argia.eus
INPRIMATU
Hildako guztiek ez dute berdin balio
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko ekainaren 20a
Library and Archives Canada

Normandia. 1944ko ekainaren 6a. Overlord operazioa abiatu zuten: Britainia Handiko, AEBetako eta Kanadako milaka soldadu Normandiako hondartzetan lehorreratu ziren, Bigarren Mundu Gerraren eta, beraz, historiaren norabidea goitik behera aldatzeko. Edo horixe da behintzat duela egun batzuk, lehorreratzearen 80. urteurrenean, komunikabide gehienek errepikatu digutena.

Eta, urtero bezala, testuingurua ahaztu dute; ordurako, Afrikako, Italiako eta, batez ere, Ekialdeko fronteetan alemaniarrak atzera egin zutela. Eta Bigarren Mundu Gerran inflexio puntu bakarra aukeratzekotan, esaterako, aurreko urteko Stalingradoko gudua objektiboki erabakigarriagoa izan zela alemaniarrak mendean hartzeko. Gerrako fronte nagusia ekialdekoa izan zen, gutxi gorabehera alemaniarren gaitasun militarraren %80 xurgatu zuena.

Aliatuek gupidarik gabe bonbardatu zuten arerioa, edo, hobe esanda, arerioaren kontrolpean zeuden normandiar herriak. Baina datu horiek lehorreratzearen kontakizun mitifikatua ilunduko lukete

Overlord operazioa ere erabakigarria izan zen, jakina. Baina, berriro, 1944ko ekainaren 6an hildako 4.400 soldadu aliatuen sakrifizioa gogorarazi dute, baita operazioan zehar hildako beste 50.000 soldadu ingururena ere. Eta ez dute aipatu 24 ordu haietan 3.000tik gora zibil hil zituztela, eta operazioan zehar, guztira, 20.000tik gora, gehienak aliatu “askatzaileen” eskutik. Aliatuek gupidarik gabe bonbardatu zuten arerioa, edo, hobe esanda, arerioaren kontrolpean zeuden normandiar herriak. Baina datu horiek lehorreratzearen kontakizun mitifikatua ilunduko lukete.

Aliatuen garaipenaren protagonistei dagokienez, sobietarren rolari garrantzia kendu ohi zaio. Overlord operazioan laguntzeko, indar alemaniarrak Frantzia aldera bideratu ez zitzaten, bi eraso egin zituzten sobietarrek Ekialdeko frontean: Bagration eta Lvov-Sandomeirz. 251.000 soldadu sobietar hil zituzten bi eraso horietan, eta 520.000 soldadu alemaniar. Eta horiei Frantziako frontean hildako beste 200.000 alemaniar gehitu behar zaizkie.

Overlord operazioak iraun zuen bitartean hildako milioitik gora soldadu eta zibiletatik soilik 55.000 ziren Normandian lehorreratutakoak. Baina horiek dira balio dutenak.