argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Txibato
Ula Iruretagoiena 2024ko uztailaren 03a

Donostiako Alde Zaharreko taberna askoren pintxoak alde zaharrean sartzeko baimena duen furgoneta batean datoz zerbitzua ematera. Beste tabernetan, prestatzen duten tortilla patata pintxoa jateko, goizeko furgoneta alde zaharrean sartzen den orduan ilara egin eta txanda hartu behar da. “Bask-txiskeik” gazta-tartazko denda bat ireki dute eta ospeko postre bilakatu da, basque cheesecake idatzirik fenomeno gastronomiko bilakatu da.

Donostialdeko sagardotegi ezagun bat, publizitate handia duen horietako bat. Aparkaleku handi bat, sagar-lore hotel bat, sagar-bar lokal bat, sagardo mota desberdinak, sagar-fan kamisetak, sagarraren euskal kultura zabaltzeko espazio bat garai batean sagar ekoizpena eramaten zuen familiaren eraikinean. Museo txikiaren eskaparatean bodegoi batek agurtzen zaitu, plastikozko intxaur, txuleta eta sagarrez osatua. Lurraldearen zuri beltzezko argazkiek apaintzen dute sarrera. Sagardotegia kokatzen deneko lekutik Donostialdeko saihesbide scalestrixa ikusten eta entzuten da. Inguruko lurretan sagardotegiaren inperioa zabaltzen da. Publi-bideo bat erakusten dute, sagardotegia tradizio modernizatua dela iragartzeko. Honek esan nahi du ekoizpenaren eskala aldatu dela eta prozesua mekanizatu egin dela. Sagardoaren likidoa inguruko zortzi ekoizleren uztekin egiten dute, eta klimaren gorabeherak direla eta uzta eskasa denean, Normandia eta Alemaniatik ekartzen dituzte sagarrak. Inguruetan sagarrondo batzuk daude bisitariek sagardoaren euskal sagar barietateak gertutik ezagutzeko; arraza beltzeko langile bat ikusten da lanean.

Euskal folklorearen edo euskal identitatearen “eman eta zabal ezazu” jarduera egitekoak bagara, eskaintzen ari garen errealitate distortsionatuaz jabetzea garrantzitsua iruditzen zait.

Publizitateari iruzurra egitea naturalizatu dugu, saltzeko unean produktua desitxuratzea onartzen dugu eta salmentek gora egiten dutenean, maltzurkeria legitimaturik gelditzen da eta salatariak bufoi papera du lurraldearen antzerkian.