argia.eus
INPRIMATU
Auxerreko haur txikien hilerria
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko uztailaren 05a

Aurtengo neguan INRAPeko (Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu Nazionala)  arkeologoek nekropoli berezia aurkitu dute Auxerreko (Frantziako Estatua) erdigune historikoan: haur jaioberrientzako edo hilda jaiotako haurrentzako erromatar garaiko hilerria. K.o. I. eta III. mendeen artean erabilitako nekropoliak bost maila kronologiko ditu eta horrek berresten du garai hartan haur txikien heriotza tasa oso altua zela.

Gainera, ikerlariek ikusi dute hilobiratzeak hainbat fasetako prozesu zainduak zirela eta askotariko objektu baliotsu eta babesleekin ehorzten zituztela jaioberriak. Hau da, ohiko gertakizuna izanagatik, Autessiodurum hirian behintzat, gorpuak ez zituzten besterik gabe abandonatzen.