027a eta bere baitan dakartzan Frantziako hauteskunde presidentzialak.