argia.eus
INPRIMATU
Gustua nirea da
BeƱat Muguruza Aseginolaza @Benatmug 2024ko ekainaren 26a

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Pascual Serrano kazetari eta idazleari irakurri nion ez dagoela hori baino gezur handiagorik. Duela hamar urte pasa idatzi zuen hori, irudiak berba osorik jan behar zuela ikusten hasiak ginenean. Tira, gezurtatu daitezkeela esaera zaharrak, alegia.

Beste bat: gustuez ez dago ezer idatzita. Ez dakit esaera asmatu zutenean hala ote zen, baina gaur egun ezin halakorik esan. Esaterako, nahiko hedatuta dago gustuak –neurri batean, behintzat– eraikuntza soziala direlako ustea, eta azkenaldi luzean horri buruz asko idatzi da, idazten da. Beraz, genero, arraza edo klaseagatik baztertu edo egokitzen ditugun bezala hitzak, esaerak eta esamoldeak, ezin al genuke gauza bera egin horiekin, besterik gabe, egia izateari utzi diotelako? Edo saihestu, behintzat.

Gustuei berriz helduz, eta zehazki gustu musikalei, eraikuntza soziala deseraikitzeko proposamen bat idatzita ez baina esanda utzi zuen Iñaki Segurola zenak bere ondare oparoan: kanta bat, musikari bat, disko bat entzun, bakarrik zaudela, eta zer esaten dizu? Gustatu zaizu? Ba kitto, horraino. Bestela, harago joaten hasten baldin bagara, arriskua. Ez dut uste hala denik, eta jokaldi arriskutsua iruditzen zait gainera, baina zerbait esaten dit, uste dut ulertzen dudala.

Euskarazko edo gaztelaniazko taldeak entzutean badakit horiek entzutea 'tokatzen' zaidan. Gizajoa ni: ezin jakin Stromae entzutearen plazera 'guilty' edo 'innocent' den ere

Hizkuntza Eskolako frantseseko azterketara begira, belarria pixka bat egiteko-edo, frantsesez abestutako musika entzuten aritu naiz, besteak beste. Irakasleak klasean jarritakotik tiraka, segur aski bestela entzungo ez nituzkeen bi artista entzun ditut batez ere. Hiper famatuak, erabat mainstream-ak, estadio-betetzaileak; hip-hopa eta musika elektronikoa egiten dute, dosi desberdinetan.

Tira, behin honaino iritsita, aitormena: Bigflo & Oli bata, Stromae bestea. Entzun ditut, hasieran frantsesa praktikatzeko aitzakiarekin, baina oso gustura ere bai, azkenerako. Eta kezka bat dabilkit buruan: bat ote datoz nik entzun beharko nukeenarekin, ni naizenarekin? Gustatu behar zaizkit? Zer jendek entzuten du hau? Nire ingurukoek bai? Nire estiloko frantses-hiztunek zer iritzi dute talde horiei buruz? Ez dut erreferentziarik. Euskarazko edo gaztelaniazko taldeak entzutean badakit gutxi-asko horiek entzutea tokatzen zaidan.

Tokatu esan dut? Gizajoa ni: ezin jakin Bigflo & Oli eta Stromae entzutearen plazera guilty edo innocent den ere.

Kaskoak kendu, eta entzunaldien osteko galdera beti berbera da: nola heldu naiz ni kartzela honetaraino?