argia.eus
INPRIMATU
Sinetsi
Karmele Gisasola Zenikazelaia 2024ko uztailaren 03a

Pertsonok ze erraz epaitzen dugun aldamenekoa (edo aldamenekoa ez dena). Norberarenak izan ezik, gainontzeko guztiak ematen du erraza. Berehala bilatzen diogu irtenbidea besteenari. Eta ze zaila den norberak barruan duena kudeatzea. Askotan, pertsona konkretu batzuk idealizatzen ditugu, dena ondo joango balitzaie bezala. Eta ze gutxi dakigun irudiaz gain barruan dutenaz.

Niri txikitan inbidia ematen zidaten neska kirolariek. Idealizatuta nituen. Uste nuen kirolaria izateko estereotipo jakin bat jarraitu behar zela: sano jatea (txokolaterik ez), pisu askorik ez izatea eta ile ederrarekin mototsa egin eta korrika ondo egitea. Ni kanon horretatik at nengoen. Ez nuen ile ederrik, pisu asko nuen eta korrika egiten traketsa nintzen. Imajinatu zelako traketsa nintzen, Lehen Hezkuntzan, heziketa fisikoa egiterakoan hesiak saltatu beharrean bota egiten nituela. Ez nuen oso gustuko eskolan erakusten ziguten heziketa fisikoa. Egiten ziren jolas gehientsuenak korrika egitearekin lotuta zeuden eta ni ez nintzen ondo moldatzen horretan. Erresistentziarekin lotutako joko asko erakusten zizkiguten eta indarra lantzeko bat bera ere ez.

Txikitan inbidia ematen zidaten neska kirolariek. Idealizatuta nituen. Uste nuen kirolaria izateko estereotipo jakin bat jarraitu behar zela: sano jatea, pisu askorik ez izatea...

Sentitzen nuen ez nuela balio erakusten zigutena egiteko, eta buruan sartu zitzaidan nik ezin nuela kirolaria izan. Baina niri bakarrik ez, nire inguruak eta batez ere familiak gauza bera pentsatzen zuten. Baldar xamarra nintzelako, agian, baita behar nukeena baino pisu gehiago nuelako ere. Baina biziak mila buelta ematen ditu, eta sinetsi, gaur egun, kirola egin gabeko egun gutxi izaten ditudala.

Hainbat gauza ikasi ditut. Lehenengoa, mila kirol mota daudela eta gustukoa bilatzean dagoela gakoa. Lotsa alde batera utzi behar dela (nahiz eta lehen aldietan tripak beti dantzan izan). Denok ditugu lehenengo aldiak eta hemen inor ez da jaio ikasita. Ikasi dut ez dela idealizatu behar. Hemen guztiok ditugula geure arazoak, bakoitzak bereak eta laguntza eskatzea (zaila dirudien arren) ezinbestekoa dela. Ikasi dut kirolaria izan naitekeela eta estereotipo guztiak apurtu daitezkeela. Eta ez dela ile ederrik eduki behar korrika egiteko.

Teoriak erraza dirudien arren, ze zaila den praktika. Horregatik, harri jasotzeko Euskal Herriko lau txapel izan arren, kosta egiten zait kirolaria naizela esatea. Baina txikitako Karmeleri erakutsi diot, txikitan ez sinetsi arren, bere buruari proposatzen dizkion hainbat gauzatarako dela gai.