Azken bi hamarkadetan, herrialde garatuetako belaunaldi gazteetan zabaldu da generoen arteko urruntze ideologiko bat. Gizon gazte gero eta gehiagok ideia kontserbadoreak edo eskuin muturrekoak onesten ditu eta emakume zein pertsona ez-bitar gazte gero eta gehiagok bere burua aurrerakoitzat du eta ezkerrean kokatzen da. Urruntze ideologiko horrek, politikaz harago, kultura eta nortasun pertsonalarekin zerikusia du. Zein ondorio izan ditzake gure gizarteetan?
Mendebalde globaleko herrialde gehienetan, kontsideratu ohi da gazteak direla orokorrean aurrerakoiagoak eta zaharrak aldiz kontserbadoreagoak. Azken urteotan iritzi politikoen artikulatzeko ardatz berri bat gehitu zaio adinari: generoa ere kontuan hartzen da. Gaur egun, Mendebaldeko emakumezko gazteak nabarmen aurrerakoiagoak dira adin bereko gizonezkoak baino. Hainbat ikerketek erakusten dute iritzi politikoei dagokionez pertsona ez-bitarren multzoak emakumezkoen ezaugarriak dituela.
AEBetan zabalduak diren hainbat gizarte joera geroago hedatzen dira Europan, baina kasu honetan bilakaera aldiberekoa dela dirudi –herrialdez herrialdeko berezitasun gutirekin–. Aurtengo martxoan, The Economist aldizkariak Ipar Amerikako, Europako eta Hego Koreako –Asian izanik ere, Mendebaldeko hainbait ezaugarri ditu– hogoi herrialderen inkesta politikoen datuak aztertu ditu –ikerketa hori binarismotik eramana da eta ez da ez-bitarrei buruzko daturik zehazten–. Analisi horren arabera, 2000 urtean ez zen generoen arteko ezberdintasunik nabaritzen iritzi politikoei dagokienez. Aldiz 2020an tartea argia da: beren burua aurrerakoitzat dute 18-29 urteko gizonezkoen %51k baina adin bereko emakumezkoen %63,5ak. Hogoi herrialde horietan emakume gazteak dira gizon gazteak baino aurrerakoiagoak.
Europari dagokionez, tarte handiena Polonian ikusten da, eta Europan baino nabarmen handiagoa da AEBetan. Gainera, bereziki emendatu da azken hamarkadan: 2008an ez zen genero ezberdintasunik ageri, aldiz 2022ko Ordezkarien Ganberako hauteskundeetan gizonezko gazteen %46ak eta emakumezko gazteen %28ak errepublikanoen alde bozkatu dute.
Flandrian (Belgikako iparrean), azken hauteskundeetan gizon gazteek gehien bozkatu dituzten alderdiak izan dira eskuin muturreko Vlaams Belang eta eskuineko N-VA. Emakumezko gazteen artean, berriz, Groen alderdi ekologista eta ezkerreko Vooruit. Polonian iazko hauteskundeetan, 18-29 urtekoen artean gizonezkoek gehien bozkaturiko alderdia eskuin muturreko Konfederacja izan da. Gizon gazteen bozen %26 bildu dituen alderdi horren lemetariko bat da "feministen aurka, benetako emakumeen defentsan". Halako edukiarekin ez da harritzekoa adin bereko emakumeen bozen %6 bakarrik lortu izana, eta emakume gazte gehienek abortua berriz legalizatzearen aldeko zentro ezkerreko alderdientzat bozkatu izana.
Polonian duela bost urte IPSOS erakundeak egindako inkesta baten arabera, 18-39 urteko emakumeen iritziz klima aldaketa da Poloniarentzako arriskurik handiena. Adin tarte bereko gizonen iritziz, aldiz, LGBT mugimendua eta "genero ideologia" dira arrisku nagusiak. Poloniako Konfederacja alderdiaz gain, hainbat herrialdetan agertu dira diskurtso oso maskulinistak dituzten eskuin muturreko alderdiak, hala nola, Frantzian Reconquête, Espainian SALF edota Portugalen Chega. La Croix egunkariaren arabera, Chega alderdiak 2020an onarturiko barne mozio batek gomendatzen zuen abortatu zuten emakumeei obarioen ebakitzea, berriz egin ez zezaten. Hainbat protestaren ondorioz kendu bazuten ere mozioa, onargarritasunaren leihoa zabaltzen lagundu zuen.
Europako 27 herrialdeetarako bilakaera deigarri bat nabari da The Economist aldizkariko azterketan: orokorrean, 18-29 urteko gizonak 65 urtetik gorako gizonak baino antifeministagoak dira. Diote, emakumeen eskubideen garapena urrunegi joan dela eta horrek gizonentzako aukerak oztopatzen dituela. Hainbat herrialdetako emakume gazteen iritziak kontrako bilakaera erakusten du. Adibidez, Erresuma Batuan emakumeen bizi baldintzak okerragoak direla deritzote gehiago emakume gazteek. Hego Korean aldaketa nabarmenagoa da: 20-30 urteko gizonen %80ak dio gizon izateagatik diskriminatuak direla, baina 60 urtetik gorako gizonen %30k bakarrik.
Mendebaldean, luzaz goi ikasketetatik baztertuak izan ondoren, gaur egun gizonak baino diplomatuagoak dira emakumeak –batez ere belaunaldi gazteetan–. Nahiz eta honek ez duen oraingoz ondorio proportzionalik lanpostu eta soldatari dagokienez, gizarte dinamikei buruzko ikuspegi informatuagoa dute emakumeek gaur egun. Horrez gain, unibertsitatetik igarotzea ikuspegi aurrerakoi eta berdinzaleagoarekin lotu ohi dute soziologoek. Herrialde aberatsetan sexismo arruntak atzera egin du azken hamarkadetan, eta horren hautemate ezberdina izan dezakete emakume eta gizonek eguneroko bizitzan: batzuentzat askatasun gehiago, bertzeentzat arau berriei egokitu beharra, gogo onez edo ez hain onez. Denbora luzeko bilakaera horien hautemate kontrastatua biderkatzen dute sare sozialek, erabiltzaile bakoitzak bere "burbuila sozialean" bere iritziak sendotzen dituelarik, eta hori izan daiteke handituz doan polarizazioaren erruetarik bat.
AEBetan, Survey Center on American Life (Amerikar Bizitzari buruzko Inkesta Zentroa) erakundeak eraman duen ikerketa baten arabera, 1990eko hamarkadaren bukaeran eta 2000ko hamarkadaren hasieran jaiotako belaunaldikoek zailtasun gehiago dute bikote harremanak lotzeko eta bakarrik sentitzen dela dio aurreko belaunaldikoek baino gehiagok. Emakumeen %31k baina gizonen %16ak bakarrik beren burua LGBTtzat dute. Proportzio horiek aurreko belaunaldietakoak baino handiagoak dira, eta are handiagoa da generoen arteko aldea. Gizonekin bizi nahi ez duten –eta ezkondu gabe bizi ahal diren– gaur bezainbat emakume izatea historikoki berria da.
Joera horren aurka oldartzen dira, noski, gizonesfera eta eskuin muturreko alderdi maskulinistak, eta feminismoa eta LGBT mugimendua desagertarazi nahi dituzte, "balio tradizionalen" izenean, baita azal zuridun ume gehiago sorrarazteko ere. Eskuin muturrari lotzeko bideetariko bat baita antifeminismoa. Bilakaera horri eman beharreko konponbidea ez da erraza. Nola gizon gazte gehiagori ulertarazi arau maskulinistek gizonak eta mutil gazteak ere kaltetzen dituztela eta LGBT mugimendua ez zaiela arrisku? Nola ulertarazi klima aldaketa eta zaintza direla benetako erronkak?
Belaunaldi gazteetan gertatzen diren kontrako bi mugimendu horiek, politikaz harago, kultura eta nortasun pertsonalarekin zerikusia dute, horregatik dira hain sakonak. Horregatik ere arrakala honen konponbideak, nahitaez, aldaketa sakonak beharko ditu.
EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]
Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.
Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]
Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]
Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]
Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]
Bost hilabete pasatxo beteko ditu Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak, eta martxorako bukatuta nahi zuten eztabaida prozesuaren helmuga bileraz bilera urruntzen doa. Ezarritako metodologiak, mahaira deitutako erakundeen zerrendak, kanpoan... [+]
Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Antolamendu Saileko diputatuak iragarri du, Jabier Zabaleta Ertzaintzaren buruarekin bildu ostean. Besteak beste, sexu erasoei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkiete, biktimak "azkarrago artatzeko... [+]
Larunbatean pertsona talde batek Tolosaldeako Kontseilu Sozialistako kide bati eraso egin ziola salatu dute. Azaldu dutenez, "faxistei aurre" egin zien propaganda jartzen ari zirela, eta piperbeltz espraiarekin zipriztindu zuten.
Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan... [+]
Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu dituzte irakasle beraren aurka, irakaslearen izena eman gabe, baina Filologia Hispanikoko irakaslea dela zehaztuta. ARGIAk gradu hori urte desberdinetan egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du,... [+]
Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.
Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.
Arrasateko Udaltzaingoak abiatu du ikerketa, neska batzuek igande goizaldean erdialdeko taberna bateko komunean kamera txiki bat aurkitu ondoren.