argia.eus
INPRIMATU
Gabarra, tabarra... eta emakumeak zer?
Itziar Moreno Martínez 2024ko maiatzaren 22a

Aste batzuk igaro dira zoramen kolektibo zuri-gorritik eta, bai, badakit, azken ordukoa ez izateaz gain, gaiarekin gogaituta gaude gutariko asko. Gaur dut, ordea, artikulu hau idazteko data eta tabarra mundialaz geroztik nabil hurrengo hitzok idazteko, oihukatzeko, goitikatzeko gogoz (hori edo lehertu!): eta emakumeak zer?!

Komunikabideek esan digute Athleticek ez duela koparik irabazi 1984tik… gezur borobila! Gizonek ez dute irabazi! Emakumeek liga bost bider irabazi dute 2002 eta 2016 urte bitartean. Non geratu ote dira politikarien M8ko berdintasun aldarriak…? Hiru aste eta futbol pilota bat nahikoak izan dira ahanzturaren zulo hipokritan gordetzeko.

A11n forofismo manolo-lololo-az betetako inurritegian pankarta ausart bakan batzuk ikusi nituen Noizko emakumeoi aitortza kirolean? gisako leloekin. Nik bertatik alde egin nuen; bilbotar petoa den honek argi zeukan: ez bada guztion jaia, hau ez da nire jaia! "Zeinen burugogorra zaren! Une historikoa galduko duzu!" entzuteko, gainera. Alaporai, goizean goiz, milaka pertsona jasotzeko hiria hankaz gora jartzen zuten unean, nik kontrako norabidea hartu nuen, eta harro.

Jaietan emakumeak baztertzea ezinezkoa iruditzen zaigun garaiotan, nola da posible normaltasun osoz hartzea emakume futbolariei dagokien ospakizuna ukatzea?

Ospakizunak berdintasunean gozatzeko, borrokak eta malkoak isuri ditugu gurean; duela hogei urte Irunera joaten ginen fatxa atzerakoien irainak, listuak eta bultzadak jasotzeko... gure lekua irabazi genuen arte! Jaietan emakumeak baztertzea ezinezkoa iruditzen zaigun garaiotan, nola da posible normaltasun osoz hartzea emakume futbolariei dagokien ospakizuna ukatzea emakume izate hutsagatik?

Kontrara, zergatik merezi dute pilota batekin abilak diren gizontxo dirudun horiek tamainako gorazarre desfasea? Mugituko zen kopurua aurrez jakina izanagatik, tristuraz konprobatu nuen jendetza horren hamarreko batek ere ez duela hatzik mugituko munduan zein gugandik gertu dauden bidegabekeriak salatzeko.

EAEko Berdintasun Legeak dio erakunde publikoek ezin dutela diruz lagundu emakumea diskriminatzen duen kirol jarduerarik. Arrotzak senti ditzakegun legeen gainetik, Athleticek diru publikotik jasotzen duen puskak (zergen araubide berezituez gain) kezkatu beharko gintuzke, geure burua ezkertiartzat dugunok, bederen. Bilboko klub jauretsiak 130 milioi inguruko aurrekontua du aurten; bere webgune ofizialeko "gardentasun" atalean ez dut topatu zehazki zenbat diru esleitzen dion Bilboko Udalak (hornitzaile ofiziala) edota Bizkaiko Diputazioak ("San Mames Barria SL" elkartearen bazkide nagusietakoa), biek ematen badute ere. Ustezko gardentasun hori arakatzen jarraitu beharko dut... eta ea uholde zuri-gorria more-gorri-beltzarekin uztartzen dugun!