argia.eus
INPRIMATU
Faxismoari stop!
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2024ko maiatzaren 29a

Ekainaren 9an Europako hauteskundeak izango dira, herritarrei gutxien interesatzen zaizkigun bozketak, antza, nahiz eta jokoan asko dugun. Agertzen zaigun panorama, gainera, ez da batere baikorra, ultraeskuinaren aurreratze nabarmena aurreikusten baita. Faxismoari aurre egitera deituta gaude, urtetako borroken bidez lorturiko eskubide politiko eta sozialak defendatzera, historiak behin baino gehiagotan erakutsi baitigu ez direla betiko, eta inboluziorako arrisku erreala dago.

Baina esango nuke dagoeneko eskuin muturrak diskurtso batzuetan eragitea lortu duela, eta faxismoak migratzaileak jomugan baditu ere, xenofobia eta gorrotoaren aurkako erreakzioa epela da, eta, horren adibidea foro batzuetatik egiten den Migrazio eta Asiloaren Europar Paktuaren irakurketa akritikoa. Bestetan, Europaz kanpoko pertsonen beharra –eskulan (merke) gisa– aipatzen bada ere, mugak blindatzea ez da kolokan jartzen, (gure) segurtasunaren argudioaz. Arriskua kanpotik baletor bezala, herritarrok nahi ez ditugun gerrak eta nekropolitika agintariek elikatzen dituzten bitartean.

Ez da kasualitatea Javier Mileiren ondoan argazkia egin zuten enpresarien artean emakumerik ez egotea, faxistek migratzaileak bezainbeste gorroto baitituzte andreak, ez gaitzala engaina bozeramaile batzuk hala izateak.