argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Norbera izatea ahaztu
Diana Franco Eguren 2024ko maiatzaren 08a

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean, idazteko trebezia izateko idazketa lantegiak hartzea oso ongi etorri zitzaiola esan zuen. Nire herrian holako lantegi bat suertatu denez, izena eman dut. Bertako irakasle Miren Amurizak gomendio bat partekatu du: idaztea entzutea dela, eta horretan nabil, dena ondo entzuten, nire barruko mundutik apur bat irteten. Entzute horretan, Spidermanen pelikuletako bat ikusten nengoela, Octopusi honakoa entzun nion esaten bere burmuinean txertatuak zituen tentakulu bionikoak deskonektatu zizkiotenean: “Ahaztua nuen ni izatea zer zen”. Askotan izan dut sentimendu hori, nire bizitzaren kontrola galtzearen sentsazioa, batez ere denbora faltari oso lotuta. Denborarik gabe, automata baten gisan ibili izan naiz bizitzako zenbait alditan.

Baina Octopusen esaldi horrek oraingoan beste leku batera eraman ninduen, gaur egun adimen artifiziala erabiltzen dugun moduetara, esperientziatik aldentzen gaituena. Ez dut argi erosotasunagatik, dibertsioagatik, segurtasun ezagatik edo aldagai horien guztien nahasketagatik ematen den dinamika hau, baina zenbait pertsonek adimen artifizialari dena galdetzeko joera dutela hauteman dut: zein arropa jartzea gomendatzen didazu gaur? Zein bazkari egin dezaket ditudan elikagai hauekin? Zer nolako plana da aproposa eguraldi honekin? Zein da entzun behar dudan musika? Zein da komeni zaidan komuneko papera?

Dinamika honek adimen artifizialaren esperientzian oinarritutako bideak esploratzeko aukerak zabaltzen dituen bitartean, bizitzarako garrantzitsuak diren zenbait esperientziatik aldentzen gaituztela uste dut, hala nola erabakiak hartzetik datozen porrotak, arrakastak eta ikasketak.