argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Animalia telegidatuak
Diana Franco Eguren 2024ko maiatzaren 29a

Abeltzaintzan lan egiten dutenek oreka bilatzen dute: animalien bizi kalitatea ahalik eta onena izatea eta ekoizpenaren bideragarritasun ekonomikoa lortzea. Gizakiok munduari muga fisiko ugari jarri dizkiogu “geurea” dena babeste aldera,  “geure” animaliak kanpo mehatxuetatik babesteko: azeriak, otsoak eta bestelako harrapakariak, eta geure animalien gorputzek gure bizi kalitatean duten eragin onaren bila, harresiz josi dugu paisaia, gizakion beldurren mosaikoa bilakatuta.

Animaliak zaintzeko teknologiak sofistikatu egin dira eta gaur egun munduaren gainazaleko irudia eraldatzen hasi dira: neurri fisikoekin babesten zena, datuekin babestu daiteke orain. Animaliek lepoan duten zintzarri elektroniko batekin, GPS bidez dauden tokiaren informazioa bidaltzen diote artzainari –berau ere makina bat izan daiteke–, eta artzainak definituta duen bazkatzeko eremuaren arabera, animaliak kontrolatzen ditu, deskarga elektriko txikien bidez. Hala, animaliak edozein lekutan egon daitezke modu automatikoan kontrolatuta eta euren bizitzak arrisku handitan jarri barik. Beldurraren mosaikoa jada ez da begi-bistan izango, ordenagailuetan gordeko da. Badirudi praktika honek zenbait onura gehiago ekar ditzakeela, besteak beste animaliak basoan askatzea eta sasiak jan eta sute arriskuak txikitzea. Harrapakariak ere euren bizitza babestuta izan dezakete, zintzarria jarrita “jabedun” animalia bat erasotzera doazenean deskarga bat jasoko dutelako, eta horrela, gizakiok harrapakariak akabatzeko arrazoia desagertuko litzateke.

Argi dagoena da, eta animaliak kudeatzeko dugun moduarekin erraz ikus dezakegu, beldurra dela gizakiok egun bizi dugun mundu ereduaren erantzuleetako bat, eta beldur horiek txikitu izan ditugula opresioa eta kontrola erraztu diguten teknologiak sortuta. Deigarria da, natura eta animalien gain aplikatu dugun teknologia geure espezie bereko izakiek eragiten diguten beldurrari aurre egiteko erabiltzen dugula askotan.