argia.eus
INPRIMATU
Israelen espioitzak eta mehatxuak, Nazioarteko Zigor Auzitegia kikiltzeko xedez
  • The Guardian, +972 eta Local Call komunikabideek plazaratu ikerketa berriak xeheki azaleratzen digu Israelgo Gobernuak 2015az geroztik bideraturiko Nazioarteko Zigor Auzitegiko (NZA) kargudunen aurkako espioitza, pirateatze informatiko eta mehatxuak. Urte horretan bihurtu zen Palestina NZAko kide eta horrek ikaratu zuen Israel, hain zuzen, kide diren estatuen barneko krimenak ikertu ditzakeelako epaitegi horrek –Israel ez da kide–. Israelgo Benjamin Netanyahu Lehen ministroaren eta Yoav Gallant Defentsa ministroaren kontrako atxilotze aginduak galdetu izana da NZAren ikerketa juridikoaren emaitza.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko ekainaren 05a
NZAko prokuradore Karim Khanek eskaturiko atxilotze aginduek Israelen eta AEBen kritika gogorrak eragin ditu. Argazkia: NZA

Maiatzaren 20an jakiten genuen Israelgo Benjamin Netanyahu Lehen ministroaren eta Yoav Gallant Defentsa ministroaren kontrako atxilotze aginduak galdatzen zituela Nazioarteko Zigor Auzitegiko prokuradore Karim Khanek. Gazako Zerrenda eremu hetsian bideratu genozidioa ikusirik, beharrezkoa eta halabeharrezkoa. The Guardian, +972 eta Local Call komunikabideek hortik zortzi egunetara plazaratu ikerketa esku artean hobeki ulertzen da prokuradoreak momentuan luzatu abisua: "Berriz diot, bertan behera utzi behar dira auzitegi honetako arduradunak oztopatzeko, beldurtzeko edo bidegabeko influentzia bideratzeko ahalegin guztiak".

Kazetaritza lan horren ondorioa irakurri dezakegu ikerketaren berri dakarren Spying, hacking and intimidation: Israel’s nine-year ‘war’ on the ICC exposed [Espioitza, pirateria informatikoa eta larderia: bederatzi urteko Israelen 'gerra' NZAren aurka] erreportajean: "Israelek bere informazio agenteak bideratu ditu NZAko goi kargudunen zaintzara, pirateatzera, presionatzera, difamatzera eta omen mehatxatzera, eta hori auzitegi horren inkestak desbideratzeko".

Palestinaren eta Israelen arteko gatazka politikoko eta horri buruzko ikerketako eragile esanguratsuen adierazpenetan oinarrituriko ikerketa fidagarria atera dute hiru komunikabideek elkarlanean: 25 bat jenderekin hitz egin dute eta horien artean dira Israelgo informazio zerbitzuetako langile batzuk, gobernuko arduradun izandako ala diren batzuk, baita NZAko goi-arduradun batzuk eta ikerketari hurbil diren abokatu eta diplomazialari zenbait. Ikerketan agertzen denez, Israelgo Gobernuko segurtasun nazionalerako aholkulariek marrazturiko estrategia horretan dabiltza Shin Bet Israelgo espioitza agentzia, Aman informazio militarrerako zuzendaritza eta ziber-informazioan dabilen 8.200 izeneko unitatea. Maltzurki lapurturiko informazioa bideratzen diete Justizia, Kanpo Harremanen eta Afera Estrategikoen ministerioei.

Kondenak saihesteko abiaturiko joko zikina

2015eko urtarrilean abiatu zuen estrategia hori Israelek, hain zuzen, Palestina NZAko kide onartu zutenean. Israelgo ordezkariek "terrorismo diplomatikotzat" jo zuten erabakia eta egitura honen aurkako "gerra" abiatu zuten, Hagatik Israelen aurka bideratzen ahalko zituzten ikerketak zapuzteko xedez. Hain zuzen, gerra krimenen edota gizateriaren kontrako krimenen harira epaitzeko aukera bideragarri bihurtzen zuen Palestinaren integratzeak, bakarrik estatu kideetan bideraturikoak dituelako ikertzen eta zigortzen ahal auzitegi horrek. Israel ez da kide, AEBak ere ez, funtsean. Iturri baten adierazpenak frogatzen du Israelen Gobernuan dagoen kezka hori: "Goi-kargudun batzuk beldurrez ziren Zisjordaniarako postu batzuk hartzerakoan, Hagan epaituak izateko beldurrez ziren".

Emailak pirateatzea eta telefono deiak entzutea izan da Israelen zelatatze-bideetarikoa. Jakinik, Gazara, Zisjordaniara eta Jerusalem ekialdera sartzea debekatuta diela NZAko ordezkariei Israelek, bai ala bai emailez eta telefono deiez komunikatu behar izaten dute inkestaren bideratzaileek. Ikerketako iturrietariko batek kontatzen die nola arbel zuri batean markaturik zituzten jarraitu beharreko 60 bat izen, erdiak palestinarrak eta beste erdiak Nazio Batuen Erakundeko zein NZAko ordezkariak. Testigu batek argiki aitortzen die: "Fatou Bensouda [2012tik 2021era NZAko prokuradore izandakoa] segitzeko bideak baliatu ditugu, informazio militarrerako agente gisa ez da, alta, legitimoa". Palestinako Gobernuz Kanpoko Erakundeetakoak ere jarraitzen zituzten, krimenen frogak bideratzen zizkielako auzitegiari. GKE horien artean da, besteak beste, giza eskubideen alde lanean dabilen Al-Haq elkartea, 2021ean Israelek "talde terrorista" gisa sailkaturikoa.

Bildutako informazioak baliagarri zitzaizkien, besteak beste, auzitegiko ordezkariekin 2017tik 2019ra ukandako bilera sekretuetarako. Hain zuzen, hitz egin beharrekoaren eta leporaturikoaren berri ukanik, bideratu zezaketen barne mailako ikerketa bat aitzinetik –NZAren osagarritasun printzipioari esker, Hagako auzitegiak ezin dezake pertsona bat ikerketu eta zigortu, estatu mailan jadanik abiaturik baldin bada ikerketa haren kontra–.

2019an bukatu ziren bilera klandestino horiek, gerra krimenari buruzko ikerketa abiarazteko "bidezko oinarriak" zeudela adierazi zuenean Bensoudak. Orduan, intentsifikatu zituen Israelek espioitza eta presioa, prokuradorearen aurkako mehatxu argiak eta pertsonalak ere bideratuta. Mossad inteligentzia agentziako zuzendari Yossi Cohenek berak presioa egiten zion, "modu zitalean", errepikaturiko telefono dei eta abisatu gabeko bisiten bidez. Ondoko abisua luzatu zion: "Hobe zenuke laguntzea eta guk zu zaintzen uztea. Zure eta zure familiaren segurtasuna konprometitu lezaketen ekimen horiei ez lotzea hobe zenuke".

AEB-ak beti hor, ondoan

Estrategia horretan AEBek duten rola ere argitara dakar ikerketak: diru eta bisa murrizketak, 2020an Trumpen administrazioak Bensoudaren eta auzitegiko beste goi-kargudun batzuen aurka harturiko zigor ekonomikoak, atxilotze aginduen eskaera ez luzatzeko "sekulako presioak" jaso izana, eta abar.

Bensoudaren kargualdia bukatu eta Khanek lekukoa hartu zion 2021ean. Israelek Palestinaren aurka bideraturiko gehiegikeriak ez zituen, iduriz, lehentasunetan, baina gauzak aldatu zituen urriaren 7aren biharamunetan. Zazpi hilabete eta 35.000 hilen ondotik eskatuko zituen atxilotze aginduak –Israelgo baita Hamaseko arduradunen kontra ere–. Mota askotako presioei eta mehatxuei aurre egiteko erabakia esanguratsua da eta Gazan bizi duten larritasunaren heinaz ohartzeko balio beharko liguke. Are gehiago, jakinda lehen aldia dela Mendebaldearen aliatu baten aurkako atxilotze agindua eskatzen duela Hagako auzitegiko prokuradore batek.