argia.eus
INPRIMATU
Begirada gurutzatu eta engaiatuak
Amaia Alvarez Uria 2024ko uztailaren 05a
Gerezi-denbora / Montserrat Roig / Itzult: Amaia Apalauza Ollo / Consonni, 2024.
Gerezi-denbora / Montserrat Roig / Itzult: Amaia Apalauza Ollo / Consonni, 2024.

Sorpresa ederra izan da Consonni argitaletxeak argitaratu berri duen liburua. Ez nuen ezagutzen Montserrat Roigen lana eta aurkikuntza harrigarria izan da, zinez. Batetik, Franco hil berritan argitaratu zelako estreinakoz eleberria (1976an) eta garai hartako Bartzelona irudikatzen digulako begirada zorrotzez, alderdi sozioekonomiko eta politikoak aletzen baitira bertan. Bestetik, familia baten historia ekartzen digulako, hainbat belaunalditako kideen argi eta ilunekin, baina, batez ere, kanpo begirada batetik ezagutzen ditugun pertsonaiak, gerora, barruko ahotsetik entzuteko aukera ematen digulako, horrela, gure begirada birkokatzen behartzen gaituela.

Natàlia Miralpeix, hamabi urte Frantzian eta Ingalaterran bizi ondoren, Bartzelonara bueltatuko da. Diktadura frankistak Julián Grimau atxilotu zuenean –1962an, eta hurrengo urtean fusilatu zuten– joan zen eta Salvador Puig Antich exekutatu zutenean (1974an) bueltatu zen. Garai nahasiak bizi zituen bere familia burgesak eta erregimenaren amaiera eta garai askeagoen promesa artean dabiltza, ahal duten moduan.

Izenburua Jean-Baptiste Clément-en poesia batetik hartu zuen egileak, Pariseko komunarekin lotura duen kantua dela diote, baina gaia maitasunaren eta zoriontasunaren nostalgia ere izan daiteke. Eleberri honetan, haurtzaroaren eta gaztaroaren loraldiak gogoratzen dira eta helduaroaren eta zahartzaroaren gainbeheraz penatzen.

Engaiamendu politikoa ere oso presente dago, baina modu gatazkatsuan aurkezten da, ez era idealizatuan. Familia “on” batean katalanismoa, anarkismoa, antifrankismoa eta feminismoa agertzen dira eta langile klasekoekin eta pobreekin protagonistak izaten dituen harremanak ere gordin agertzen dira.

Asko gustatu zait, besteak beste, sexualitatea aske bizitzeko nahiarekin deskribatzen diren pasarte homoerotikoak, izan gizon ‘hetero’en artean, izan emakume ‘hetero’en artean; baita manifestazioa eta atxiloketa kontatzen diren zatia ere; edo hildako lagun minen doluak zenbateraino baldintzatu ahal dituen bizitzak.    

Egilea kazetaria zen eta protagonista argazkilaria. Bien begirada analitikoa dugu orriotan, aldaketa garai bat ulertu nahian, liburuaren azalean arrokek eta eguzkitakoek ezkutatzen dutenari buruz jardungo zaizkigunak.