argia.eus
INPRIMATU
Hitzen piroteknia
Koldo Aldalur Hirigoien 2024ko apirilaren 24a
DOM CAMPISTRON

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz betetako horrelakoak.

Dena den, horien artean bada bat oso gustuko dudana: “Gauza txikiei garrantzia ematea da zoriontsu bizitzeko sekretua”.

Bada urte erdia lana utzi nuela. Azken urteetan zientoka bat elkarrizketa eta tertulia entzun behar izan ditut. Seko aspertzeraino.

Sasi-listoz inguratuta eman ditut laneko arratsalde asko, eta nire lagun on baten esaldia burura etorri ohi zait garai horietaz akordatzean: “Lelo xamarra izateko ez dago unibertsitatera joan beharrik”.

Sasi-listoa genero saiatua da. Berdin zaio Ukrainaz edo Palestinaz galdetzen badiozu, tomatea noiz landatu behar den edo Kubo jokalaria egokiagoa den ezkerretik edo eskuinetik jokatzeko, tindatzeak kalte handia egiten dion ileari edo Txina eta Taiwanen arteko liskarrak Munduko Hirugarren Gerrara garamatzan. Eltze guztietarako tapa prest du. Galde iezaiozue, esate baterako, egoera politikoari buruz, eta ordu batzuk lehenago beste komunikabide batean entzundakoak dotore botako dizkizue bere baratzean udaberrian landutako ideia distiratsuak balira bezala ahotan darabiltzanak.

Sasi-listoa genero saiatua da. Berdin zaio Ukrainaz edo Palestinaz galdetzen badiozu, edo tomatea noiz landatu behar den. Eltze guztietarako tapa prest du

Hitzen prostituzioa eta onanismo intelektuala, seguruenik. Nonbaiten entzundako hiru hitz ajaturi hautsak kendu, suhartasun dosia gehitu eta ideiak egiazkoak bihurtzen dira engainatua izan nahi duena asetzeko.

Duintasunaren galbahea pasatuko ez luketen hitzak, hutsak, ezkutukoak. Hitzen piroteknia: segundo gutxitan kolore eta zarata handia egiten dutenak. Eta gero, bolbora usaina besterik ez.

Baina oraingo egoera honek badu bere alde ona. Dena ezin ba beltza izan! Bere garaian, lanean, ustez, inongo garrantzirik ez zeukaten berriketaldi txiki haiek –mikro-erlazioak, alegia– nire barrua asetzen zutela ere ohartu naiz. Hortik gauza txikien garrantziarena.

Enpatia lantzeko harremanik egokienak dira txiki horiek. Jakin arren aurrean duzunak dioenak ez duela mundua aldatuko, bere mundua antolatzeko beharrezkoak dituela ohartzen zarenean, bere eta zure egoeraz jabetzen saiatzen ari zara. Eta, horrela, enpatiaren goxotasunak hartzen zaitu, eta, ondorioz, zu zeu izaten ere laguntzen dizu. Elkarrekin harreman etengabean moldatzeko sortuak gara.

Arazoa da aurrean dugunak esan nahi digunari belarria jartzea ez dela hain erraza. Horregatik, dentistek egiten digutena egiten dugu geuk ere sarri. Bakarrizketa amaigabean jarraitu, pentsatuz aurrekoa menpean dugula ezin digulako erantzunik eman. Egiari zor, ahoa tuboz josita izanda, ez da erraza. Beraz, guk beti arrazoi.