argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Garbiketa
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko ekainaren 19a

Askatzeko lasta, gora egin ahal izateko, esan zenidan, azken (ez genekien hala zela) aholkutzat. Eta nola hobeto etxetik kanpora botaz baino nekeak pilatutako zaborra.

Hozkailuan lizunak hartutako tomate poto bat, eta ondoan beste bat, lehenengoa txartutakoan irekitakoa, eta onddoek jana hori ere. Izozkailuan zuretzat egindako albondigak, soberan geratutakoak, hurrengorako, eta ez ditut jango. Kanpora. Ardo zuria ere bai. Beno, hori ez, baina garagardo latak bai, eta infusio guztiak.

Arropa pila bat sartu dut zakar poltsa handietan. Ezingo ditu inork aprobetxatu, nik aprobetxatutakoak baitira, saretuta daude. Alkandora hori, koadroduna, berez, erabiliko nukeen. Baina hainbeste gustatzen zitzaizun. Zurea dirudi. Zuretzat dirudi. Kanpora.

Etxe berrirako erositako lehen altzaria, idazmahai zahar bat, laneko paperen azpian zegoen, ikusezin: klip pila bat erreskatatu ditut, poltsak eta poltsak bete: asteartean nire zaborraren esekitokian gabonak izango dira. Zuk ekarritako koaderno berri-berri bat ere jarriko dut, guztiz zelulosazkoa: presioak eragindako opari bat. Nik osatu behar izan nuen merezi ez zuen ilusioz ospatuta. Liburu bat ere botako dut. Gustatzen zaidan bat. Hogeita bi urte nituela edizio horretan berean irakurri nuena, bigarren eskuko liburuen leku horretan berean erosia, eta noizbait ilusioa egin zidana zuk ere nik orduan irakurritako formatu berean irakur zenezan, orain, berrogeita pikurekin.

Aulkia ere bai. Oparitu zenidan lehenengo gauza; baina oztopo egiten du, handiegia da nire balkoirako, zaila da lekualdatzeko, eta ipurdia beheraegi geratzen da: inoiz ez naiz lasai esertzen (etzaten-en antz handiagoa du aulki horretan gertatzen denak), irentsi egiten nau, badakit altxatzea zaila izango dela. Balkoitik behera bota dut zuzenean, ez zegoen inor azpian.

Eta, hara, zu ere bota zaitut, ia nahi gabe. Eta… isiltasuna dirudi. Eta sosegua da. Hasi nintekeen hortik. Orain, poltsaz inguratuta nago. Eta izugarrizko lana jarri diot nire buruari, kasu egin dizudan bakoitzean bezala: orain, desordena guztia itzuli behar dut bere lekura. Ezer ez zegoen soberan.