argia.eus
INPRIMATU
Protesta
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2024ko maiatzaren 08a

Aste nekagarri bateko igandea da. Gauza gutxi egiteko, nahiz eta beti egon zeregina etxean, urgentziazkorik ez oraingoan. Dolce far niente-rako aproposa, eguraldia ere dudakoa delako. Etxean geratzeko egun egokia. Herrian, baina, eguerdirako manifestaziora deituta dago Gazaren alde eta genozidioaren kontra.

Buruaren barruan eztabaida: etxean gelditu ala manifestaziora joan? Galbanak eta nekeak ideia bitxiak sortzen dituzte: joan ezik, igarriko ote da pertsona bat gutxiago? Manifa egiteak ezertan eragingo ote du Gazan?

Itaunek hor segitzen dute. Europako herri txiki-ertain baten egindako protestak balio du ezertarako? Inork entzuten ditu halakoak? Entzun arren, jaramonik egiten diete boteretsuek?

Protesta horien eraginkortasuna txikia izaten da. Zer gelditzen zaigu, ordea, herritar xumeoi gure ezinegona eta haserrea adierazteko? Beste zer egin genezake? Zelan borrokatu injustiziak? Erreminta gutxi dauzkagu, eta ez oso efikazak. Arrangura plazaratzeko eta arazoak konpontzeko bide berriak behar ditugu. Halere, azkenean, hausnarketak baztertu, eta elkarretaratzeak lagun bat gehiago izan du.