“Haurren parte-hartzeak ezin du izan eserita eta hitzaren bidez bakarrik”

  • Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri Hezitzaileen Sareko kide Maite Azpiazu Errazkinek eman dizkigu azalpenak.

Argazkia: Ibai Arrieta / ARGIA CC-BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Haur eta gazteei galdetu zer nahi duten eta zerrendarekin udalera edo dena delakora joan. Horrela ulertzen al dugu maiz parte-hartzea? Hori baino konplexuagoa ez al da?

Bai, asko sinplifikatu dugu parte-hartzearen kontzeptua, eta haurren kasura eramaten dugunean are agerikoagoa da. Haurrek zerbaitetan parte hartzea da, oro har, helduok prestatu dugun ekintza bat haurrek kontsumitzea. Hortik harago joateko gogoa egon den kasuetan, iritsi gara haurren iritzia edota nahia entzutera, “zer nahi duzu?” galderarekin, baina jakina, horrela galdetuta, Olentzerori idatzitako gutuna atera ohi zaigu. Niri ere galdetuko balidate zer nahi dudan, beste lanketarik gabe, auskalo zer botako nukeen. Gero zerrenda udalera iristen da, udalak erabakitzen du zeri bai eta zeri ez heldu, eta martxan jartzen dute. Nahiko eredu asistentziala da: hitza ematen diegu, baina gero nahi duguna egiten bukatzen dugu. Egin ohi dugunari parte-hartze soziala deitzen zaio: haurrak informatu eta haien hitza entzun, eta ia-ia beti haurren gaien inguruan galdetzen diegu, eskolako patioen eta parkeen inguruan, helduen moduak jarraituta, alegia helduok parte hartzen dakigun moduetan, bilera edo asanblada formatuan, jesarrita eta hitza hartuta.

Pilotajean ariketa sinple bat egin dugu: bakoitzak kontatu du bere lehen oroitzapen parte-hartzailea, zerekin lotzen duen parte-hartze hori, eta atera dira partaide izatearen sentimendua, erabakitzeko ahalmena, autoantolaketa, eskubidea, taldea… Hori guztia ez da aintzat hartzen parte-hartze prozesuetan. Beraz, parte-hartze sozialetik parte-hartze protagoniko baten bila joan behar dugu: haurrei lagunduz beren beharrak identifikatzen, “irakatsiz” autoantolatzen, prozesua kudeatzen, ebaluatzen, hobekuntzak txertatzen… izan dadin prozesu ahalduntzailea eta kolektibo gisa kontzientzia har dezaten.

Diozun moduan, helduen ikuspegitik bideratu izan da haurren parte-hartzea (batzarra eta hitza). Esperimentatu al dituzue haurren kulturatik gertuago dauden parte hartzeko moduak?

Pilotajearen tarte zabal bat eskaini diogu aztertzeari zer den haurtzaroaren kultura, zein ezaugarri dituen. Denok izan gara haur, berehala datozkigu burura jolasa, mugimendua, sozializazioa, lagunak, askatasuna, arriskua, plazera, natura, zikintzea, bustitzea… Haurrekin egin behar badugu parte-hartze prozesua, gure lan tresnak horiek izan behar dute, eta hor ez gaude eserita eta hitzaren bidez parte hartzen. Azken finean, hizkuntza da haurrak garatzen duen azkena, ahalegin handia eskatzen ari gatzaizkio bere pentsamendu guztia hitzetara ekarrarazten, komunikazio bide hori hainbeste kontrolatzen ez duenean. Hala, beste adierazpen mota batzuk arakatu ditugu: antzerkia, rol jolasak, maketak, jolasa, eraikuntza, marrazkiak, eskultura… Parte hartzeko modu horiek, gainera, interesgarriak dira helduontzat ere, jende asko dagoen bilera batean, eta gaiaren arabera, agian ni neu ere ez naizelako ausartuko hitza hartzera, baina parte hartzeko metodologia zabaltzen badugu, erosoago sentitu gaitezke.

Adibide bat: Garaion Sorgingunean, Araban, zumitzezko egitura parte-hartzaileak diseinatzen dituzte haurrekin. Ume bakoitzaren marrazkietatik abiatuta, adosten dute nolako egitura nahi duten egin zumitzez, eta landatu egiten dute, gero ureztatu eta zaindu, behin hazten denean kimatzen ikasten dute… Parte hartzearen helburua ere ez baita zerbait puntuala izatea, parte-hartzearen kultura sortzea baizik.

"Haurtzaroaz hitz egitetik pasa gara haurtzaroez hitz egitera, eta beti izan dugu buruan bazterreko haurtzaroetara iristeko ahalegin berezia egin behar dugula, bestela familiek animatzen dituztenak baino ez direlako etorriko"

Eta kultura hori barneratzeko, nola ikasten da txikitatik parte hartzen?

Guk diogu haurra parte-hartzean heztea dela intimitatetik komunera doan ibilbide bat. Lehenengo parte-hartzea familian hasten da, etxeko giroan, hor ematen delako “ni”-aren, nortasunaren, lehen eraikuntza. Haurraren erritmoak, loa, jana… errespetatzen dituzun ala ez, hazkuntza izan daiteke autoritarioagoa edo parte-hartzaileagoa. Bigarren esparru parte-hartzailea litzateke eskola, “ni”-tik “gu”-ra salto egin eta talde batean ari da haurra, eta hor ere eskola izan daiteke parte-hartzaileagoa edo izan daiteke autoritarioa. Eta hirugarren parte-hartze esparrua herria litzateke: komunitatearen parte diren heinean, haurrak komunitate horren parte aktibo izatea litzateke helburua, beraien behar kolektiboak asetzeko, batetik, eta herria haurtzaroaren txikitasun horretatik eraldatzeko, bestetik.

Herriko erabakietan haurrek parte hartzea udalak bideratu behar du?

Guretzat prozesu honen gakoetako bat izan da udalak bakarrik ez inplikatzea, bestela haurra-udala edo haurra-instituzioa harremanera mugatzen dugulako. Harreman hori oso landua du Tonuccik [Haurren hiria liburuaren egile eta pedagogo italiarrak], eta Haurren Kontseilua proposatzen du, zeinaren bidez instituzioek haurrengana jotzen duten haien iritzia entzuteko. Komunitatea, baina, udaletik harago doa, haur baten gertuko komunitatea beste eragile batzuek ere osatzen dute, eta pilotajean gure apustua izan da komunitate horren ordezkaritza bat osatzea: udalarena, hezkuntza formaleko sare ezberdinetako ikastetxe eta guraso elkarteena, eta hezkuntza ez formalarena (tokiko aisialdi elkarteena). Denen artean pentsatu dugu herri mailan nola eragin dezaketen haurrek.

Irakaskuntza prozesu horretan, zein rol du helduak, haurren iritzi eta erabakietan gehiegi ez kutsatzeko, baina aldi berean dena libre ere ez uzteko?

Oreka inportantea da, baina helduok asko dugu desikasteko, egunerokoan zertan parte hartzen dugun begiratuko bagenu, agian ez zaigu zerrenda luzea aterako. Alegia, helduak izanagatik, gurea ez da hobea. Pilotajean atera den beste puntu bat izan da mugen garrantzia: parte hartzeak ezin du izan dena libre, zer nahi dugun galdetu eta igerilekua, aquariuma eta beste zerrendatzea. Parte-hartzeak mugak ditu, komunitatean bizitzeak mugak dituelako, eta ez gara ari muga ekonomikoez bakarrik, muga hezitzaileak, ekologikoak, etikoak… daude.

Bestalde, haurrek parte hartzeaz ari garenean, gakoetako bat da beharra nondik atera den: udalak parke bat eraldatu nahi badu, beharra ez da haurrena, udalarena da, parte-hartze prozesua diseinatuta dago emaitza bat lortzera eta tarte gutxi dago parte-hartze hori haurren moldeetara eta denboretara ekartzeko. Aldiz, haurrengandik ateratzen bada gaia, landu nahi dutena, prozesuak beste pisu bat du, eta hor ongi adostu behar da helduak zein rol jokatuko duen, ez dadin izan bera protagonista (“zuen ideiak nik bideratuko ditut orain”): helduen presentzia bai, baina menpekotasunik sortu gabe.

"Gakoetako bat da beharra nondik atera den. Haurrengandik ateratzen bada landu nahi dutena, prozesuak beste pisu bat du, eta ongi adostu behar da helduak zein rol jokatuko duen"

Haur eta gazteetatik harago, eta aurrez diseinatuta dauden parte-hartze faltsu horietatik harago, herritarren parte-hartzeak zein leku du gizartean, dena hain instituzionalizatuta, delegatuta eta indibidualizatuta dugun garaiotan?

Pasa gara modu oso komunitarioan bizitzetik instituzioetan asko delegatzera. Gure parte-hartzearen bidez lortzen genituen hainbat gauza instituzioek egiten dute orain, soldatapean. Baina instituzioek mugak dituzte parte-hartze hori benetakoa izan dadin, soltatzeko eta askeago jokatzeko; horregatik, instituzioak parte-hartze prozesuan inportanteak diren arren, ezin dute lidergoa hartu, rol erraztailea behar lukete izan, sortzen ari den horri bidea eta baliabideak emateko. Udalak erraztuko du, baina komunitate bat, herritar talde bat egon dadila atzean, behar bat sentitu duena eta aktibatu duena. Eta nik uste dut herri honetan asko dugula hortik oraindik; baliabide gutxi dituzten herri txikietan adibidez, herrigintzak ateratzen ditu aurrera herriko jaiak, kirol eta kultur elkarte eta taldeak, eta beste. Badugu modu propio bat autoantolatzeko eta parte hartzeko. Bestela, instituzioek parte-hartzea erabiltzen dute beren erabakiak zilegitzeko: “Galdetu dugu, jaso dugu eta egin dugu, hau da herriak nahi duena”. Baina badakigu nork hartzen duen parte halako prozesuetan eta nor geratzen den kanpoan, zein zailtasun dituen instituzioak herriko hainbat ahotsetara iristeko. Instituzioek adi egon beharko lukete herrietan pizten diren su txiki eta iniziatibei bidea irekitzeko, parte-hartze dinamikak behetik gora egituratzeko.

Lau herritan, esperientzia pilotu bana egin duzue, azarotik martxora.

Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek parte-hartze kulturara ohitzen joan daitezen, trebatu daitezen, herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Lau herritan, haurren parte-hartzerako kanal iraunkor bana diseinatzeari eskaini diogu ikasturtea, eta datorren ikasturtean, diseinatutako horiek martxan jarriko dira. Hernani, Oiartzun, Segura eta Itziar aukeratu genituen (lauak Gipuzkoakoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu duelako diruz), eta bakoitzean lantaldea sortu dugu, herriko udalaren, hezkuntza formalaren eta ez formalaren ordezkariek osatuta. Arreta eman digu gaiak zein ilusio piztu duen: hilero bildu gara eta kideak mantendu egin dira hasieratik bukaerara, arduratik eta gogotsu hartu dute gaia.

Gure hipotesia zen haurren parte-hartzerako kanal iraunkor horrek tokian toki forma ezberdina hartuko zuela, eta halaxe izan da. Gero azalduko dut bakoitzean zein forma hartu duen. Diseinatu duguna, dena den, abiapuntua baino ez dela ikusi dugu, haurrak elkartzen hasteko aitzakia, eta ahalik eta malguena izango da, haurrek eurek aldatu eta eraldatuko dutena, zeren bestela berriro ere ari baikara helduak haurrentzat diseinatzen.

Prozesu honetan, interesgarria izan da haurtzaroaz hitz egitetik pasatzea haurtzaroez hitz egitera, azken finean haurtzaroa delako beste aldagai mordo batek zeharkatzen duen bizitzako etapa bat gehiago (generoa, klase soziala, familia ereduak, desgaitasunak…), eta beti izan dugu buruan bazterreko haurtzaro horietara iristeko ahalegin berezia egin behar dugula, bestela ohitura dutenak edo familiek animatzen dituztenak baino ez direlako etorriko.

Konturatu gara, baita ere, zaila dela esperimentatzea, ez gaudela ohituta. Teoria badakigu, prozesua dela baloratu behar dena eta ez emaitza… baina hirugarren saiotik aurrera a zer nolako urduritasuna, ageriko emaitzarik ikusten ez zelako. Horrez gain, utopia eta errealitatearen arteko aldea kudeatu behar da: argi genuen zer nahi genuen, baina beste kontu bat da zer ahal dugun. Eta oreka hori mantentzea zaila bezain interesgarria izan da.

Gainera, gai honetan ereduak falta zaizkigu. Bila aritu gara, baina oso gutxi dago eginda, Tonucciren Haurren Kontseiluak eta Unicefen eredua, zeinetan udal teknikariak eskoletan sartzen diren, hortik aurrera gutxi gehiago, apenas dugun heldulekurik inspiratzeko edo kopiatzeko. Esperientziak falta zaizkigu eta dena dago egiteko.

"Udalak parte-hartzea erraztuko du, baina komunitate bat, herritar talde bat egon dadila atzean, behar bat sentitu duena eta aktibatu duena"

Haur eta gazteentzat diseinaturiko parte-hartze kanalek zein forma hartu dute herri bakoitzean?

Seguran gaztelekuan hasiko gara datorren ikasturtean. Hilean behin Lehen Hezkuntzako haurrei ere sartzen utzi, eta asmoa da beraiek nahi duten zerbait ekarrita, pelikula bat adibidez, hitz egiten hastea eta haurren taldea osatzen joatea, izan dadin gaztelekua beren beharrez eta herrian aldatu nahi dutenaz eztabaidatzeko espazioa. Itziarren, Lehen Hezkuntza osoa hartu (30 ume) eta hilean behin Burugorri Martxan aisialdi taldearekin hasiko dira ametsetako Itziar egitasmotik lanketa egiten. Hernanin, ikastetxeen ordutegien barruan egingo da, baina ikastetxetik kanpo: haurren ordezkaritza bat arituko da (haur asko direlako), eta lanketa batzuk ikasgelara eramango dituzte. Hernaniko Ereñotzu auzoak erabaki zuen beraien prozesu propioa egitea datorren urtean, aisialdi orduetan umeek aukeratutako gaiei tiraka udazkeneko misioa eta udaberriko misioa abiapuntu hartuta. Azkenik, Oiartzunen prozesuaren une batean erabaki zuten gelditzea eta datorren ikasturtean haurrekin eurekin egitea prozesua, egitura ere haurrekin beraiekin sortzeko.

2024-25 ikasturtean erronka izango da diseinaturiko horiek haurrekin eurekin martxan jartzea. Hezitzaileak formatzea ere inportantea izango da, herri arteko foroak sortzea pentsatu dugu, elkarrena partekatzeko. Eta ez dezagun ahaztu herri batzuetan haurren batzordeak badituztela edo sortzen ari direla: Azpeitia, Zumaia, Durango, Baztan, Lesaka… Goazen jakintza hori guztia biltzera, behaketarako tresnak eta metodologia ere prestatu ditugu, eta ekin diezaiogun esperimentatzeari.

Zuen prozesua ikerketa bilakatuko du EHUk. Zer suposatzen du?

Sekulako oparia izan da. EHUko Auzolana Hezkuntzan ikerketa taldeak egin dugun lan hori guztia ikerketa-lerro bilakatuko du eta Oinherritik modu intuitiboan egiten ari garen honi guztiari argudiaketa bat, marko bat, jartzeko balioko du, formaziorako eta dibulgaziorako aukerak zabalduko ditu. Sortu nahiko genuke tresna bat, haurren parte-hartzean sakondu nahi duen edozein herrirentzat erabilgarri.

Gainera, Haur eta Nerabeen Legea onartu berri du Eusko Jaurlaritzak eta parte hartzeko duten eskubidea jasotzen du.

Lagungarria izan daiteke, baina betiko moduan, legeak dioena dioela, baliabideak jartzen ez badituzu, ez doa inora. Eta aldi berean, udalean, eskolan, komunitatean ez badago begirada hau, ez badago barneratuta txikitatik parte hartzeko eskubidea dutela haurrek orain eta hemen, alferrik da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herritarren parte hartzea
2023-06-20 | Ilargi Manzanares
Zuberoko trenbide zaharra errepide bihurtzearen aurkako protesta ibilaldia egin dute

Ekainaren 17an egin dute ibilaldia ‘Les Voix du Saison’ taldeak antolatuta, eta errepidearen aurka proiektu alternatiboa aldarrikatu.


2022-11-22 | Jon Torner Zabala
Emun kooperatibak 25 urte
Tailerrak euskalduntzetik, gai sozialetan eragitera

Emun lan mundua euskalduntzeko helburuarekin sortu zen 1997an. Genero berdintasuna, parte-hartzea, gizarte erantzukizuna... beste hainbat esparrutan ere eragile da gaur egun, berrikuntza sozialaren hariari tiraka. Kooperatibako lau langilek haien bizipenak kontatu dizkigute, eta... [+]


2022-10-24 | Lide Iraola
Baztango alkateek herri galdeketa antolatu dute azaroaren 20rako, Erdizko lurrak meatzaritzarako erabiltzeari buruz

Magna meatze enpresak lurrak okupatzeko eskaera ari dira eztabaidatzen Nafarroako Parlamentuan. Baztango alkateek salatu dute herritarrei dagokiela erabakia. Espainiako Gobernuak jada bi aldiz debekatu diete herri galdeketa aurten.


Gero eta udalerri gehiago batzen ditu Herri Hezitzaileen Sareak

Hezkuntzaren ardura konpartitua dela eta familiaz eta eskolaz harago herria bera eremu hezitzailea dela, herritarrak hezitzaile ere badirela ulertzen du Herri Hezitzaileen Sareak. Otxandiok (irudian) bat egin berri du sarearekin eta dagoeneko 36 herri direla jakinarazi dute.


Haur eta nerabeen parte-hartzea errazteko gida aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Administrazio publikoan nahiz hezkuntza arloan, nola diseinatu prozesu parte-hartzaile bat, zeinetan haur eta nerabeak izango diren protagonista? Galdera horri erantzuna eman nahi dion gida plazaratu du Nafarroako Gobernuak, hainbat adituren laguntzaz.


Biziola, Goierri bizigarriago bat egiteko fabrika martxan da

Pasa den martxoaren 12an aurkeztu zuten Goierriko kooperatiba eraldatzailea eta, orain, herriz herri aurkezpenak egingo dituzte, proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoak dituzten 500 bazkide lortu asmoz. Eskualde “burujabeago, iraunkorrago eta orekatuagoa” bermatuko... [+]


2021-12-16 | Estitxu Eizagirre
Arantxa Mendiharat, prozesu deliberatiboen kudeatzailea
“Interesgarria litzateke ikustea herritarren asanblada batek zer neurri hartuko lituzkeen COVID-19ari dagokionez”

Demokrazia posible da. Zozketa zibikoa eta deliberazioa herritarren boterea berreskuratzeko (La democracia es posible... gaztelaniaz) liburuaren egileetako bat dena elkarrizketatu dugu, gure eguneroko bizitzako oinarrizko erabakiak inoiz baino gutxiago herritarrok hartzen... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2020-07-20 | Z. Oleaga
“Penko” kolektiboa EAEko hauteskundeetan

Demokrazian penko, suspentso, kate, gutxiegi. Politika egiteko oinarritzat hauteskundeak eta bozak dituen jendarte batek hori esan beharko lioke bere buruari herritarren erdiak "festan" parte hartu ere egiten ez duenean, ezta?


Polizia gehiegikeriek matxinadak piztu dituzte Frantziako hainbat auzo txirotan

Apirilaren 18an Villeneuve-la-Garenne auzoko gazte batek moto istripua izan zuen poliziak probokatuta eta horrek piztu ditu suteak eta haserreak hainbat auzo popularretan. Orokorki, auzo horietako biztanleek azkarki bizi dituzten diskriminazio eta desberdintasun... [+]


2019-11-21 | ARGIA
Eneko Goiak ez die beren egoera azaltzen utzi luiziak kaltetutako herritarrei

Donostiako Antiguo auzoan izandako luiziaren ondorioz etxean sartu ezinik geratu diren auzotarrak udal plenoan izan dira ostegun goizean. Eneko Goia alkateak ez du haien iritzia entzuteko baimenik eman, batzarraren araudia errespetatu behar dela argudiatuz.


Konstituzio berri bati buruzko erreferenduma egingo dute Txilen

Gobernua eta oposizioa ados jarri dira, eta 2020ko apirilean egingo dute. Herritarrek konstituzio berria nahi duten ala ez eta horren eraketaren ingurukoak izango dira galderak.


Eguneraketa berriak daude