argia.eus
INPRIMATU
Pertson(alismo)en politika
Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko maiatzaren 02a
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko moduez.

PSOEko eta gobernuko hurbilenekoak ere “shockean” utzi zituen Sánchezek, bere sare sozial pertsonalean zabaldu zuen gutuna irakurtzean jakin baitzuten bost egun hartzen zituela “merezi duen edo ez” erabakitzeko. Hausnarketarako bost egun hartzen badituzu, diot nik, hartu ditzakezu aurretik behintzat ordu batzuk, hain erabaki erabakigarria izerdikide dituzunekin partekatzeko. PSOE eta gobernua bera, proiektu kolektiboak baitira, ala?

Egiteko modu horiek ez dira salbuespen, ordea. Aspaldikoa da proiektu politiko kolektiboak pertsona bakar batean irudikatzeko edo, are, uzteko joera. Mende hasieran, PPk ez zuen ezkutatu José María Aznarrek berak erabakiko zuela zein izango zen bere ordezkoa alderdiaren buruzagitzan. Ordutik, joera hori indartu eta tradizio politiko guztietara zabaldu da. Hasi berri diren Kataluniako hauteskundeetarako, Junts per Catalunya alderdiak izena aldatu du, Junts + Puigdemont per Catalunya hobetsiz.

Eskuinak egitea, tira, baina kolektiboaren indarra, herritarren eta militanteen parte-hartzea edo komunitarismoa aldarrikatzen dituzten ezkerrek logika berean doazen jokabideak izatea... Podemos Pablo Iglesiasen lidergoaren inguruan eraiki zen, eta kargua uztea erabaki zuenean, ordezkatuko zuena Yolanda Díaz izango zela ere utzi zuen erabakita. Iragan hilabeteetan zenbait aldiz adierazi zuen Arnaldo Otegik "eskubidea irabazia" zuela erabakitzeko EAEko lehendakarigai izango zen edo ez.

Azken urteotako aldaera berri bat alderdien hautagai "independenteak" dira: Manuela Carmena edo Yolanda Díaz Espainian, Miren Larrion Euskal Herrian, esaterako. Ezberdintasunak handiak izanagatik, bada hari komun bat. “Pertsonen politika” (pluralean) aldarrikatu dute "alderdien politikaren" aurrean, baina alderdiek baino politika are pertsonalistagoa (singularrean) egin dute gerora.

Fokua, dena den, jarrera eta modu horiek bultzatzen dituzten logiketan jarri behar da pertsona zehatzengan baino gehiago, eta hor erantzukizunak kolektiboak dira. 1979ko hauteskundeetako Alkaterik onena... Herria! kanpainak aurpegirik gabeko kartela zuen euskarri nagusi; azken urteetan, hautagaien lehen plano erraldoiak dira ardatza nonahi. Harrigarriena ez dira aldaketa horiek guztiak, harrigarriena da arretarik ere ez deitzea, eztabaidarik ez piztea, ez baita auzi estetikoa, baizik eta sakonki politikoa.