"Oholtzatik jaitsi, bizitza normala egin eta gauzak gertatzen direla ikusteak beste ikuspegi bat eman digu"

  • Bilboko Uribarri auzoko taberna batean egin dugu hitzordua. Gitarra aldean etorri da. En el brillo de tus ojitos (Zure begitxoen distiran) diskoa plazaratu berri, kontzertu biran harrapatu dugu Francis Díez. Hizlari aparta da, eta musikari atsegina. Berarekin solastatzea ikastea da. Eztabaidarako hari berriak sortzen ditu, eta entzule-irakurlea pentsarazten jarri. Bizitzaz berbetan, koñak kopa bat aldamenean, horrela hasi gara galde-erantzunetan.

Hodei Torres / ARGIA CC BY SA
Hodei Torres / ARGIA CC BY SA

Musikaren munduan horrenbeste denbora egin ostean, gaur egun zeri kantatzen diozu?
Historia hau zertaz doan dio abestietako batek. Badago alderdi existentzial bat. José Hierro poeta dut gogoan; berari hartu diogun poema batetik “dena eman, ezertarako ere ez” kantatzen dugu guk. Horri kantatzen diot: ezerezari, inora ez doan bideari. Bizitzaren zati horretan gaude, non dena eta ezer ez elkarren ondoan dauden, eta behingoz jabetu behar gara nora ote goazen, eta gure patua onartzen hasi, maitasunez eta lasaitasunez. Horretan datza gure alde existentzialak. Heriotzaren gertutasuna. Aita hiltzen zaizu, hurbileko jendea ere bai... Orduan errealitatea asumitzen hasi behar duzu, eta horrekin hitz jokoak egiten hasten zara. Zahartzen ikasten. Baina era berean, bizitzen jarraitzeko gogo izugarriarekin, lau egun baitira, eta bi euritsuak... Bizi gaitezen ahalik eta ondoen orduan. Bide horretan zerbait ikasi ahal bada, hobe. En el brillo de tus ojos lanak horri egin nahi dio erreferentzia, guk geuk loturak sortzeko daukagun gaitasunari, maitasun loturei, laguntzen eta sustengatzen zaituen jendeari... Badago distira bat hor, eta horretaz jabetu nahi genuke.

Eta gaur egun, nola eta zein momentutan hasten zara abestiak sortzen? Bizi ditugun garaietan nola sortzen dituzu Doctor Deseo taldearentzako abesti berriak?
Jolasean. Gitarra hartu eta sortzen hasten naiz. Badut honetarako oso ona den gauza bat: memoria defizita. Umetatik neurekin daramadan kontua da; gauza batzuetarako arazoak ematen dizkit, hizkuntzak ikasteko edo hezkuntza kontuetarako adibidez. Eskolaratu nintzen garaian dena loroek bezala errepikatu beharra zegoen, eta nik ez neukan horretarako gaitasunik.

Horren ordez, memoria emozional itzela daukat. Eta horren ondorioz, kopiatzeko abilezia. Baina ez dut literalki kopiatzen, horretan txarra naiz. Bateko eta besteko abesti zatiak moldatzen ditut, eta abesti berriak sortu buruan geratzen zaidanarekin. Gitarra hartu eta jotzen hasten naiz, eta beste abesti batzuen zantzuak izan ditzakete. Abesti berriak sortzen zaizkit horrela, baina oharkabean pasatzen dira kopiak. “Zer iruditzen Lou Reed-i hartu diodan hau?”. Eta kideak harrituta geratzen dira, ez baitute antzematen antzekotasun askorik. “Eta sortu dudan trap berri hau?”, eta ez dute traparen antzik aurkitzen. Eta horrela. Modu jostaria da, eta konturatu naiz memoria defizita ondo datorkidala, abestiekin, melodiekin, nire moldaketekin jolasten naizenean, geratzen dena niri sortarazten dizkidaten emozio eta zaporea baino ez da. Eta hori nirea da.

Hodei Torres / ARGIA CC BY SA

Esan daiteke badagoela Doctor Deseoren abesti molde bat, horrenbeste kantu, melodia eta konturen ostean. Agian ez dituzu gogoratu ere egingo.
Bai, jabetuta nago ahoa irekitzen dudanero igartzen dela ni neu naizela. Ahotsa ere garatzen joan da, eta orain arean latzagoa daukat beharbada, gazteagoa ere izan naizelako. Kurtsia irudituko zaizue, baina guk badugu gure estilema, gu geu definitzen gaituena. Baina esango nuke baietz; badugula zerbait, entzuten denean, “hau Doctor Deseo da” esan daitekeena.

Azken lanean dozena erdi abesti kaleratu dituzue, runbatik elektronikara bitarteko bidea eginda.
Pertsona oso irekia naiz. Ez naiz nostalgian geratu, ni ez naiz “gure garaiko musika” entzuten duen horietakoa. Gure garaia? Gure garaia hau da. Egunerokoa bizi dut. Garaikidea hori da niretzat. Nire burmuinak beste modu batera entzuten du musika. Adibidez, telebistako iragarkiekin gertatzen zait: ez dakit zertaz ari diren, baina baxuaren doinuarekin geratzen naiz batzuetan. Kontzertuetara joan, eta abestiaren funtsa harrapatu gabe, instrumentu batek egiten duenari erreparatzen diot. Ekoizpenaz ohartzen naiz. Melodia bat gordetzen dut, eta buruan bueltaka dabilkit gero etengabe, norena den jakin barik.

Nahiago dut nazioartean eta gurean ere sortzen diren trap doinuak entzutea, hasi ginen Dylan hura beti entzuten egotea baino. Pop kultura maite dut, dudarik gabe, eta guztia entzuten saiatzen naiz. 1950eko hamarkadan sortzen den Chuck Berry eta haien doinuetatik, rock&roll-aren eztanda lehenik, 1960etako soula gero, underground guztia, hip-hop doinuak, elektronika... Horrek guztiak estimulatzen gaitu. Eta hor ez dauden beste estilo askok ere bai; tangoaren modura, edo gerra arteko kabareta. Entzuten ditugun doinu guztietatik edaten dugu. Nire kantatzeko moduak badu flamenkotik ere zerbait –asko esatea da hori!– . Oso urrutitik bada ere, Mikel Laboaren zerbait ere izango du nire kantatzeko moduak, nork jakin!

Urteak daramatzazue molde berean: diskoa kaleratu, bira egin, eta atsedena ostean. Eta berriz hasi.
Funtzionatu digula esango nuke. Hasieran, molde horrek Elkarretik botatzea ekarri zuen. Ritxi Aizpuru lagunarekin hirugarren lana grabatu genuen, eta esan ziguten gure Guadiana izaera hori ez zela batere bideragarria musikaren industrian. Denborarekin talde askok hartu du sortzeko modu hau, eta oso interesgarria da. Baina egia esateko, uste dut ez dugula atseden asko hartzen. Oholtzak uzten ditugu, baina musika ez. Musikaria bizi daiteke etengabe eszenarioan egonda, itzela baita bertan gertatzen den guztia. Baina gauza ezberdinak gertatzeko, dena landu beharra dago, sortu, eta bizitza normalera itzuli eta gauzak gertatu behar dira. Oholtzatik jaitsi, distantzia hartu, bizitza normala egin eta gauzak gertatzen direla ikusi eta horrek beste ikuspegi bat ematen du, eta abestiak sortzen jarraitzeko grina eman digu guri, desira bat. Askok horrenbeste maite zuten hori gorrotatzen bukatzen dute: musika. Gu beti gogotsu gaude. Eta garatzeko aukera izan dugu.

"Musikaria bizi daiteke etengabe oholtzan, baina gauza ezberdinak gertatzeko dena landu beharra dago"

Zenbat disko atera dituzue dagoeneko?
Hamazortzi. Eta azken hamabostak erritmo honetan, salbu eta pandemiak erdi-erdian harrapatu gintuenean, dena bertan behera utzi behar izan baikenuen geuk ere.

Beti esan dut oso talde marxista garela, ezerezetik sortu ostean, miseria kota altuenak eskuratu dituena. Hemen gaude. Ez gara Fito, baina 30 urte baino gehiago daramatzagu eta bideak poztu egin gaitu. Musika munduan desagertzea gauzarik errazena da, eta guk hemen dihardugu oraindik. Egiten duguna guretzat baliagarria den modu berean jendearentzat ere garrantzitsua dela ikusten dugu. Horrek bakarrik, dagoneko merezi du.

Zuen ibilbide luzean, aspaldi honetan sold out da gehien aipatzen den berba.
Bai, baina ez dugu BEC betetzen, aretoak baizik. Eta oso pozik gaude, oso eskertuta. Badakigu zoramena izaten ari dela musikaren munduan, baina orain horrenbeste aipatzen den slow kontzeptua guk beti praktikatu izan dugu. Inoiz ez ditugu 30 kontzertu baino gehiago jo nahi izan denboraldi berean, beti jaitsi izan gara gurditik, beste modu batera lan egin ahal izateko. Horixe da gure lana maitatzeko daukagun aukera bakarra da. Dirua, estatusa... gauza asko daude hor. Gure hautua da.

Musika bizitzeko, musikaz bizitzeko eta gozamenez jotzeko modua aurkitu duzuelakoan zaude?
Ezingo nioke inori aholkurik eman, baina guri balio izan digu. Guk jende askorengan jarri dugu arreta, nork zer egiten duen, baina gurea norbaiti baliagarri bazaio, itzel.

Eta inguruan zeri erreparatu diozu arretaz?
Euskal Herrian, Chill Mafiarena gustatzen zait. Zoro kuadrilla itzela da. Alaiak dira eta ekarpena egiten dutelakoan nago. Gaur egun mainstream-ean dagoen trap kultura horretakoak dira, oso gauza onak egiten dira munduan; lehenago mainstream eta mundu alternatiboaren artean zegoen aldea kalitatea zen, baina gaur egun, oso gauza ederrak daudela iruditzen zait. Eta Chill Mafia aldendu egiten da nagusi den eredutik. Ekarpena iruditzen zait egiten dutena. Nafarroan oso errotuta dagoen zerbaitekin konektatzen dute, gainera: Huajalotes, Lendakaris, Bizardunak... Kai Nakai ere gustatzen zait, antitesia izan daitekeen arren. Hori eta beste gauza asko. Zuzenekoak ez ditut asko jarraitzen, ez dut nire burua txandalarekin irudikatzen.

Zure auzora etortzean jabetu naiz Athleticeko ikurrina asko daudela balkoietan. Zuek ere Sevillan izan zineten finalean, zaletuen eremuan jotzen.
Baldarkeria izugarria izan zen. Ni ez naiz batere futboleroa, baina Athleticek irabazten badu, “irabazi dugu” esaten duenetakoa nauzu, pozten naiz eta ospatzen dut. Galduz gero, beraiek galtzen dute; ni ez nago hor. Eta pozik nago irabazi dugulako. 

Guztien artean gehien gozatu zutenak geu izan ginen Sevillan. Patata eremu batean 20.000 lagun zeuden, eta sekulako ilarak gehiegi ordaindu behar zen katxi bat hartzeko. Ordu bete itxaroten edozertarako. Eta gu oso ondo geunden, egia esan. Egunez eszenariora atera eta jendetza hori ikustea izugarria da. Dena gorri eta zuri. Eta gu batetik bestera eraman gintuzten furgonetan. Ohore bat. Aupa Athletic!

Hodei Torres / ARGIA CC BY SA

Athleticen alde aritzeaz gain, zeren alde joko luke gaur Doctor Deseok?
Gauza askoren alde. Gazaren alde egin beharko balitz, hor geundeke. Mundu osoan gailentzen ari den ultraeskuinaren kontra egin beharko balitz ere bai. Arrazoi asko daude. Egungo Putin guztien kontra. Mundua beldurtzeko moduan dagoen honetan, adi egon beharra dago.

Eta Bilboko Uribarri auzo honetatik, nola ikusten duzu gainontzeko Euskal Herria?
Munduaren zilborrean gaude, alde onean. Asko zorroztu dezakegu gero diskurtsoa eta istorio mordo bat aipatu. Auzoa bera ere asko aldatu da. Bere garaian auzo langilea izan zen, batez ere Burgos eta Galiziako maketoak bizi baikinen. Errepidea hemen amaitzen zen, eta hemendik gora geunden pilatuta gu, Artxandaren magalean. Baina eraldaketak eraldaketa, euskal kulturari ekarpena egiten hasi gara gu ere duela denbora gutxi.

Hirugarren munduaren lehen munduan geunden gu, baina orain hegoaldearen iparraldean gaude, baina iparraldean. Eta orain honek ere pijo auzoa dirudi.

Gogoan dut, ez oso aspaldi, Lakuntzan egindako Hatortxu Rock batean, borroka armatuaz eta ziklo aldaketaren beharraz mintzo ginela... Gauzak dezente aldatu dira ordutik. Baikorra zara?
Baikorra naiz izaeraz, horretan ez dago dudarik. Parez pare horma beltz egon arren, nik koloretsu ikusten dut. Horrek bizitzen laguntzen nau, eta egiten ditudan hautuak egitera narama. Intelektualki ordea, aski ezkorra naiz. Baina borroka armatua utzi izanak lagundu du, gu garen pijoen herri bat izanik, gauza askok karranka egiten zuten. Kanpoan eragiten zuen kalteaz gain, barnera begira egindako kaltea ere baloratu beharra zegoen. Ezker abertzaleren inguruan, belaunaldi pare bat, ia etorkizunik gabe egon dira, lubaki batean bizitzen etengabe. Eta lubaki horren gaineko zeru ertza oso mugatua zen. Aurrera urratsa izan da gauzak aldatu izana. Alde horretatik oso pozik nago, beste ikuskera batzuk daude orain. Beste akats batzuk egongo dira, beste gauza batzuk. Baina hobe horrela.

Uneren batean pasatu zaizu burutik maitasunari edo bizitzari kantatzeak merezi ote duen, mundua dagoen bezala egonik?
Mundua dagoen bezala dago, baina noiz egon da hobeto? Bizitza hau da. Batzuetan ez goaz inora, eta jainkoak oso jota daude, natura dagoen bezala dago, Amalurraz zer esan. [Slavoj] Žižek handiak liokeen bezala, ama batek bere semea hiltzen badu... Bizitza hau da. Garai honetan zer esan? Aurrera goaz, gure bidean. Denbora geologikoa dago, denbora historikoa, eta aurrera goazela pentsatu nahi dut. Eta badago zer hobetu, nola ez. Gazan oso txarto daude. Nire neska lagunaren ahizpa bere bikotekideak hil du duela gutxi... Hori da gerta dakizukeen gauzarik ankerrena. Bizitza ederra da, baina batzuetan kaka zaharra.

Eta bihar edo etzi kantak sortzeari ekin beharko diozu berriz.
Bai, ez dakit besterik egiten egia esan. Horrela jaio naiz. Eta pozik bizi naiz. Eskalatzera ere joaten naiz, eta ahal dudana egiten saiatu, mendietako haitzetan ere bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Existentzia mugimenduan jartzea

TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an

-----------------------------------------

Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


2024-12-20
Benetako gozoki musikala

Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta  I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]


2024-12-20 | Iñigo Satrustegi
Nora egon gara begira

Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.

-----------------------------------------------

Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]


2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


2024-12-06 | Xalba Ramirez
No Nerbioi

Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022

-----------------------------------------------

Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Gabriel Fauré: Requiem bat baino askoz gehiago

Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]


Eguneraketa berriak daude