Zaintzan oinarrituriko gau aisialdi “askeagoa” eta “seguruagoa” sortzeko asmoz sortu da Harrika kolektiboa. Bi urte daramatzate Gasteizen tekno besta kuir eta feministak egiten. Uztailaren 26tik 28ra Harrikada Festibala izanen da Izarran (Araba).
Kantatu, maitatu eta dantza (edo zalantza) ezin bada, ez da gure iraultza”, dio Anarik, Nacho Vegas asturiarraren Vinu, cantares y amor kantaren euskarazko bertsioan. Bide horretatik doa Harrika kolektiboa; izan ere, tekno musika abiapuntu izanik, hilabetean behin jaialdi kuir eta feministak antolatzen dituzte Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. “Dantzalekuen askapenerako mugimendua bultzatu nahi dugu. Hau da, dantzalekuei beste buelta bat ematea”, azaldu du Galder Beramendik, Harrika kolektiboko kideak.
Teknoaren loraldiak hauspotuta, zaintzan oinarrituriko jai ereduak sustatu nahi dituzte, eta bereziki, emakume eta pertsona sexu-genero disidenteentzako askatasun espazio bat sortu: “Euskal Herrian eta leku askotan zoritxarrez jaiak gizon zisheteroenak dira, ez bakarrik kopuruan, baizik eta espazioa hartzeko moduagatik eta eurei begira antolatuta daudelako jaiak”.
Horregatik, jaia antolatzerako orduan, emakumeak eta pertsona sexu-genero disidenteak lehenetsi eta eurentzat gordetzen dituzte aretoko lehen ilarak. “Tekno jaialdiak oso maskulinoak izaten dira; horregatik, gure ardura eta lana dira bermatzea jaiaren lehenengo lerroak emakume eta identitate subertsiboentzat izango direla”, azaldu du Uxue Alonsok, Harrika kolektiboko kideak. Irizpide horren arabera aukeratzen dituzte gaualdi bakoitzeko artistak ere. Horrez gain, hasiberriak diren artistak, ibilbide luzea dutenak, tokian tokikoak zein nazioartekoak izatea kontuan hartzen dute. Erika Roselló, Elena Barker, Beatrice eta Alaine MRK izan dira, besteak beste, Harrikan izan diren artistak.
“Tekno jaialdiak oso maskulinoak izaten dira; gure ardura da bermatzea lehenengo lerroak emakume eta identitate subertsiboentzat izango direla”
Zaintza taldeko kideak aretotik bueltaka ibiltzen dira besoko distiratsu batekin. Zerbait behar duen edonork identifikatzea da asmoa. “Gu ez gara seguratak, eta ez gaude inor botatzeko. Norbaitek arauak betetzen ez dituenean hezten eta azaltzen saiatzen gara, baina parranda giroan oso zaila da. Ez badute ulertzen horrela ezin dutela jokatu, aretotik kanporatzen ditugu”, esan du Alonsok. Zazpi emakumez osaturiko talde bat da, normalean emakumeek “itzaletan” egiten duten lana ikustarazi nahi dutelako: “Azken finean zaintza taldeak egiten duena da emakumeok eta disidenteok beti parrandan egin izan duguna; beti zaintzen aritzen gara eta besteei zer moduz dauden galdetzen”.
Zenbait gauza adostuta dituzten arren, zalantzak eta eztabaidak sortzen dira kolektiboan. Zaintza taldearen kasuan, esate baterako, zaintza oso feminizatuta dagoela erakutsi nahi duten arren, batzuetan uste dute “aberasgarria” izan daitekeela pertsona sexu-genero disidenteak ere taldean sartzea, emakumeez gain: “Ez gaude itxita jendea etortzeko edo ez etortzeko; uste dut beste disidente batzuek parte hartzea polita izan daitekeela”.
Espazio seguruak lortzea “ezinezkoa” den arren, zaintza “ahalik eta gehien” bermatzen saiatzeko zenbait arau ezarri dituzte. Alde batetik, jaiaren inguruko arauak azaltzen dituzte atarian, aretora sartzen diren pertsonei pixka bat galbahea pasatzeko. “Horrela jendeak badaki zer-nolako espaziora doan”, dio Beramendik. Bestetik, sarreran, sakelako telefonoetako kamerak estaltzeko pegatinak banatzen dituzte, debekatuta dagoelako argazkiak ateratzea eta bideoak grabatzea: “Horri esker, pertsona batzuek sarreran badakite nora doazen, eta ez sartzea erabakitzen dute”.
Beramendiren ustez, horrelako espazioek “erosoago” egoteko aukera eskaintzen dute. Bera, esate baterako, lasaiago janzten eta makillatzen da Harrikara doanean: “Zenbat eta biluziago egoteak ez du esan nahi orduan eta askeago zarenik, baina egia da irudirik ezin denez atera erosoago sentitu zaitezkeela normalean eramaten ez duzun zerbait jantzita edo makillatuta”. Hala ere, ez dago estetika finkorik eta norberak nahi duena jantzi dezake. Gaineratu du estetikarekin jolasteak nortasuna adierazten lagundu dezakeela: “Euskal Herrian oso karratuak gara jaietarako; sormena bultzatzeko espazio bat izatea ederra da”.
Horrez gain, unean uneko beharrei erantzuteko protokolo bat daukate, eta “sakonagoa” den beste protokolo bat prestatzen ari dira. “Etengabe ikasten ari gara eta zalantza gehien eragin diguna izan da nola erantzun pertsona sexu-genero disidenteen kontrako erasoei. Asko landu behar izan dugu, eta etengabe aldatzen goaz”, esan du Alonsok.
Protokoloez arduratzen da Alonso: “Oso erraza da protokolo bat sortzea, zailena da praktikan jartzea. Hori da gehien kezkatzen nauena; horregatik, etengabe ikasten eta aldatzen ari gara”. Horrelako jai giroak ez dira ezerezetik sortu, mugimendu feministak aspaldi aldarrikatzen dituen zenbait neurritan oinarritzen dira: “Ez dugu deus asmatu, argi daukat jai hau posible bada mugimendu feministak egindako aurrerapausoei, lanketei eta protokoloei esker dela. Oso eskertuta egongo naiz beti”. Prozesuan Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduko kideekin ere mintzatu da.
Jai nagusia 01:00ean Jimmy Jazz aretoan izaten bada ere, 22:00etan Gasteizko Txapelarri tabernan bestarako berotzen hasten dira. Bertan DJ munduan hasten ari diren Gasteiz inguruko artistek hartu ohi dute parte. Ostean, Harrika kolektiboko DJ-ek ireki ohi dute gaua, eta jarraian performance bat eta DJ ezagun bat izaten dira.
Diego Ramirez de Ganuzak ez du argi noiz joan zen lehenengo aldiz Harrikara, baina badaki hirugarren edo bosgarren Harrikan izan zela. Ordutik, ia Harrika guztietan egon da. Eroso sentitzen da bertan, eta “leiho bat” dela dio: “Pertsona disidentea bazara Harrikak gauza desberdinak edo arropa disidenteak janzteko ziurtasuna ematen dizu”.
Harrika ez bezala, parrandarako beste espazio batzuk orokorrean “oso arrotzak” egiten zaizkio “etengabe” azalpenak ematen eta hezten ibili behar delako: “Gasteizen kuir espazioak daude, baina askotan heziketara lotuta daude; hau da, kuir pertsonak garenez inposatzen zaigu besteak hezi behar izatea. Baina ni ez naiz inoren maisua, eta ez naiz nolakoa naizen justifikatzen eta inori azalpenak ematen ibili behar”.
“Ez dugu merkatuan dagoen tekno gogorra ekartzen; ezagutzen ez duen batentzat erosoagoa eta dantzagarriago den teknoa ekartzen dugu”
Horregatik, inklusioa eta zaintza uztartuz, zishetero arautik kanpo daudenentzako topaleku bat beharrezkoa dela uste du Ramirez de Ganuzak: “Espazio bat aldi berean segurua eta inklusiboa izatea oso zaila da, baina Harrikak helburu hori lortu nahi du zaintza taldearekin, kolektiboarekin eta komunitate bat garatzen; oso ideia erakargarria iruditzen zait”. Uste du ezinbestekoa dela inklusioaren eta segurtasunaren arteko oreka lortzea: “Espazio bat inklusiboa izatea nahi badugu, onerako zein txarrerako, pertsona guztiak sartu beharko lirateke. Horrek arrisku bat dauka; biak konbinatzeko bideak topatu behar ditugu”.
Bestan parte hartzen duten agente guztien artean saretzea eta indartzea beharrezkoa dela uste du: “Kuir pertsona gisa, hetero araua oso gogorra da, eta denok ezagutzen dugu nola gustatzen zaien protagonismoa hetero arauan daudenei”.
Bi urte daramatzate tekno gauak antolatzen, baina lehenago hasi ziren haziak ereiten. 2018. urtean, Harrikada izeneko jaialdia antolatu zuten Araban. Helburua zen Berlingo tabernetako giroa Euskal Herrira ekartzea, baina pandemiarekin bertan behera gelditu zen dena. Duela bi urte, hilero jai bat antolatzeko aukera eskaini zieten Jimmy Jazz aretoan. Ordutik, hilabete gehienetako bigarren ostiraletan antolatzen dute jaia.
2018ko jaialdia saiakera bat izan zen, eta aurten Harrikada Festibala antolatzeko asmoa dute. “Polita da areto barruan egiten duguna, baina kanpora ere atera nahi dugu”, esan du Beramendik. Uztailaren 26tik 28ra izanen da, Izarran (Araba). Tekno musika, zaintza eta landa eremua uztartu nahi dituzte. “Jaialdien aurkako jaialdia egin nahi dugu. Orain, Euskal Herrian makro jaialdiak protagonismoa hartu, eta txikiak jaten ari dira. Handiak eta izugarri masifikatuak dira, betiko artistek jotzen dute eta kapitalaren logiketan oinarritzen dira; hau da, kontsumoan”, gehitu du.
Asmoa da 300-500 pertsonarentzako jaialdi “txiki” bat egitea eta sare bat ehuntzea. Jaialdian Euskal Herriko zein nazioarteko taldeek hartuko dute parte: “Euskal teknoa jorratzen duten kolektiboen erakusleiho izan nahi dugu”. Horregatik, EMA, Apetak, Mixthetika, Redlux edota Frenetik kolektiboak gonbidatu dituzte, besteren artean. Nazioarteari dagokionez, Nastia eta Tauceti gonbidatu dituzte. Beraz, estilo askotariko artistak egonen dira, baina denek teknoa daukate oinarri. Doinu ilunak, azkarrak, motelak, tentsioa sortzen duten doinuak eta beste entzuteko aukera egonen da; beti ere, Harrikako esentzia mantenduta. “Ez dugu merkatuan dagoen tekno gogor hori ekartzen; ezagutzen ez duen batentzat erosoagoa eta dantzagarriagoa den teknoa ekartzen dugu”.
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]
Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024
------------------------------------------
Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]
Rock alternatiboa egiten duen laukote baztandarrak 2019an kaleratu zuen Ihesi doaz animaliak, eta pandemia heldu zenez geroztik isilik egon da. Orain arte. Seigarren lana izango du Deus (Usopop, 2024). Lehen singlea kaleratu dute, Egia, begira deiturikoa, eta azaroaren 11n... [+]