E-CHO izenaren gibelean gordetzen den makroproiektuari so jarri gara, Zuberoatik hurbil, Biarnoko Lacq herrian egitekoa den egitasmo omen ekologikoa hurbilagotik ezagutzeko asmoz. Hiru gune industrial lituzke: hidrogenoa ekoizteko fabrika erraldoi bat, eta hegazkinentzako eta itsasontzientzako erregai "berdeak" ekoizteko lantegi bana. Mugimendu ekologista kezkatzen duen proiektua da, besteak beste, inguruko oihanetatik lortu biomasa lukeelako energia-iturri. Makroproiektua izanik, deforestazio masiboa eraginen luke: 14.000 hektarea desagertuko lirateke lehen bost urteetan.
Victor Pachonekin bildu gara, oraindik ezezagunegia den E-CHO proiektuaz hitz egiteko. Ipar Euskal Herriko ekologista ezaguna dugu, ingurumenaren alde diharduen CADE elkartean buru belarri dabilena aspaldian. Iazko urte hondarrean borroka esparru berri bat ireki zitzaien hari eta inguruko beste ekologistei: Zuberoatik hurbil den Biarnoko Lacq herrian xede duten hidrogenoa eta bioerregaiak ekoizteko E-CHO makroproiektua. Karbono isurketa gutiko erregaien ekoizpenean berezituriko Elyse Energy enpresa frantsesa dugu maniobran.
Hidrogenoa lortzeko bidean, elektrolisia ezinbesteko urratsa izaten da: elektrizitatearen bidez substantzia baten osagaiak banatzeko prozesua da, adibidez uraren kasuan hidrogenoa eta oxigenoa banatzen ditu. Bertan eraikitzekoa duten elektrolisirako espazioak 30 hektareako handitasuna luke –gaur egungo munduko handiena Txinan da eta hori baino bi aldiz handiagoa litzateke–. Bertatik urtean 72.000 tona hidrogeno ekoiztekoak dituzte. "Neurrigabekoa" Pachonen arabera.
Hidrogenoa sortzeko prozesuan erabilitako energia beharrari behatzerakoan hasten zaigu "energia berdea" etiketaren pean sailkaturiko energiei buruzko eztabaida. Hain zuzen, Pirinioetako milioika zuhaitzen mozketatik lorturiko biomasari esker edota nuklearretik eskuratzekoa dute elektrizitatea. Gaia are "zentzugabekoa" bihurtzen zaigu jakitearekin, finean, hegazkinak eta itsasontziak "erregai berdez" ibilarazteko baliatuko dutela emaitza. Hain zuzen, hidrogeno hori baliatuko dute Lacq herrian kokatzekoak dituzten Biotjet eta eM-Lacq lantokiek; lehenak, hegazkinentzako kerosenoa ekoizteko eta bigarrenak, itsasontzientzako metanola sortzeko. Elyse Energyren datuei begiratuz gero, ohartzen gara hiru guneen artean erabilitako energia sorturikoa baino 1,8 aldiz handiagoa litzatekeela –eta hori, garraioak kontuan hartu gabe–. "Alferrikakoa eta zentzugabekeria", Pachonen hitzetan.
14.000 hektarea oihan moztuko lituzkete lehen bost urteetan eta ondotik urtero 1.170 hektarea lirateke desagertuko
Victor Pachon
E-CHO makroproiektuaren gibelean gordetzen dena azaleratzen dabiltza bilkura publikoz bilkura publiko, CADE eta aurka antolaturiko beste 59 egitura. Apirilean egon ziren Nafarroa Beherean, Aiherran eta Donapaleun, eta ekainaren 7an Zuberora doaz, Maulera. Lehenik eta behin, energia ekoizteko beharrezkoa izanen den biomasa kopuru erraldoian jartzen dute arreta: 14.000 hektarea oihan moztuko lituzkete lehen bost urteetan eta ondotik, urtero 1.170 hektarea lirateke desagertuko. Lacq herritik 200 kilometro inguruko zuhaitzak dituzte jomugan, hots, begibistan dituzte Ipar Euskal Herriko basoak ere. Iratiko 20.000 hektareak hamabost urtez desagertuko lirateke.
Frantziako Estatuko gisa bereko beste egitasmoei begiratzerakoan, geroa argi du Pachonek: "Brasilgo Amazoniako edota Kanadako baso primarioetako zuhaitzak inportatzen bukatuko dute hortik gutira, bertako guztia xehaturik". Oihanen kudeaketa industrialak ekarri ohi duen mozketa masiboek kezkaturik dira ekologistak. Gaur egun mozketa mota hori ez du debekaturik gobernuak eta funtsean, horrelakoak baztertzeko konpromisoa "hartu ezinean" dela aitorturik du Elyse Energyk.
"Ez-jakintasuna" nagusi dela dio Pachonek: ez dakigu zein arbola barietate erabiliko dituzten, ez dakigu oihan pribatuetara edota publikoetara joko duten... Oro har, datu eta ikerketa anitz eskas dira enpresaren dokumentu ofizialetan: "Abenduan hastekoa dute inkesta publikoa, eta bizkitartean eskura jarri beharko dituzte eskas diren hamabost bat ikerketa, tartean, karbono-bilanarena edota eragin sozioekonomikoarena".
Promotoreek oihanari buruzko ikuspegi "murriztua eta okerra" dutela dio aurkako mugimenduak. Hain zuzen, etengabean berriztuz doan ondasun natural gisa daukate, baina izaera hori iraganekoa dela diote: "Azken bi hamarkadetan biziki emendatu da oihana, batez ere baso publikoetan, baina azken urteetan tendentzia beste aldera doa, aldaketa klimatikoagatik ahulagoak direlako zuhaitzak edota mozketa masiboengatik. Duela hogei urteko zenbakien arabera egin dute kalkulua, baina horrek ez du balio", dio Pachonek. Klima aldaketaren eraginez, bertako basoetako zuhaitzen hilkortasuna %80 emendatu da azken hamar urteetan, Frantziako Basoen Inbentarioa egituraren arabera. "Gero eta sute gehiagok planetako birika berdeak hondatzen dituzten honetan, eta klima gero eta gehiago berotzen ari denean, hegazkinen kerosenoa ekoizteko azken karbono-putzuen suntsitzeko gogoa nola ukan dezakegu?", irakurri liteke oraingoz 12.400 herritarrek izenpeturiko petizioan.
Karbono putzu garrantzitsuak direla eta, inoiz baino beharrezkoagoak ditugu basoak, eta bidea babestearena eta zaintzearena izan beharko litzateke. Baina ez: deforestazioaren norantzan doaz agintariak eta hori horrela, Klimaren Goi Kontseiluaren datuen arabera, duela hamar urte baino bi aldiz karbono gutxiago xurgatzen dute Frantziako Estatuko oihanek. Alderantziz, lurpean bildutako CO2 parte bat askatzen ere dute gizakiaren aktibitateengatik –deforestazioengatik zein lur horien manipulazioengatik–. Nature Climate Change aldizkariak dio munduko oihanek urtean 16.000 milioi tona CO2 xurgatzen dituztela, baina beste 8.100 milioi tona askatuz. E-CHO makroproiektuaren karbono-bilana egiterakoan hori guztia kontuan hartu beharko dela dio Pachonek.
“Lehen bezala bizi nahi dugu, baina gauzak aldatu dira eta geroan proiektatu behar gara: urritasun izaera hartzeko garaia da”
Victor Pachon
Oihanen biomasaz gain, laborantzatik eta hondakin berdeen errekuperaziotik ere lortu nahi dute energia. Pachonek argi du: "Banan-banan zabor berdeak errekuperatuko dituztela? Hesi zaharrak han eta paleta hautsiak hemen? Ez, kostu handia luke horrek eta murriztu nahiko dute. Oihaneko biomasa lehenetsiko dute ekoizpen kostu interesgarriagoa ukanik". Gainera, errekuperazio hori bermatzen dabilen lekuko industria jadanik badagoela ohartarazten du ekologistak. Oihangintzari dagokionez, berdin, tokian tokiko ekonomia bat dago aspaldian, eta gisa horretako makroproiektu batek dena desorekatuko luke.
Laborantza biomasaren ekoizpenera bideratzearen albo-kalteak azaltzeko tartea ere hartzen du Pachonek: batetik, elikadura energia-iturri gisa gastatzearen aurka dira ekologistak, eta bestetik, nekazaritza industrialagoa eta intentsiboagoa garatzeko akuilu izan daitekeela uste du: diru baten truke, agroindustriak ondorioztatu ongarri kantitate handiez libratzeko bide interesgarria izan daiteke. Klima larrialdiak galdatzen digun elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren pario ausartei lotu beharrean, arazoaren hauspotzea ekarriko luke E-CHOk.
Erregai fosiletatik ateratzeko desafio klimatikoa aipatzen dute Elyse Energy taldeko buruek. "Bai, baina ez kosta ahala kosta", ihardesten diete ekologistek. Oinarrian, gauzak ez aldatzeko jarrera dagoela dio Pachonek: "Lehen bezala bizi nahi dugu, baina ez gara gehiago iraganeko egoera berean, gauzak aldatu dira, eta geroan proiektatu behar gara. Urritasun izaera hartzeko garaia dugu". Gisa horretako megaproiektuek mahaigaineratzen duten auzia da hori: desazkundetik pasa beharko gara, benetako trantsizio ekologikoa lortu nahi bada.
Ur kantitate alimaleak beharko dira makroproiektu horren aurrera eramateko: urtero 7,7 milioi metro kubo ur. Kezka adierazirik du Aturri-Garona Ur Agentziak berak, hain zuzen, horri gehitu behar zaizkielako Lacq industria guneak urtero erabiltzen dituen 14,3 milioi metro kuboak. Ez da ohikoa egitura horrek bere iritzia publikoki plazaratzearena, baina aldi honetan, ezin izan du isilik gelditu. Orain arteko ur hartzeak %65,47 emendatzeak aldaketak eta kalteak eraginen lituzke lekuko erreken ekosisteman. Fabriketatik berriz botako duten urari buruzko zalantzak ere ez dira ttipiak: kutsatuak izanen ote dira? Uraren tenperatura egokia izanen ote da lekuko ekosistemarako?
Klima larrialdiari egokitzeko erabaki politikoen aurka doa E-CHO, jakinik idorteei aurre egiteko ur kontsumoaren murrizketa dutela helburutzat lekuko instituzioek. Aturriren arroari dagokionez, urteroko ur kontsumoa 37 milioi metro kuboz ttipitu nahi dute 2030erako. Ezinbesteko pausoa, jakinik 2050erako 1.200 milioi metro kubo uren defizita aurreikusten dela arro horretan.
“Finantzariak dira. Ikusi dute badagoela hor sosa errazki egiteko aukera, karbonorik gabeko energientzako dirulaguntzak ihiztatzen dabiltza”
Victor Pachon
Argi eta garbi, Frantziako Gobernuaren logikari segi doan makroproiektua da. Berotegi-efektuko gasen isurketak ttipitzeko asmoz adosturiko Karbono Apalari buruzko Estrategia Nazionalaren baitan agertzen da oihanen biomasaren ustiaketaren garapena:2050erako %70 emendatzekoak dituzte mozketak–. Alta, Ingurumen Ministerioak berak aitorturik du estrategia ez dela bideragarria, deskarbonizazioa bide horretatik lortzeko beharko litzatekeen zuhaitz nahikorik ez delako. Hidrogenoaren industriaren garapena ere da Pariseren helburu estrategikoen artean. Hidrogeno berdean "lider" bihurtzeko helburua finkatu zuen 2021ean Emmanuel Macron presidenteak, 7.000 milioi euro bideratuz plan estrategiko horri. Eta "hegazkingintza ultra-urriaren garapena" ere du xede. 2024tik 2030era, urtero 300 milioi euro bideratuko ditu "sektore berde" horri Frantziako Gobernuak.
Elyse Energy enpresako ordezkarien fede onean ez du sinesten Pachonek: "Finantzariak dira, diru erraza nahi dute eta ikusi dute hor badagoela sosa errazki egiteko aukera. Karbonorik gabeko energiei bideratu dirulaguntzak ihiztatzen dabiltza". E-CHO egitasmoaren baitako eM-Lacq, Hylacq eta Biojet fabrikak 2027rako eraikitzekoak dituzte. Bizkitartean, bilkura publikoz bilkura publiko, gorderik eta isilean atxikitakoa plazaratzen dabil CADE elkartea: "Abenduan abiatzekoa dute egitasmoari buruzko inkesta publikoa. Bitartean, herritarrak informatzen ariko gara, behar orduan mobilizazioei lotzeko gisan".
Apiril hastapen honetan hasi da Zuberoako eta Biarnoko lurpearen ikertzen TBH2 Aquitaine deitu enpresa. Jakin nahi du hidrogeno naturalik baden lurpe horietako geruzetan. Iragan uztailean pausatu zuen ikerketarako baimena eta Frantziako Gobernuak onartu berri dio. Hidrogenoaz gain, helioa eta bestelako substantzia batzuen presentzia ikertzen ariko da ondoko asteetan. Ikerketa sismikoak, geokimikoak eta beste hainbat neurketa zientifiko egitekoak ditu. Horrelakorik atzemanez gero, zulaketetarako baimena galdetu beharko dio gobernuari. Baietza ala ezetza jaso bitartean, herritarren, hautetsien eta lekuko eragileen kontsulta bideratu beharko du enpresak. 45-8 Energy enpresak ere baimen bera galdetua dio gobernuari. Bereziki Zuberoa trabeskatzen duen Uhaitza ibaiaren inguruak eta Baxenabarreko zein Biarnoko zenbait herri ditu begibistan.
Hidrogenoaren aldeko apustu argia egin du Frantziako Gober- nuak. Hidrogenoaren Kontseilu Nazionala ere sortu du estrategia hori gidatzeko eta kontseilu horretan dira, besteak beste, Total eta Engie multinazionalen ordezkariak. Preseski, 45-8 eta TBH2 Aquitaine enpresek loturak dituzte nuklearraren eta erregai fosilen sektoreko bi enpresa erraldoi horiekin.
Naturalki lurpean dagoen hidrogeno hori "hidrogeno zuri" gisa sailkaturik da. Koloreka banatua da hidrogenoa: zuria –naturan kausitzen dena–; berdea –energia berriztagarrien bidez lorturikoa–; grisa –erregai fosilen bidez sorturikoa–; urdina –grisaren moduan lorturikoa, baina ondorioztaturiko CO2a lur azpian metaturik duena–; horia edo arrosa –energia nuklearrari esker produzitutakoa–; marroia edo beltza –ikatzaren bidez lorturikoa–.
Batzuetan, mehatxua behar izaten dugu arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta mehatxu horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruan sentitzen dugun indarra. Konturatu orduko, zeure burua ikusten duzu lanean, buru-belarri, galtzeko arriskuan... [+]
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]
Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo dute; gainontzekoen funtzioa da “goian” hartutako erabakiak gauzatzea edota onartzea... [+]
Arabako hamazazpi talde, elkarte eta herri mugimenduk deituta, milaka lagun elkartu dira larunbat arratsaldean Gasteizen, euripean. Bilbo plazatik abiatutako manifestazioak Foru plaza bete du ibilbidearen amaieran. Arabako landa eremua mehatxatzen duten makroproiektu guztien... [+]
Hamasei plataformak baino gehiagok bat egin dute "Araba ez dago salgai" eta "Makroproiekturik ez!" mezuekin eta manifestazioa antolatu dute elkarrekin: urriaren 26an izango da, 18:00etan Gasteizko Bilbo plazan hasita. Jarraian, manifestazioa deituz plazaratu... [+]
Makroproiektuen aurkako manifestazioa izango da, larunbat honetan, urriaren 26an, arratsaldeko 18:00retan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta.
Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzara ekainaren 14an bidali zuen txostena irakurrita, nekez irudikatu daiteke haize-errotak jartzeko leku ezegokiagorik Laminoria eta Azazeta proiektuentzat Aixeindar SA enpresak hautatu duena baino: EAE osoan nekrofago espezie gehien bizi... [+]
"Sare elektrikoak eta lurraldea: sistema energetikoa eztabaidagai" hitzaldia emango du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak. Herribizigune eta Ezkeltzu Bizirik taldeek elkarrekin antolatu dute hitzaldia.
Euskal Herria Bizirik-ek, heldu den urriaren 26an, Gasteizen, Arabako herri plataformek eta nekazarien sindikatuek trantsizio energetikoaren aitzakian korporazio handiek inposatu nahi dituzten megaproiektuen aurka antolatutako manifestazioan parte hartzera animatu nahi du.
Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]