argia.eus
INPRIMATU
Gorputz hotsak
“Baimenik eskatu gabe interbentzio kirurgiko ugari egin zizkidaten”
  • Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa” jardunaldietan parte hartu zuen. Salatu du haur intersexei euren gorputzarekiko autonomia kentzen dietela.

Olaia L. Garaialde 2024ko ekainaren 19a

Txikitatik ezagutu du sistema psikiatrikoa Marikarmen Freek. Bi urterekin, Klinefelterren sindromea diagnostikatu zioten; hau da, XXY kromosomekin jaio zela esan zieten euren gurasoei. Medikuek diagnostiko hori kirurgiaren eta psikiatriaren artean kokatzen zutela azaldu du: “Medikuek ebakuntzak egiten zituzten, baina aldi berean, psikiatrek intersex izatea gaixotasun mentalen barruan sartzen zuten, esaten zutelako genero-inkongruentzia bat zela”. Hori dela eta, sortu zenetik, informatu gabe eta baimenik eskatu gabe interbentzio kirurgiko ugari egin dizkiote eta prozesu hormonaletatik pasatzera behartu dute.

Prozesu horien helburua da haur intersexak emakume edota gizon binomioan sartzea: “Gaur egun haur intersexen gorputzei egindako mutilazioa gehiago jartzen da mahai gainean edo, behintzat, eztabaida badago”. Hala ere, salatu du joera izan ohi dela haurrak konturatu baino lehen ebakuntzak egitea, eta hori “akats handia" dela: “Hazi ahala zure gorputzak ez du zertan jarraitu medikuak hartutako bidea. Modu askotara garatu daiteke gorputza eta hori ezin da jakin haurra jaiotzen denean. Inposizio bat da: ulertzen ez duzun gorputz batean zaude eta ezin duzu aldatu norbaitek erabaki duelako zure partez”. 

Marikarmen Freeren kasuan, esan zioten gorputzean zituen orbainak eta hartu behar zituen hormonak bihotzean zeukan gaixotasun baterako zirela: “22 urterekin ikusi nuen ez zela egia, ez zeukalako zentzurik. Orduan, ez nuen ulertzen zer gertatzen ari zen nire gorputzean, eta momentu horretan erantzunak zituztenak mantala zuri bat eramaten zuten pertsonak ziren. Ez nuenez nire gorputza ulertzen, ez nuen gorputzarekiko aginterik”.

Diagnostiko horrekin batera, beste diagnostiko batzuk ere etorri ziren. Horren ondorioz, ikusi zuen “geroz eta gehiago” eragiten ziotela diagnostikoek, eta “pisu handia” zutela egunerokoan: “Ez nintzen gai gertatzen zitzaidanari hitzak jartzeko eta politizatzeko”. 15 urte ingururekin izan zen hori.

"Ustezko gaixotasun bat sendatzeko botikak eman, eta gure gorputzetan probatzen dituzte"

Ezjakintasuna

Horrek guztiak txikitatik disforia, ezjakintasuna eta zalantzak eragin dizkio. Hasieran, LGTBIAQ+ kolektiboetara hurbildu zen uste zuelako sentitzen zuena sexu orientazioarekin lotuta zegoela: “Kolektibo horietan denak ziren gizon gayak, agian bazen oso ikusezina zen lesbianaren bat eta ez zegoen pertsona transik. Gainera, ikusi nuen euren zalantzak beste gorputzekiko desiraren inguruan zirela, eta ez horrenbeste norberaren gorputzaren inguruan”.

Ostean, mugimendu feministan sartu zen. Momentu horretan, batez ere eztabaidatzen ziren gaiak honakoak ziren: emakume eta gizon kategoriak, eta lanaren eta espazioaren banaketa. “Gorputzak sozialki zein sinbologia duen erdigunean jartzen hasi zen mugimendu feminista”. Halere, ez zuen bere lekua aurkitu.

Trans kolektiboak ezagutu zituenean, Bartzelonako Guerrilla Travolaca kolektiboa bereziki, ikusi zuen batez ere mutil transek kontatzen zituzten gauza batzuen eta berak bizitakoaren artean lotura zegoela: “Nire gorputzean zeuden orbainek ez zutela zentzurik ikusten hasi nintzen, hitzak aurkitzen eta neure burua babesteko tresnak garatzen”.

Psikiatriaren abolizioa

Prozesu horietan kontaktu zuzena izan du sistema psikiatrikoarekin eta indarkeria handia pairatu du. Marikarmen Freeren arabera, funtzionatzeko eta jendearekin harremanak izateko moduarengatik, psikiatria “ideologia” bihurtu da: “Uste dut psikiatriak gizateriaren aurkako krimenak egin dituela onartzea baino, min guztia erreparatzeko modurik etikoena psikiatria abolitzea dela”.

Gaineratu du psikiatriak bilatzen duena dela “apurtuta dauden gorputzak ahalik eta produktiboen” bihurtzea kapitalismoarentzat: “Ez dauka zentzurik. Ustezko gaixotasun bat sendatzeko botikak eman, eta gure gorputzetan probatzen dituzte ikusteko ea baten batek on egiten digun”. Gaineratu du horrek lotura handia duela bizi baldintzekin: "Gorputzak babesa eta komunitatea bilatzen duten organismoak dira. Modu konkretu batean jokatzera, nahi ez dutenean irribarre egitera, egunero goiz esnatzera eta beste gauza batzuetara behartzen ditugunean errebelatu egiten dira".

* Intersex hitza intersexual hitzaren laburdura da eta ahalduntzeko erabiltzen du elkarrizketatuak. Berak eskatuta, hala erabili dugu artikuluan.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Begiak. Pertsona bat ezagutzen dudanean batez ere begiei erreparatzen diet. Horrek eragiten dit pertsona batek sentsazio onak edo txarrak transmititzea eta pertsona hori gustatzea edo ez. Ziurrenik ikasitako hipotesiak dira, baina sentitzen dut begiekin gauza asko jakin daitezkeela. Maitemintzearen akatsa egiten dudanean, begien filtrotik pasatzen naiz. Begiek gauza asko egiten dituzte: gorritu, negar egin, albo batera begiratu, argi gehiegi dagoenean itxi eta iluntasunean ireki. Inoiz ulertuko ez dudan funtzionamendu konplexua daukate".