argia.eus
INPRIMATU
Berezitasunarekin hazten gara
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko maiatzaren 29a
Oñati V-izirik / Askoren artean / Autoekoizpena
Oñati V-izirik / Askoren artean / Autoekoizpena

Oñati herri berezia da zentzu askotan, eta zer esanik ez, inguruko herrietakoen begiradapean, a ze betaurreko janzten ditugun! Ezaugarri asko dituzte herriak eta herritarrek berezkoak, eta gazte asanbladaren inguruko mugimendua ere halakoa da, iraganean zein Antixena Gaztetxearen inguruan ere. Portzierto, ez dezagun ahaztu Oñatin okupatu zela Euskal Herriko lehen gaztetxea, orain baino askoz okerrago ikusita zeuden garaietan. Hori ere badute bizkarrean!

Beno, goazen harira. Gazte asanbladak tarteka Oñatiko taldeen bildumak ekoiztu eta kaleratzen ditu Oñati bizirik izenpean, batzuetan aurkezpen soilarekin eta besteetan dotoreagoarekin (oraingoa oso dotore!), baina beti musikariei, eta horien artean hasiberriei, bozgorailua eskainita. Bosgarren bildumako hamazazpi kantuak orain arte argitaragabeak dira eta guztiak grabatu dira Antixena Gaztetxean egokitutako estudioan. Gainera, edizio honetan, Antixenakoek beste gaztetxe batzuetan taldeentzat kontzertuak antolatu dituzte. Chapeau!

Gassius Clay-ren post-rock-hardcore saminduak zabaldu du lana, eta gerora garatu. Ingumak, aldiz, punk-Oi!a aldarrikatu du irmo. Estolda-ren punk melodiko biziak Heriotza taldea zena gogora ekarri dit. Autoreerotua bakarlari egokritiko eta bustia da. Zentzu Okerra oraindik kutsatu gabeko lokaleko punka.

Sukenak oso presente dauka Sorkun. Aiert folka, tentsioa eta talentua. Lehen Lerroa Alemanian familia daukan street-punk indartsua. Malko (hard)rock melodiko eta sarkorra. Hamarratz-i esker Mauriziak eta erromeriak badaukate oraina eta etorkizuna. Lee Kore gogor dator metal-core minkorrarekin. Letagin-ek Kuraia-ren suzko lekukoa darama gainean. Larru Beltzak punk itsaskorra da. Osaba Kimu, aldiz, punk zirikatzailea. Jarraian datoz Aitor Regueiro bakarlaria, triki-rockaren aldarri Lizartxo, Repix Ft. Exhile-ren techno eta elektronika, eta bukatzeko, irratsaio labur bezain dibertigarria.

Bereziak? Bai. Irudimentsu eta ekimen zaleak ere bai.

Diskoan parte hartu duen taldeetako bat da Hamarratz.