Ez dakit beste espezie batzuetan kapitalismoa bezalako sistemarik existitzen den. Sistema honetan, gure espezieko pertsona batzuen bizi indarra beste batzuen bizitzak sostengatzera bideratzen da. Kapitalismoan pentsatzen dudanean, Dragoi Bolako Freezer-en eztena datorkit burura, gupida barik aurrean duen guztia xurgatzen. Mundu bat zeinetan onuraduna den bakarra sistema bera den (gizakiok sortu dugun munstro hori). Batzuetan, kapitalismoak bizitza propioa duela iruditzen zait, eta gu, gizakiok, hain gaude menderatuak, ezin dugula irudikatu beste errealitaterik, eta horregatik, sinbionte (bi organismo bizidun desberdinen arteko erlazio bat, non biek, edo gutxienez bietako batek, onurak jasotzen dituen) bilakatu garela kapitalismoarekin batera.
Kapitalismoarekin osatzen dugun sinbionte sintetiko honen botere xurgatzailea areagotzen joan da digitalizazioarekin. Baina munstroak hazten jarraitu nahi du eta kapitalismoa irautearen zaintzaileak behartuta daude denbora guztian sistema elikatzeko bide berriak asmatzera. Badirudi adimen artifizialak xurgapen ahalmena areagotzen duela, eta burbuila batean aurkitzen gara gaur egun, non inbertsio handiak egiten ari diren, baina ez dira beti ondo ateratzen. Adibidez, jakin dugu Amazon denda fisiko automatizatuen teknologiaren atzean Indiako mila pertsona zeudela kamera bidez erosleak zelatatzen eta erosketen kalkuluak egiten, adimen artifizialak ezin baitu momentuz lan hori modu autonomoan egin. Kapitalismoaren zaintzaileek pertsonak kontratuko dituzte, pertsonak ordezkatzeko teknologia garestia edo ezinezkoa suertatzen zaien bitartean. Gauza da, zein geruzara arte xurgatu ditzake kapitalismoak pertsonon gaitasunak? Nire ustez, gaitasun handia du, baina bizitza ez da atzean gelditzen, eta pertsonak ez gara kapitalismoak singularitate puntu batera heltzeko behar dituen osagaiak; gure izaera baldintzatzen duten aldagai eta konplexutasun larregi ditugu gizakiok, tartean irudimena. Sistemaren barruan, beraz, hasieratik birusa du sartuta kapitalismoak.