argia.eus
INPRIMATU
Enpatia ardatz
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2024ko maiatzaren 15

“Gero eta aldeko gehiago”. Euskaltzaleen Topaguneak halako izenburua duen dokumentua aurkeztu zuen lehengo apirilean Iruñean.

Nafarroan euskararen inguruan ari den jende aunitzen artean aspaldi handitik dabil kezka herrialdeko gizartearen zati handi bat euskararen inguruko jarrera positiboetatik zein urrun dabilen ikusita, eta horrek euskararen biziraupena eta biziberritzea nola trabatzen duen ohartuta. Hartara, euskaltzaleek egoera horri buelta emateko zeregina badutela usterik abiatu zen, duela hiru urte, lehengo hilabetean plazaratutako agirian gorpuztu den ekimena.

Funtsean, “gaur egun euskararekiko atxikimendua sentitzen ez duen jende multzoari euskararen aldeko pertzepzioak eta posizioak aldatzeko heldulekuak” eskaintzea da dokumentuaren mamia. Estatu proiektu ezberdinen arteko talkek edota alderdien interesek afera honetan duen eragina ez dute saihestu haren egileek. Aldiz, komenigarria irizten diote “euskara biziberritzeari loturikoak zurrunbilo horretatik at” kokatzeari, eta “nazio identitateen arteko talkatik ere, ohiko begirada dikotomikotik haratago begiratzea” proposatzen. Izan ere, garrantzitsutzat jotzen dute “nafar gizarteari helaraztea euskararen aldeko jarrera izatea, abertzaleen gauza bat izatetik haratago, posizio politiko bat dela: aniztasunaren aldekoa, berdintasunaren aldekoa, bizikidetzaren aldekoa, uniformizazio eta autoritarismoaren kontrakoa”. Horrek, haien aburuz, “lagundu behar luke aliantza eta konplizitate berriak eraikitzen”.

Ez axola diren edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzeko langintzan, ez da beti erraza zer egin behar den asmatzea

“Aliatuak bilatzea eta zaintzea” helburu, beraz, haiekiko “enpatia” praktikatzea “ardatza” dela nabarmentzen da. Horretarako, kasu bakoitzean, “lehentasunak ongi markatzea eta planteatzen den ekimenaren eragina neurtzea” zein onuragarria den oroitarazten zaigu dokumentuan, alegia, “ekimenak eraginen duen talka sozialaren eta ekarriko duen etekinaren arteko balantza ongi neurtzea komeni” dela.

Hori guztia gero praktikara eramatean etortzen dira, noski, kontuak. Ez axola diren edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzeko langintzan, ez da beti erraza zer egin behar den asmatzea. Aiseago, berriz, zer egin behar ez den, hain izaten baita begi bistakoa. Konparaziorako, ekitaldiz ekitaldi Korrikan presoen argazkien tradizioari eusten dioten horiei norbaitek –lagunen batek, maite dituenen batek– esplikatu behar lieke, zorioneko karteltxo horien inguruan aldi bakoitzean sorrarazten duten zaratak zer guti laguntzen dien lasterketaren helburuei eta zer bidelagun guti, zer aliatu guti, ekartzen dion euskarari. Oraindik ez dut itxaropena galdu.