argia.eus
INPRIMATU
‘Salbatzaileen tenplua’ eraisteko ordua
Amaia Alvarez Uria 2024ko maiatzaren 29a
Feminismo zuriaren aurka / Rafia Zakaria / Itzult: Amaia Apalauza Ollo / Elkar eta Jakin, 2023
Feminismo zuriaren aurka / Rafia Zakaria / Itzult: Amaia Apalauza Ollo / Elkar eta Jakin, 2023

Feminista eta anti-arrazistatzat duzu zure burua? Bururatu zaizu inoiz ezagutzen duzun feminismoaren historia zuria eta kolonialista dela? Kultura ez-zuriei buruz duzun ezagutza edo begirada zalantzan ipini dituzu? Ahalduntze feministaren inguruko irakurketa kritikorik egin duzu? Feminismo iragazkorra, sekurofeminismoa edo hautu-feminismoa zer diren jakin nahi duzu? Hari horiei tira egiteko, irakur ezazu liburu hau.

230 orrialdetan eta zortzi kapitulutan Rafia Zakaria abokatu, kazetari eta idazle pakistandar-estatubatuarrak feminismoaren supremazismo zuriaren aurka jarduteko gonbidapena egin digu. Horretarako, bizi dugun feminismoari kritika egin eta eztabaidarako proposamena luzatzen du. Zertarako? “Egiazko elkartasun feminista bat eraikitzeko” eta feminista guztiak elkarrekin “politika feminista zabal, sendo eta eraldatzaile bat sortzeko”. Liburuan zehar bere esperientziatik eta bere ezagutzatik hartutako adibide konkretuak azaldu eta hortik gogoeta partekatuko du irakurleokin.   

2017ko Jakinen Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean eta 2022ko EHBFren Araka ditzagun gure bazterrak dira euskal feministen artean zuritasuna eta haren pribilegio eta botere-posizioa aintzat hartzen hasteko argitaratu diren lehen urratsak. Greba feministak antolatzean egondako gorabeherak ere aurrekaritzat har genitzake afera honetan. Liburu honek lagundu ahal digu bidea egiten jarraitzen, nahiz eta atsegina ez izan edo irakurri ahala erresistentziak agertu.    

Sayak Valencia mexikar filosofoaren 2021eko definizio bat ekarri nahiko genuke amaitzeko, Zakariaren liburuarekin batera begirada zurizentrikoa birkokatzen (edo deskolokatzen) lagundu ahal digulakoan: “Transfeminismoa ez da transgenero diskurtsoa feminismora ekartzea edo feminismoak gainditzeko asmoa, baizik eta transito egoerak, migrazioak, mestizajea, zaurgarritasuna, arraza, klasea eta generoa hartu eta matxinoen mugimendu sozialen memoria historikoarekin gurutzatzen dituen sare bat, egungo praktika eta subjektu guztiei diskurtsorako eremuak zabaltzeko, gutxiengo bilakatzen diren horientzat, feminismo hetero-zuri-biologizista-instituzionalak zuzenean aintzat hartzen ez dituenentzat”.