argia.eus
INPRIMATU
Ospitalepeko zigor-sarekada oroimenean
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko ekainaren 27a
Duela 80 urte naziek zigor-ekintza egin zuten ospitalepean, baina luzaroan gertatutakoa isilean gorde zuten herritarrek.
Duela 80 urte naziek zigor-ekintza egin zuten ospitalepean, baina luzaroan gertatutakoa isilean gorde zuten herritarrek.Mieusement Médéric

Ospitalepea, 1944ko ekainaren 27a. Soldadu alemaniarrek sarekada egin zuten Zuberoako 80 biztanle inguruko herri txikian. Zortzi lagun hil zituzten zigor-ekintzan eta hemeretzi atxilotu, guztiak zibilak; horietatik bederatzi deportatuko zituzten eta kontzentrazio esparruetatik soilik bi irtengo ziren bizirik. Handik bi egunera, hilaren 29an, naziek beste sarekada bat egin zuten Ospitalepean, eta bi egun lehenago piztutako izua hauspotu zuten. Hainbat herritar galdekatu eta ondasunak errekisatu zizkieten.

Bigarren Mundu Gerra amaitzear zen, Paris handik bi hilabetera askatu zuten, baina Ospitalepea aspaldian zegoen gerra giroan murgilduta. 1939ko martxoan zabaldu zuten Gurseko esparrua Ospitalepetik lau kilometrora baitago. Hala, hasieran Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatu errepublikarrak esparrurako bidean ikusten zituzten, kamioietan edo oinez. Gero Alemaniatik etorritako juduak iritsi ziren esparrura, baita Ospitalepeko etxeetara ere, janari eske nagusiki.

Naziek 1943an okupatu zuten ingurua eta orduan hasi zen makia antolatzen. Ospitalepeko makiak Londresekin harremanetan zeuden eta handik armak bidali zizkieten behin baino gehiagotan. 1944ko ekainean hamar-hogei maki zeuden Ospitalepean, bost etxetan gordeta. Baina, beldurrak eta mesfidantzak jota, ekainaren 23an herria uztea erabaki zuten.

Horregatik, handik lau egunera, alemaniarrek hildakoak eta atxilotutakoak zibilak izan ziren. Baina, salatari batek emandako informazioa medio, naziek bazekiten nor ibili zen makiei laguntza eta babesa ematen. Hala ere, sarekadaren lehen biktimarekin nahastu egin ziren. Albert Lassarre Gursekoa zen, baina Ospitalepean ari zen lanean. Alemaniarrek tiro egin ziotenean, arrebak azaldu zien beste Lassarre baten bila ari zirela, erratu egin zirela. Orduan, alemaniarrek medikuari deitu zioten, baina, berandu, Albert Lassarre hil egin baitzen tiroen ondorioz.

Bizia eta oroimena salbatzen

Robert Elissondo (Ospitalepea, 1962) irakasle eta Ikerzaleak taldeko kidea da, sarekada hartako atxilotuetako baten semea, eta han gertatutakoak xehe ikertu ditu. Besteak beste, Marie-Louise Lasserreren testigantza bildu zuen. 2020an Miel Anjel Elustondok ARGIAn egin zion elkarrizketa batean kontatu zituen Marie eta Marie-Louise Lasserre Davances ama-alabek bizitakoak.

Marie-Louise François anaiarekin batera sartu zen erresistentzian, makian sartzen zirenei harrera egiteko. Alemaniarrak etxera sartu zitzaizkienean, anaiak ihes egitea lortu zuen. Ama-alabak atxilotu eta Baionara eraman zituzten lehenik, Bordelera gero, eta handik hilabeteko bide luzea egin zuten “tren mamuan” Alemaniako Ravensbruck esparrura iritsi arte

Marie-Louise François anaiarekin batera sartu zen erresistentzian, makian sartzen zirenei harrera egiteko. Alemaniarrak etxera sartu zitzaizkienean, anaiak ihes egitea lortu zuen. Ama-alabak atxilotu eta Baionara eraman zituzten lehenik, Bordelera gero, eta handik hilabeteko bide luzea egin zuten “tren mamuan” Alemaniako Ravensbruck esparrura iritsi arte. Lan behartuak, gosea, jipoiak, gaixotasunak… 350 kilometroko bidea ere egin behar izan zuten Orianenburg esparruraino. Zortzi hilabeteren buruan bizirik itzuli ziren biak.

Elissondoren hitzetan, “nire iduriko, bi gertakari heroiko egin zituen Marie-Louisek: lehena, hiltzetik eskapatu zen; bigarrena, eta harrigarriena, ama, 60 urteko emaztea, nazi-zerrategietatik bizirik sarrarazi zuen. Adineko pertsonak ez ziren bizirik irauten ahal, baina Marie-Louisek ama bizirik egoiten lagundu zuen egun oroz”.

Eta handik 60 urtera Elissondok berak, J.F Agerre ikerlariak eta Jean Loustau maki ohiak, besteak, gertatutakoa ahanzturatik salbatu zuten. Luzaroan isilean gorde ziren duela 80 urte gertatutakoak; maki ohiak urtero bildu ohi ziren Ospitalepeko oroitarrian, baina herritarrek, ekintza hartan zigortutako zibilek, ez zuten parte hartzen. “Luzaz, herritarrek pentsatu zuten, erran gabe, pagatuak zituztela erresistentziari zor zizkiotenak, eta, bestalde, oroit naiz aita zena erraiten makiaren kideak buruarin eta espantu zirela”, zioen Elissondok. 2004an, ordea, aipatutakoen ekimenez, lehenengoz, denak batera bildu ziren, handik aurrera Ospitalepeko sarekadaren oroimenari bizirik eusteko.