Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi duenarentzat hitzak, den-dena ulertu eta arakatu gabe ekiteko gai denarentzat (batzuetan nahikoa da den-dena baino lehen) keinuak, irudiak.
Estatu Batuetako zapaldua izateak beste edonongoa izateak baino foku gehiago ditu, eta horregatik iritsi zaizkigu hango keinu gehiago, autobusean non eseri zen, ukabila zein podiumetan altxatu zuen, nori esan zion joan zuek Vietnamera.
Gurean ere baditugu gogoangarriak, Sevillatik agurtu gintuzten Giraldillak, kasu. Eta Gran Hermanora sartu zirenekoa. Orduan, ordea, efektu handiagoa izan zuen lehiakide batek emandako erantzunak: “horrelak ez mutiko, horrelak ez”.
Gertuago, denboran, Jagoba Arrasate galdera gaztelaniaz entzun bitartean haserrea ur tragoka isilduz, “euskaraz erantzungo dizut” esan aurretik. Aissa Intxausti, (Sarasua), beti kantzelatuta dauden gure atalak gure eta libre aldarrikatzen.
Eta, azkena, Nico Williams, eraso arrazistak bakarka jasanez, partiduak aurrera zerraienez Frente Atléticoko faxistak beren eserlekuetan, melanina ukabil, azala alderantzikatuta, gola ospatzeko belztasunari zaplaztekoka, Aitor Zabaleta hil zutenen masailetan. Hitzak, bakoitzaren kontu.