argia.eus
INPRIMATU
Zero biderkatuta, auskalo emaitza!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko uztailaren 10a
Cajón de mis medicinas / Zero / Autoekoizpena.
Cajón de mis medicinas / Zero / Autoekoizpena.

Lau elementuren arteko baturak ez du beti lau ematen; gehienetan hori baino gehiago. Eta zer esanik ez, hainbat proiektutan ibili eta auskalo nola eta zergatik elkartu ziren hauek: Atxe, Led Infierno, Osoron eta Txerra. Aurrekariengatik uste genuen punka egingo zutela, baina hain dira irekiak, eta hain aurreikuspen gabekoa (hain justu bestelako musika proiekturik izan ez duen Led Infierno), ezen pausoz pauso harritzen gaituzten.

Seguruenik zerotik hasteak laguntzen die zabaltasunez aritzen buruz eta jarreraz, titi puntan jartzen zaiena egiten; erabat aske dira eta nabaritzen da gero eta gehiago. Eta punkiak bai, badira, burutik oinetaraino, baina gogoa dute estilo klixeetatik harago joateko, nahiz eta zuzenekoetan -hor bai!- ez dagoen zalantzarik izerdia, amorrua, probokazioa, interakzioa eta jokoa maite dituztela.

Lan berri honetan are eta nabarmenagoa da (duten harreman sano eta onez gain) bizi duten askatasuna eta aurreiritzi eza, eta ospatzekoa da. Oraingoa ere Gakobeltz Hit Faktorian grabatu dute Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoirrekin, kalitate eta arreta onenean. Diskoa Cajón de mis medicinas-ekin hasten da, non erritmo aldaketa dezentekoak dituen rock-and-roll jostaria, happy samarra, medikatu ahala psikodelian eta erritmo sasi-dantzagarrietan blaitzen duten. Jarraian dator Sigo aquí, jatorrizko Warsaw Joy Division handiei lapurtutakoa bada ere, haien esparrura indartsu eta dotoreziaz eraman dute, punk eta ildo skizo-garage-surferora. Ensayos de tu funeral rock urbano, rock-and-roll makarra jaio eta garage-rock zikin gitarrero hiltzen da. Etorri ahala desagertzen den Intzak lo eta jangoek me Spazztic Blur-en tamainan erotutako punk-rocka. Dime dónde-k erakusten digu rock gogorraren eta heavyaren arteko mugak lausoak direla eta Gasteiz Eskandinavia baino iparrerago dagoela gitarren mapan. Bukatzeko, apustua irabazi dute: irrati formuletarako balada rockeroa idazteko gai direla erakutsi dute Ez zen istripu bat izan abestiarekin. Ala ez zuten nahita egin?