argia.eus
INPRIMATU
Industria-politikaren egia deserosoa
Roser Espelt Alba @earuze 2024ko uztailaren 10a

Mundu mailako ekonomiak gorakada nabarmena izan zuen COVID-19aren ostean. Orain, baina, gorakada hori agortze-fase batera heldu den zantzuak agerikoak dira, krisi klimatikoak nabarmen baldintzatuta: munduko potentzia nagusien ekonomiaren hazkunde-tasa murrizten ari da, produktibitatea geldirik dago eta inbertsio berriztagarrien programa anbiziotsuak bertan behera geratzen ari dira errentagarritasun faltagatik.

Testuinguru horretan, diskurtso aldaketa egon da: merkatu librea jada ez da arazo guztien konponbidea, laissez-faire dogma Milei bezalako pertsonaietara mugatuz doa. Badirudi adostasun berria ari dela sortzen, ekonomian esku hartze publikoaren aldekoa, hain zuzen. Ezker-eskuin, industria-politika itzultzen ari da. Oro har, merkatu librearekin beti kritikoak izan eta ekonomiaren kudeaketa publiko eta komunitarioa eskatzen dugunontzat, dudarik gabe, berri ona litzateke, baina, titularrez harago, edukiari erreparatu behar zaio, industria-politika guztiak ez baitira berdinak.

Pasa den urtean Hego Euskal Herriko enpresek 500 milioi euroko materiala ekoiztu zuten Espainiako Armadarentzat

Lehen adibidea, Next Generation funtsena: kapital handietara bideratu da, baina ez dago froga argirik maila produktiboan eraginik izan duen baieztatzeko. Dena den, balizko keynesianismo ekologista berria zirudiena, gerra-keyneasianismo klasikoagatik ordezkatzen ari dira. Europako Batzordearen defentsa-industriarako estrategia berria, horren erakusgarri: besteak beste, defentsara bideratutako merkataritza barne mailan sustatzeko helburua ezartzen du, ekoitzitako materialen %50 Europar Batasunaren barruan saleros dadin 2030. urtea baino lehen.

Xake-taula horretan, non kokatzen gara? Bada, Euskal Herria esportatzailea izateagatik nabarmentzen da. Esportatzen dugunaren herena Alemania eta Frantziara doa, hain zuzen, gerra-ekonomiaren sustatzaile nagusiengana eta, zuzenean edo zeharka, defentsa-industriaren hornitzaile diren sektoreetara. Aeronautika, siderurgia eta ibilgailuak dira Alemaniari saltzen diogunaren erdia eta Frantziari saltzen diogunaren herena. Horrekin batera, %10 armak eta munizioa dira. Hori gutxi balitz bezala, Delàs Bakerako Ikerketa Zentroaren arabera, pasa den urtean Hego Euskal Herriko enpresek 500 milioi euroko materiala ekoiztu zuten Espainiako Armadarentzat. Horrenbestez, Euskal Herriko industria-politika diseinatzeak egia deseroso horri aurre egitea eskatzen du eta, horren arabera, erabakitzea eskalada belizista honetan nola kokatu behar garen.