Nola saihestu dezakegu aire kutsatuaren murrizteak dakarren berotze efektua?

  • Azken urteotan nabaritu den beroketa globalaren emendatzea neurri batean kutsadura murriztearen ondorioa da, hain zuzen, murriztuz doazen aerosol sufredunen isurketek, berez, berotegi efektuaren zati bat konpentsatzen dutelako. Paradoxa horrek egoera berri batean sartzen gaitu, aire garbiagoa dugu baina azkarrago berotzen den atmosferan. Nola jarraitu aire garbia arnasten, klima desoreka areagotu gabe?

2013ko urrian smog gertakari handia gertatu zen Txinako ipar-ekialdean. Airearen kalitatearen alde urte hartan harturiko neurriei esker kutsadura nabarmen jaitsi da Txinan, nahigabeko eraginak ondorioztatuz kliman.
2013ko urrian smog gertakari handia gertatu zen Txinako ipar-ekialdean. Airearen kalitatearen alde urte hartan harturiko neurriei esker kutsadura nabarmen jaitsi da Txinan, nahigabeko eraginak ondorioztatuz kliman.Wikipedia

Beharbada entzun edo sare sozial batean irakurri duzue, lerrokatzen diren hainbat titular katastrofikoren artean: berotze globalaren abiadura emendatu da azken urteotan. Hori seinale txarra da, gure egokitzapen planak zalantzan ezartzeaz gain –zenbat denbora gelditzen zaigu gauza gehiegi gaindiezin bihurtu arte?–, isurketen murrizketa abiadura emendatzera behartzen gaituelako.

1970etik 2014ra berotzearen joera hamarkadako 0,18 gradukoa zen. Alta, 2015etik aurrerako tenperaturak nabarmen altuagoak izan dira –alde handiena 2023an ikusten dugula, eta bigarren handiena 2015-2016an–. Bi une horiek elementu amankomuna dute: El Niño deituriko fenomenoa. Baina lehen ere El Niño sasoiak izan ziren, eta gaur egun ere bizi dugu bat, ez dena bereziki indartsua. Ez du horrek bakarrik berotze joera azkartzen. Berotzearen azelerazio honen oinarriak ez dira guziz argiak, edo hobe erranik, faktore bat baino gehiago bada eta bakoitzaren eragina zehazki aztertzekoa da oraindik.

James Hansen klimatologoa da 1980ko hamarkadan berotzeari buruz alarma jo zuen lehenetakoa. Azelerazio hori aztertu zuen iazko azaroan talde handi batekin argitaraturiko Global warming in the pipeline (Berotze globala proiektatua) artikuluan. Urtarrilean argitaratu duen lan horri buruzko ohar batean faktore nagusitzat jotzen du planetaren iluntzea. Horrek ez du erran nahi gauak luzatu zaizkigula, baizik eta planetak ez dituela lehen bezala eguzki izpiak espazioan islatzen, eta beraz eguzki irradiazio gehiago sartzen zaigula lur azalera eta ozeanora. Bertzela erranik, azken urteotan Lurrak albedoa galdu du. Hain urte gutitan albedoa galdu izana mendi eta poloetako izotza azkarrago urtu izanari lotua da, baina ez bakarrik: airearen kalitatea hobetzeko hartu diren neurriak dira nagusiki oinarrian. Airearen kutsadura murriztuta, planeta ilundu eta gehiago berotu dugu. Nola liteke hori?

Sufredun aerosolen onurak eta kalteak

Atmosferan badaude aerosol izeneko partikula txikiak, mikrometro batzukoak, airean zintzilik irauten dutenak. Aerosol iturri naturalak dira basamortuen hautsak edo ganduak, itsas langarrak, sumendien eta oihan suteen hautsak.  Aerosolak sortzen dituzte motorrek eta lantegiek ere, batez ere erregai "zikinak" erabiliz gero –hau da, sufre asko duen gasoila edo ikatza–. Sufredun aerosolek ez dituzte atmosferan izpi infragorriak metatzen –berotegi efektuko gasek egiten dute hori–; alderantziz, eguzkitik datozen izpien zati bat islatuz Lurraren albedoa emendatzen dute. Horren bitartez, berotegi efektuko gasen eraginaren zati bat –heren bat arte– konpentsatzen zuten 2014a arte, hau da, Txinak airearen kalitateari buruzko neurriak hartu arte.
Kontua da aerosolek ez dutela atmosferaren berotasun orekan bakarrik eragiten: behe atmosfera egunero arnasten dugunon osasuna ere kaltetzen digute eskualde industrialetan. Herrialde industrializatuetan smog kutsadura fenomenoa oso ohikoa izan da XIX. mendetik aurrera. Nahiz eta denboran zehar egoera hobetu, 2010eko hamarkadan oraindik Europar Batasunean urtero 300.000 pertsona airearen kutsadurarengatik hiltzen zirela kalkulatzen da –jakinda Europako egoera ez dela munduko txarrena–.
Mundu mailan, MOEren arabera lau milioi pertsona hiltzen dira urtero aire kutsadurari loturiko minbiziz, birika- edo bihotz-eritasunez. Txinak zuen egoera okerrena mende hasieran, alde batetik, "munduko lantegia" bihurtu zelako –mendebalde globaleko kutsaduraren zati bat hara deslokalizatuz–, eta bertzaldetik, aire kutsadurari buruzko arau oso ahulak zituztelako –horregatik ere zen merkeagoa Txinan ekoiztea–. Azken faktore hori nabarmen aldatu da 2013tik aurrera, Xi Jinpingek industria astunetan kontrol zorrotzagoak agindu dituenetik. Txinako Ozeano Unibertsitateko Xiao-Tong Zheng meteorologoaren arabera, hamarkadan aerosol isurketak %70 gutitu dira eta sufre dioxido isurketak %88.

Orduan zer, kutsadura lehen bezala utzi behar ote da?

Atsotitz txinatarrak dio tximeleta baten hegalen mugimendua munduaren beste muturrean sentitu daitekeela. Kasu honetan, Txinan aerosol gutiago isurtzeak bero uhinak sortu ditu Ozeano Barearen ipar-ekialdean. Hala erakutsi du Zhengek bere taldearekin martxoan argitaraturiko Atmosphere teleconnections from abatement of China aerosol emissions exacerbate Northeast Pacific warm blob events (Txinako aerosol isurketen murrizketen telekonexio atmosferikoek Ozeano Barearen ipar-ekialdean itsas bero uhin gertaerak indartzen dituzte) lanean. Eguzki izpiei bidea irekitzeaz gain, aire presioak ere eraldatu zituen, Aleutiar depresioa sakondu eta hegora mugituta, horrek ekialderago haizeak moteldu zituen eta horren bitartez itsas azalaren tenperatura gehiago emendatu zen.

Zenbat horrelako telekonexio gehiago munduan? Ozeano Baretik harago, munduko zamaontzien erregaiei buruzko 2020ko arau berriek berotzea indartu dutela erakutsi du AEBetako Maryland estatuko Goddard Space Flight Center erakundearen Abrupt reduction in shipping emission as an inadvertent geoengineering termination shock produces substantial radiative warming (Zamaontzi isurketetan murrizketa zorrotzak beroketa erradiatibo esanguratsua sortzen du, nahigabeko geoingeniaritzazko talka gisan) ikerketak. Ziur "nahigabeko geoingeniaritza" horrek batzuei ideiak bururarazi dizkietela.

Airearen kutsadurak hiltzen jarraitzen du. Oraingoz eskualde kutsatuenak Hego Asia eta Afrika dira, eta ez da kasualitatea eskualde horietara bidaltzen direla munduko zabor toxikoenetarikoak (zabor elektronikoa kasu). Airearen kalitateari dagokionez, munduko eskualde gero eta gehiagok arauak ezartzen dituzte eta joera horiek ez dira, naski, atzera itzuliko. Orain, Afrikan eta Hego Asian pairatzen duten injustizia konpondu behar da. Posible da aire garbiagoa arnastea eta beroketa globala murriztea. Horretarako badago konponbide irisgarri bat: metano isurketak moztea, batez ere erregai fosilen erauzte eta garraiatze azpiegituretatik. Txarrena saihesteko ez gabiltza beranduegi, baina horretarako bai ala bai eman beharreko urratsa dugu hori.


ASTEKARIA
2024ko ekainaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024ko otsailaren 8an esnatu ginenean dinosauroa besarkatzen ari zinen

Pertsona batzuek kapitalismoa "besarkatzen" dute, konturatu gabe arazoa sistema berean dagoela; planeta mugatu batean hazkundea etengabe bilatzean. Energia intentsiboak ekoizteko modu guztiak mundua irensten ari dira.


2024-10-09 | Nicolas Goñi
Klima aldaketaren areagotzeak ezbaian jartzen du arrisku guztiak aseguratzeko aukera

Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean,... [+]


Dela klima aldaketa, dela Ukrainako gerra, arrakalatu egin da Artikoko bake neurtua

Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]


Klima larrialdia areagotzera datoz “inoiz baino altuagoak” diren metano isurketak

Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko... [+]


2024-09-03 | ARGIA
Hego Euskal Herrian 66 pertsona hil dira beroagatik abuztuan

Espainiako Estatuan 1.386 pertsona hil dira gehiegizko beroagatik abuztuan –iazko abuztuan baino %3 gehiago–, Osasun Ministerioaren Carlos III. Institutuak emandako datuen arabera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 44 lagun hil dira, eta Nafarroan 22.


2024-08-28 | Nicolas Goñi
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio

Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko modukoak. Hala eta guztiz ere, bertan laborantza badago,... [+]


Itsasoaren igoerari aurre egiteko urgentziazko deia estatu aberatsenei, Pazifikotik

Itsasoaren heina 9,4 zentimetroz igo da azken 30 urteetan, baina guneka anitzez handiagoa da igoera –besteak beste, Pazifikoko eremu batzuetan 15 eta 30 zentimetro artekoa da–. Beroketa efektuko gasen isurketak ttipitzeko eta klima larrialdiari aurre egiten... [+]


Beroak adinekoen heriotza hirukoiztuko du Europan 2100. urterako

Hori da ikerketa berri batek ondorioztatu duena, baldin eta betetzen badira gaur egun berotzearen handitzeari buruz dauden aurreikuspenak. Eta NBEren arabera, mende amaierarako tenperaturak 3 graduko igoera izango du XX. mende hasierarekin konparatuta.


Beroaren ondorioz 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz Europan

Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europako bigarren beroena, ISGlobalek egindako azterlanaren arabera. Europa hegoaldeko estatuak dira heriotza-tasa handienak dituztenak. Parisko Akordioan zehaztutako helburuak ez dira betetzen ari.


Eguneraketa berriak daude