argia.eus
INPRIMATU
Botoen %34 lorturik, eskuin muturra da Frantziako Estatu mailako garaile handia
  • Eskuin muturreko RN alderdia da Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzuliko garaile handia. RN alderdiak %33,15 jaso du, ezkerreko Fronte Herritar Berriak %27,99 eta Macronen Ensemble alderdiak %20,04.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 03a
RNko Jordan Bardella. Argazkia: AFP

Azken urteetan sekulako indarra hartzen ari da eskuin muturra Frantziako Estatuan, eta ekainaren 30eko bozetan baieztatu egin da alderdi nagusien artean sendoturik dela: 2017an %13,20 lortu zuen RNk legebiltzarrerako bozetan, 2022an %18,68 eta aldi honetan %34,36. Hots, 2017an zortzi diputatu zituen, 2022an 89 lortu zituen eta lehen itzuli honetako emaitzak ikusirik, gehiengo osoa lortzeko 289 diputatu lortzearena egingarri zaio. Hain zuzen, ageriko da uztailaren 7ko bigarren itzulia nola iraganen den, baina lehen itzuliko emaitzen arabera, baliteke 240 eta 270 aulki artean edo gehiago lortzea. Gehiengo osoa lortu gabe ere, lehen indarra bihurtzeko aukera alimaleak ditu eta horrek ekarriko luke eskuin muturraren eta Emmanuel Macronen arteko kohabitazio gobernu bat osatzeko urratsa, lehen ministroaren kargua RNko Jordan Bardellak edo bere hurbileko batek hartuta.

Eskuin muturra boterera eramateko arriskua dela eta, ekainaren 9an Legebiltzarra desegin eta hauteskunde berrietara deituz "suarekin jolastea" leporatu zioten Macron presidenteari ahots anitzek –ezkerreko alderdiek, gehiengoko diputatu andanak baita eskuineko hainbatek ere–. Hori horrela, arriskua ikusirik, hautesleak bozkatzera joan dira eta parte-hartzea azken 25 urteetako handiena izan da: %66,7koa. Baina emaitzak ikusiz gero, argi da eskuin muturrak bere aldekoak ere mobilizatu dituela. %66,7ko parte-hartzearekin sekulan baino argiagoa du Macronek bere aurkako mezua. Zaplaztekoa bildu du: 2022ko lehen itzulian, botoen %25,75 jaso zuen, aldi honetan baino bost puntu gehiago beraz.  2017an gehiengo osoa lortu zuen 351 aulki irabaziz; baina 2022koetan aurkakotasuna bozken bidez sentitu zuen, 106 aulki gutiagorekin eta horrekin batera gehiengo osoa galduz. Ekainaren 9an Frantziako Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara deituz bere gehiengoa azkartzea zuen helburu, baina erabat tronpatu da: 60 eta 90 diputatu artean lortu ditzake.

Bigarren itzuliari begira, Macronek deitu du "argiki demokrata eta errepublikarra izanen den batasun zabal" baten alde egitera. Lehen ministro Gabriel Attalek ere ondokoa argitu du: "Boto bakar bat ere ez RNri". Macronen aldeko Ensemble koalizioaren kontsigna zera da: hirugarren kokatu diren hautesbarrutietan hautagaitza kentzera, RNaren parean gelditzen denari garaipena errazteko. Hala ere, ez dute ofizialki ezkerreko Fronte Herritar Berriaren alde egitera deitu, nahiz eta, berez, RNari bidea mozteko aukera bakarra ezkerreko hautagaitzarena izan.

Inskribatuen botoen %12,5 baino gehiago egin dutenak pasa daitezke bigarren itzulira –abstentzioa %33,3koa izanik, %19 baino gehiago lortu dutenak–. Buruz burukoak edota hiru hautagaien artekoak izanen dira bigarren itzuliak. Parte-hartze handia dela eta, sekula baino hiruen arteko lehia gehiago izanen da: 285 eta 315 hautesbarrutitan gertatu daiteke. Demagun, Ipar Euskal Herriko hiru eremuetan bada triangelu-formako lehia izateko aukera. Uztailaren 2ko 18:00 dute bigarren itzulirako hautagaitza aurkezteko azken epea. Bizkitartean eta astearte arratsaldea arte, negoziazioek eta boto konsignek garrantzia handia ukanen dute.

Lehen itzuliko emaitzen panorama argitu bezain laster hartu zuen hitza ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean Jean-Luc Melenchonek: "Gure konsigna sinple da, zuzena eta argia: boto bat edo aulki bat gehiagorik ez RNarentzat". Ezkerreko blokea hirugarren kokatu den hautesbarrutietan erretiratzeko manua eman die bere hautagaiei.

Eskuineko Errepublikarrak alderdiak, ordea, ez du boto konsignarik eman –nahiz eta bere buru den Eric Ciottik eta Europako hauteskundeko zerrendaburu François-Xavier Bellamyk argitu ezkerraren eta eskuin muturraren arteko lehian RNaren alde bozkatuko dutela–. Botoen %6,57 lortu du Errepublikarrak alderdiak, eta aurreikusten da 30 eta 50 diputatu artean lortu ditzakeela.

Bigarren itzuliari begira

Eskuin muturraren indarra baieztatu dela, gehiengo osoaren garrantzia azpimarratu du Marine Lepenek. 289 diputatu beharko lituzke RNak gehiengo osoa lortzeko (2022an 89 lortu zituen) eta egingarria zaio. Jordan Bardellak gogorki hitz egin du ezkerraren aurka –"kaosaren agenteak", "mehatxu existentzialak", "supiztaileak"...–, eta RNren hautagaitza leunduz gainera: "Elkarbizitzarako Lehen ministroa izanen naiz, Konstituzioa eta Errepublikako presidentearen kargua errespetatzen dituena, baina Frantziaren zerbitzura eta frantsesen zerbitzura ezarriko den politika zorroztasunez eramanen duena".

577 hautesbarrutiei begiratuz gero, RN alderdia lehen indarra atera da 297 eremutan, Fronte Herritar Berria 155tan –tartean, dira Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutiak– eta Macronen aldekoak bakarrik 62tan –2022ko lehen itzulian, aldiz, 204tan atera zen garaile–. Uztailaren 7ko bigarren itzulirako aste ttipi bat eskas dela, bigarren kanpainerako giro sutsua aurreikusten da eremu ezberdinetan. Eskuin muturra boterera heltzeko bezperan izanik, ze heinetakoa izanen da RNari bidea mozteko mezua? Lehen itzuliaren aitzineko mezuetan ez da nagusitu den mezua izan –alderantziz, gobernukideak zein mainstream komunikabide handiak ezkerraren mamua eraikitzen eta hauspotzen aritu dira, "bi muturren arriskua" hein berean jarriz. Hori horrela, RN eta ezkerreko blokearen parte den LFI Frantzia Intsumisoa hein berean jartzeko "mekanismo jasanezin eta onartezin" horrekin bukatzeko deia egin die parekoei lehen itzuliaren biharamunean LFIko koordinatzaile Manuel Bompardek.

Botoen %50 baino gehiago lorturik, lehen itzulitik izendatuak izan direnak ere badira: 577 diputatuetatik 79 –tartean, RN alderdiko 39 eta ezkerreko Fronte Herritar Berria-ko 32–.

Dena dela, Legebiltzarraren osaketa berrirako bi aukera dira: edo RN eskuin muturrak gehiengo osoa lortzen du, edo Macronen alderdia are gehiago gutxiengoan izanen da, orain arte bezala bere politika aitzina eramateko zailtasun alimalean izanez.