argia.eus
INPRIMATU
Gerraz
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2024ko ekainaren 12a

Si vis pacem, para bellum” kantatzen genuen laurogeiko hamarkadan orduko gazte euskaldunok. Bakea nahi baduzu, prestatu gerrarako, oihukatzen genuen latinez, ulertu barik oso ondo esaldiaren esanahia.

Sasoi hartan, euskal gatazka gori-gori zegoen, eta munduak Gerra Hotzaren azken urteak bizi zituen. Arma nuklearren gaineko berriak etengabeak ziren komunikabideetan: neutroi bonba, misilen kontrako ezkutua, botoi gorria… eguneroko ogia.

Bigarren Mundu Gerraren osteko bake aro nahiko luzea. Ustezko bakea zen, ostera, esan beharra dago, gudurako prestatzea etengabea izan zelako.

Ostean, misil nuklearren suntsitzeko garaia etorri zen, eta bazirudien eskala handiko gudaren mamua uxatuko zela.

Baina Gerraren Jaunek, globalki ez bazen ere, ez zuten euren lana abandonatu, eta mamu zahar horiek hauspotzen jardun dute ordutik, gerla negozioa dutelako. Gerra hotsak zabalduta, beldurra eragiten dute, gizartean perlesia sortzeko, eta horrela helburua bete: gu kanoi bazka bihurtu, business-ak aurrera egin dezan.

Si vis pacem, para bellum egia izan ez dadin, paralisia astindu beharko dugu gainetik.