argia.eus
INPRIMATU
Maiatz ederrak
Itxaro Borda 2024ko maiatzaren 15a

Maiatzean nahi dena egiten ahal dela dio frantsesezko erran zahar batek eta hala dela iruditzen zait. Egunak luzatzen dira, tenperatura hupatzen eta halako axola-gabezia aire zerbaitek inarrosten dizkigu buru zokoak. Egia aitortze aldera, nire garuna martxo bukaeran hasten da itxeska: hiru liburu irakurtzen ditut egunean, korrika eta ibiltzera ateratzen naiz goizean eta arratsaldean, kilometroan beltzatzen ditut paper zuriak... udaberriak benetako bizi berritze garaiak dira niretzat, Rachel Carsonek 1962an iragartzen zituenak baino zaratatsuagoak gainera. Beharrik eta zorionez.

Maiatzaren Lehenean langileen eguna ospatu dut lankide ohiekin Baionan oparo bazkalduz. Aitortu behar dut manifestarien artean, bilo beltz baino ile urdin eta zuri gehiago ikusten zela: langabetu batzuk, erretretadunak gehienak, non ziren besteak? Badirudi lan mundua ibilarazten zuten sinesmen ideologikoak erraztatuak izan direla hondar hamarkada hauetan eta badakigu, aburu-ikerketen arabera, langileek eta sustut langile ohiek dagoeneko eskuin muturretara bozkatzen dutela.

Lanean ari ez den jende arrunta harritzen da Maiatzaren Lehena besta edo jai delako. Ez du konprenitzen ere zergatik.