argia.eus
INPRIMATU
Kronika: 'Liburu ausartak' jardunaldia
Isilak, mutuak, zuriak... eta ausartak
  • Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure arreta piztu zuen. Aragoiko Bibliotekan hartu gintuzten; Libros audaces (Liburu ausartak) lelopean bi eguneko programa zuten osatua. Hitzik gabeko liburuak, liburu isilak edo mutuak. Irudia euskarri nagusi (eta ia bakar) duten liburuei buruz aritu ginen orduan, eta han aztertutakoak xehatuko ditugu artikuluan.

Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2024ko uztailaren 04a
'Mirror' (Ispilua) liburua, Suzy Leerena.
'Mirror' (Ispilua) liburua, Suzy Leerena.

Aurreneko egunean hainbat argitaletxeren mahai-ingurua izan genuen alde batetik. Zergatik eta zertarako argitaratu liburu ausartak, zer suposatzen duen erabaki horrek, nola aukeratzen diren materialak eta ikastaroaren antolatzaile zen elkarteko kideek argitaratutako adibide batzuk erakutsi zizkiguten. Originalak eta interesgarriak izanik, liburuak gure eskuetan izateko irrika sentitu genuen, poltsikoan egingo genuen zuloaren beldurrarekin batera. Bestetik, haur literaturan arte abstraktuaren erabilera historikoa zein izan den kontatu zigun Anna Castagnolik. Hizlari bikaina da, sutsua eta apasionatua.

Bigarren egunean ere hainbat ekintza egin genituen, denak interesgarriak. Baina artikulu hau egitera animatu nauen interbentzioa ekarri nahi nuke orriotara. Rosa Tabernerok zuzendu eta María Jesús Colonek ikertutako lana aurkeztu zigun azken horrek: El álbum sin palabras y la construcción de una comunidad lectora en la biblioteca pública (Hitzik gabeko albuma eta liburutegi publikoetan irakurle taldea eratzea). Landa eremuko herri txiki bateko liburutegian 3 eta 11 urteko 41 haur elkartu ziren ikasturte batean zehar. Haurrak talde txikitan elkartzen ziren hitzik gabeko albumak irakurtzeko. Ba al dakizu album hitzaren jatorri etimologikoa zein den? Nik ere bertan ezagutu nuen: latinetik dator eta zuria esan nahi du.

Saio horietan haurrek liburuak irakurri, interpretatu eta iruzkindu egiten zituzten Colon ikertzailea behatzaile zegoen bitartean. Ikusi zuen lehen gauzetako bat honako hau izan zen: idatzizko testuak ulertzeko erabili behar diren tresna eta gaitasunak erabiltzen zituzten haurrek irudien zentzua ulertzeko. Gainera, hitzik gabeko albumek ahozkotasuna eta kolektibotasuna hobesten zuten. Izan ere, irudien irakurketak interpretazio ugari sortzen zituen eta egoerak hipotesiak kontrastatzera behartzen zituen. Modu horretan, irakurle komunitate inklusiboa sortu zuten: adin, jatorri eta maila akademikoaren gainetik parte-hartzea errazten zuten albumek.

Hainbat libururen adibideak jarri zizkigun eta saioetako audioak entzun ahal izan genituen. Hasieran, haurrek egiten zituzten irakurketak deskribatzaileak ziren oso, baina poliki-poliki interpretazio narratiboak egiten hasi ziren. Behin irakurketa amaituta eta irakurritakoari buruzko elkarrizketa edukita, berrirakurketa bat egiten zuten, kontaketa urrunagotik eginda: pertsonaien sentimenduak aipatzen zituzten, pertsonaien arteko harremanak zeintzuk ziren komentatzen zuten edo irudiek esaten ez zuten zerbait gehitzen zuten. Horrez gain, zalantzak partekatzen zituzten, hausnarketarako galderak planteatu eta ideia arteko loturak egin. Finean, irudiak irakurtzeko, idatzizko testuak irakurtzeko erabiltzen diren estrategia narratibo konplexuak erabiltzen ari ziren: deskribapena, interpretazioa eta analisi kritikoa.

Entzun ahal izan genuen adibideetako batean, agerikoa zen nola haurrek albuma antzezteko erabakia hartu zuten, bakoitzak pertsonaia baten ahotsa jarri eta elkarrizketak asmatuta, norbaitek narratzailearen rola hartuta eta abar. Beste batean espontaneoki marrazten hasi zirela kontatu zuen Colonek. Eta hitzik gabeko albumek sormena suspertzeko zuten funtzioari balio handia eman zion. Irakurketa ohiturak ere aldatu egin ziren esperimentua egin zuten herrian. Liburutegia elkartzeko gunea bezala identifikatu zuten bai haurrek eta bai familiek, herriko jendearen irakurketa ohituretan eraginda.

Tonu nahiko lauan hitz egin zuen Colonek, baina ikerketako ideia nagusiak, adibideak eta ondorioak kontatu ahala bihotz taupadak azeleratu zitzaizkidan, burmuina martxan jarri zitzaidan eta interes handia piztu zidan. Izugarri gustatu zitzaidan hizlariak kontatu ziguna. Artikulu honetara adibide gutxi batzuk ekarriko ditut.

'Wave' (Olatua) liburua, Suzy Leerena.

Helduok ilustratuak diren liburuekiko aurreiritzi dezente eduki ohi ditugu, eta hitzik gabekoak badira, are gehiago. Hitzik gabeko liburuen artean, ordea, badaude helduontzat oso interesgarriak diren materialak. Suzy Leerenak ezagun samarrak dira: Mirror (Corraini, 2003), Wave (Chronicle books, 2008) eta Shadow (Chronicle books, 2010), esaterako. Hirurek amankomunean dutena mugaren inguruko hausnarketa da. Zeintzuk dira erreala eta irudimenaren arteko mugak? Muga bat al dago bien artean? Ametsak zein dimentsiotakoak dira? Eta zeintzuk dira liburuaren mugak? Anbiguotasun horretan mantendu ohi gaitu autoreak, irakurlea ere arinaren eta sakonaren arteko mugan jarrita. Protagonistek bezala, irakurleok ere gozatu eta jolasteko egin dituela mugak esan izan du autoreak, irakurketa jolasa ere badela gogorarazteko.

'Shadow' (Itzala)

Jardunaldietatik bueltan, Boloniako haur eta gazte literatur azokako irabazlea Issa Watanaberen Kintsugi liburua zela jakin nuen. Hura bai sorpresa. Kintsugi hitz japoniar bat da: zeramikako pieza hautsiak erretxina eta material nobleekin konpontzeko arteari esaten zaio, hausturak bistan utzi eta piezak izan duen bizitza hauskorrari edertasunezko balio bat emateko helburuz egiten dena. Berehala irakurri eta liluratu ninduen. Autorearen ama ere ilustratzailea da, eta aita poeta. Watanabek poesia ilustratzen du hitzik idatzi gabe. Atzealde beltzaren gainean garbiak eta eleganteak diren ilustrazioek hartzen dute protagonismoa. Ikasitakoak estimulatuta eta liburu argitaratu berria eskuetan frogatu beharra nuela pentsatu nuen: lagun bati oparitu nion eta idazteko gogoa berpiztu zitzaion. Irakurle taldeetan pautarik eman gabe proposatu eta irakurketa kolektiboak egin ditugu. Haurrek bezala, lehenengo irakurketa deskribatzaileak egin ditugu, gero interpretatzaileak eta analisi kritikora iristeko elkarrizketak jarri dira martxan. Erresistentzia puntu batekin hasi garen arren, algarek, jolasek eta harridurak hartu dute lekua.

Gu ere hala bueltatu ginen Zaragozatik etxera. Pozik, poltsikoak hutsik baina bihotzak beteta.

'Kintsugi', Boloniako haur eta gazte literatur azokako lan irabazlea.