argia.eus
INPRIMATU
Fronte Herritar Berria izan da garaile Ipar Euskal Herrian
  • Eskuin muturrari aurre egiteko bildu diren ezkerreko indarren aliantzak lortu du boto gehien Ipar Euskal Herrian. Ezkerreko aliantzak 11.000 botoko aldea atera dio bigarrenari, RN Batasun Nazionalari. Macronen Ensemble alderdia hirugarrena izan da. Fronte Herritar Berria hiru bozka eremuetan lehen indarra izan da.

Onintza Irureta Azkune @oirureta Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 03a

Fronte Herritar Berriak Ipar Euskal Herriko botoen %31,98 (55.206 boto) eskuratu du. Eskuin muturrak, RN Batasun Nazionalak, %25,61 (44.214) bildu du eta Macronen Ensemble alderdiak %22,28 (38.470).

Fronte Herritar Herritar Berria hiru barrutietan izan da irabazle. Laugarrenean Iñaki Etxanizek botoen %38,01 lortu du; bosgarrenean Colette Capdeviellek %32,30, eta seigarrenean Peio Dufauk %29,43.
Eskuin muturra hiru barrutietatik bitan bigarren indarra izan da, laugarrenean eta bosgarrenean. Seigarrenean, berriz, hirugarren tokian gelditu da, Macronen alderdiaren atzetik (laugarren barrutian ez da egon Macronen aldeko hautagaitzarik).
EH Bai alderdiak Fronte Herritar Berriaren barruan hartu du parte hauteskunde hauetan. Emaitzak jakinda, sare sozialetan azpimarratu du Ipar Euskal Herrian eta hiru barrutietan Fronte Herritar Berria izan dela lehen indarra, eta era berean, kezka agertu du eskuin muturrak aurrera egin duelako: "Lurralde honetako adostasunak eta funtsezko baloreak babesteko momentua da. Denek arduraz jokatzera deitzen dugu".

Baliteke hiru hautesbarrutietan hiru hautagaien arteko lehia izatea bigarren itzulian. Hain zuzen, hirugarren kokatu diren hautagaiek –Lassallek laugarrenean, Lasserrek bosgarrenean eta Lastecoueresek seigarrenean– jakitera eman dute lehian mantentzeko asmoa dutela. Uztailaren 7an izango dute bigarren itzulia.