Soka izan

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur Meaberen olerkiak irakurtzeko eta interpretatzeko. “Zelako oparia!”, pentsatu nuen. Poesia maite dut. Mirenen poesiak liluratu egiten nau, eta horretaz gain, bera miretsi egiten dut. Poema horiek argitaratu gabe daude, ez euskaraz, ez gaztelaniaz, pentsa ezazue, altxorra eskuartean.

Irakurri nituenean berehala sentitu nuen gordetzen duten egia, haietan neure burua islaturik ikusi nuen. Hitz bakoitzak hitz egiten zidan, nire migrazio-bidaia gorputzean jantzi zidan, izan nintzena ekarri zidan burura, lurralde honetara iritsi zen hura eta gaur naizena. Nire emozio-prozesu guztiak pilatu zitzaizkidan bat-batean. Eta nolabait, aske sentitu nintzen. Ulertua, kontuan hartua, errespetu sakonetik begiratua. Olerki haiek hunkitu egin ninduten.

Aurkezpena bukatu ondoren, egun batzuk pasatuta, zera pentsatu nuen: “Ze ederra izango litzatekeen Euskal Herrian barna ibiltzea poema horiek partekatzen”. Ze aukera aproposa ikuspegi ezberdinak elkartzeko, hangoek eta hemengoek elkar ezagutzeko. Pentsamendua eta sentsibilitatea sortzen laguntzeko. “Nire Kolonbiako danborra erabili behar dut, performance txiki bat sortuko dut”, esan nion neure buruari. Baina kokoteraino nagoenez bakarrik eta dirurik gabe sortzeaz, azazkalekin lan egiteaz, proiektua sortu baino lehen babesa eta dirulaguntza bilatu nahi nituen.

Kolonbiatik etorritakook hemen bizi gara. Zoazen lekura zoazela, bertako kultura izanen da han. Eta ez mehatxu gisa, baizik eta ulertua izateko zain, ikasia izateko zain

Agian, hasteko, Kolonbiako kontsulatura jotzea aukera ona izan zitekeela pentsatu nuen. Hitzordua eskatu nuen eta eman egin zidaten. Kontsularekin ilusioz beteta bildu nintzen bere bulegoan, proiektuaren berri emateko. Nire harridurarako, bere aurrean eseri nintzenean esan zidan lehen gauza zera izan zen: “Hemen egiten ditugun jarduera guztiak gaztelaniaz egiten ditugu, interesatzen zaiguna Kolonbiako kultura sustatzea da”. Begiak plater. Aditzaile onari, hitz gutxi. Ados, ulertzen dut. Nire baitara bildu nintzen. Bilera bukatu ondoren, Bilboko Kale Nagusira atera nintzenean, pena handia sentitu nuen, lotsa. Zergatik ez sortu kulturen arteko zubiak? Zergatik ez hurbildu Kolonbiako jendea hemengo kulturara? Zergatik ez sustatu elkarbizitza? Azken finean, Kolonbiatik etorritakook hemen bizi gara. Hemen edo beste edozein lekutan. Zoazen lekura zoazela, bertako kultura izanen da han, hura edo bestea, baina beti izango da bertako kultura bat edo batzuk. Eta ez mehatxu gisa, baizik eta ulertua izateko zain, ikasia izateko zain.

“Soka izan bideetan ez galtzeko. Zerotik hasita. Zerotik hasita, zure lau hormen artetik abiatuta. Labirinto batean ibili. Labirinto batean ibili eta fenix hegaztia topatu bihurguneetan. Zure izena ahoskatu. Zure izena ahoskatu, zure izenak zure patua bilduko balu bezala. Egia zahar bat xuxurlatu. Egia zahar bat xuxurlatu. Denok gara migrari”. Miren Agur Meabe.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-10 | Roser Espelt Alba
Industria-politikaren egia deserosoa

Mundu mailako ekonomiak gorakada nabarmena izan zuen COVID-19aren ostean. Orain, baina, gorakada hori agortze-fase batera heldu den zantzuak agerikoak dira, krisi klimatikoak nabarmen baldintzatuta: munduko potentzia nagusien ekonomiaren hazkunde-tasa murrizten ari da,... [+]


2024-07-10 | Castillo Suárez
Jogurtak ordainetan

Nire lehendabiziko poema liburua argitaratu nuenean errezitaldi bat ematea eskaini zidaten unibertsitate batean. Musikariak dirutan kobratu zuen eta niri Jorge Oteizari buruzko liburu bat eman zidaten, hartu ez nuena, baneukalako etxean. Horixe izan zen onartu ditudan eskaera... [+]


2024-07-10 | Sukar Horia
Ingreso altuko eremua

Ekainean jarri du martxan Bilboko Udalak Emisio Gutxiko Eremua, irailera arte isunak jartzen hasiko ez bada ere. Neurri horrek auto zaharren sarrera mugatuko du Bilboko zabalgune burgesera astelehenetik ostiralera. Hasiera batean 2000. urtea baino lehen matrikulaturiko... [+]


2024-07-10 | Bea Salaberri
Zer egin nahi duzu geroan?

Badirudi hamasei urteko semea buruhauste handirik gabe ari zaigula batxilergoaren ondotik jarraituko duen bideari buruzko gogoetak egiten. Batean, batxilergoko gai berezien hautaketari buruz hitz egiten digu, bestean, egin beharko dituen pausu administratiboei buruz, galderarik... [+]


Lan merkatuaren oreka liberala

Kapitalismoan lana salgai bat da, beraz, ohiko ekonomialarien pentsamoldea jarraituz, eskaintza eta eskariaren arteko orekak bai prezioa, bai kantitatea erregulatu beharko lituzke. Agerikoa denez, hori ez da errealitatean betetzen. Emango balitz, lan harremanak leherraraziko... [+]


Materialismo histerikoa
Eutsi beldurrei

Zutabe hau idazteari uko egin behar nioke, baina berandu da. Hauteskundeak izan dira Frantzian. Non dago Frantzia? Bai, hemen goian, iparraldean; baina, munduan, ez dakit oraintxe non dagoen Frantzia, noren zer den. Eta ez dakit noiztik begiratzen diodan ia soilik... [+]


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


Eguneraketa berriak daude