argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Isilean
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko maiatzaren 15a

Katalunian ere hauteskundeak izan dira. “Emozioak, pragmatismoa eta xenofobia: Kataluniako hauteskundeen klabeak” titulatu zuen Público egunkariak. Ezkerra dabil pragmatiko eta kudeatzaile han ere, eta emozioak Junts-i lotuta aipatu zituzten. Baina migratzaileen aurkako diskurtsoa ere puztuta dator, oso bestelako emozioz bada ere. PP, Vox eta Aliança Catalana izan dira migratzaileez aritu direnak. Eskuina, beraz, Katalunian ere.

Migrazioaz eskuinak hitz egiten du, eta ezkerrak, batzuetan, astakeriak atrila kolpatzen dienean-edo, gehienez, erantzun egiten du, bizitza hobe baten bila datorren jende batez, gure zaintza beharrak asetzen dituena, eta RGIaz ari badira, defendatzen dute esanez, hartzaile asko langileak eta pentsiodunak direla… Ezer sakonik ez, izan ere, hauteskundeak diseinatzen dituztenek badakite, ziur, ez geundekeela ados. Zu “ezkertiar”, ni “ezkertiar” ez geundeke ados; asistentzialismoa, integratu behar ditugu, herritar zapalduekin elkartasuna, gure zapalduekin, antolatu eta kalashnikov banarekin etortzen ez direlako eskerrak eman…

Geurean eskuin muturrak ez ditu halako emaitzak: Katalunian 28 eserleku dituzte PP kontuan hartuta. Baina tamainako injustiziek sortzen dituzten sumindurak ez ikusteak, hauteskundeetan gaia aipatu ere ez egiteak ia, urduri jartzen du. Hasten bada alderdiren bat esaten euskara arriskuan, gure gaztetxoak parrandan, gure emakumeak…