Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

  • Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi gaituen mundua eta geopolitika ulertzeko. Gerra Hotzak bonba atomikoa izan zuen fetitxe eta mehatxu. Bada, XXI. mendea dronearena da. Azter ditzagun zigorrik gabeko hilketetan txapeldun diren hegazkin erdi-autonomo hauen sorrera, erabilera eta etorkizuna.

Argazkia: Reuters

Zemari Ahmadik kooperante gisa egiten zuen lan Kabulen AEBetako Kaliforniako Nutrition and Education International GKEan. 2021eko abuztuaren 29an, autoa ur-bidoiekin kargatu zuen aireportura eramateko. Drone bat bere gainean zuen zelatan. 16:50ean, Ahmadi bere etxean gelditu zen. Handik milaka kilometrora, AEBetan, dronearen irudiak aztertzeaz eta horren arabera jarduteaz arduratzen zen soldaduak ur-bidoiak lehergailuekin eta Ahmadi Estatu Islamikoko kide batekin “nahastu” zituen. Segundo batzuk geroago, Reaper MQ-9 droneak Hellfire misil bat jaurti zuen. Txatarra eta hondakin artean geratu ziren kooperantearen eta haren familiako bederatzi kideren gorpuzkiak, tartean zazpi haur. Afganistanen jaurtitako azken misila izan zen, armada okupatzailea herrialdetik (fisikoki) erretiratzen amaitu baino lehen, hurrengo egunean burutu zena hain zuzen ere.

Kasu ezagun hori inteligentzia militarraren ezgauzaren adibidea da, baina are esanguratsuagoa da hilketaren ondoren gertatu zena. Hurrengo hilean, irailean, AEBetako Armadako Komando Zentraleko buruak, Kenneth McKenzie jeneralak, hilketen erantzukizuna bere egin zuen. Urrian, zehaztu gabeko konpentsazio ekonomikoa eskaini zien Pentagonoak biktimen familiei. Eta abenduan, McKenzieren gomendioari jarraiki, AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek iragarri zuen ez zutela hartuko inolako diziplinazko neurririk inoren aurka, drone eraso hori zela eta.

Hau da, "Lehen Mundutik" agindutako "Hirugarren Munduko" pertsonen hilketa indiskriminatua izan zen. Ez da salbuespena, antzeko milaka kasuetako bat besterik ez da, eta, ondo dokumentatuta eta bideoan grabatuta egon arren, egileak ez dira pasa ere egin epailearen aurretik. XXI. mendeko gerra- eta geopolitika-ordena ulertzeko ispilu ona da. Mundu-ordena horretan edozein pertsona nahieran akaba daiteke, "terrorismoaren aurkako gerraren" izenean “prebentzio-ekintza” gisa. Metadatuetan, algoritmoetan, seinaleen analisian eta nahieran diseinatutako delitu-patroietan oinarritutako hilketen aroa da, dronea ikur hartuta.

MQ-9 Reaper drone baten mantenimendua, AEBetako Creech base militarrean. Argazkia: AEBetako aireko armada

Droneentzat ez dago mugarik, ez fisikorik, ez moralik, ez justiziazkorik. Legearen gainetik dagoen estrategia militar hori gerra konbentzionalen amaieratzat aurkeztu zuen haren babesle nagusiak, AEBetako Gobernuak. Zibilen bajak minimizatuko zituen, "zehaztasun handiko" tresna zelakoan, eta hala gerra "etikoago" bihurtuko zuen. Bi hamarkadaren ostean, ehiza-arma bihurtu dute dronea. Gatazka amaigabeak, segurtasun eza etengabea eta errugabeen odola munduan zehar barreiatzea da bere lorpen nagusia.

Munduko erdigune inperialistaren administrazio guztiek (Bush, Obama, Trump eta Biden) baliatu, bultzatu eta esportatu dute "droneen gerra". Operazio gehienak nazioarteko legetik eta gerraren oinarrizko arauetatik at egin dituzte, zigorrik gabe geratu dira, eta biktimen artean suntsipena, frustrazioa eta mendeku gogo bizia eragin dituzte, hainbat hamarkadatan ezabatzen zailak izango direnak. "Terrorismoaren aurkako gerrak" herritarrak bonbardatzen ditu baja masiboak eragiteko eta "etsaia" desmoralizatzeko, baina haren zeregin nagusia da “lehen” eta “hirugarren” munduen arteko arrakala finkatzea, agintzen dutenen eta hiltzen direnen arteko muga supremazista betikotzea.

Droneak lilura eta izua eragiten ditu neurri berean, bere hiltzeko ahalmena eskuratu dezaketenei ematen dien abantaila ukaezinagatik. Historiako aurrerapen teknologiko militar guztietan gertatu bezala –bonba atomikoa daukaten eta ez daukatenen arteko bereizketa zaharrak oso indarrean dirau–, teknologia hori erabiltzeko aukerarik ez duen populazioak, gehiengoak, are mehatxu handiagoa du buru gainean.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko zientzia politikoetako irakasle eta politologo Enric Lujanek Drones, sombras de la guerra contra el terror (Droneak, terrorearen aurkako gerraren itzalak, Virus argitaletxea, 2015) liburuan dioen bezala, dronea ulertu behar da gizarte-harreman multzo gisa, indarkeria sistematikoaren eta Hirugarren Munduan zabaldutako ezkutuko gerraren barnean bideratutakoa. Droneen ia mende laurden bateko erabilera, kontraesan eta ondorio esanguratsuenak aletzen saiatuko gara orriotan.

Droneak Txinan, fumigazio lanetarako koordinatuta. Argazkia: Getty Images

Robot hegadun hutsak?
Dronea urrunetik kontrolatutako ibilgailua da, lurrekoa, uretakoa ala hegalaria. Bertsiorik ezagunena tripulaziorik gabeko hegazkina da.  Askotarikoak daude, batzuk zentimetro batzuetakoak dira eta beste batzuek hogei metro baino gehiagoko hegal-hedadura har dezakete. Drone hitzak “erlemando” esan nahi du ingelesez, eta intsektuaren burrunbari egiten dio erreferentzia, dronea hegan denean, motorrak sortzen duen antzeko zarata baxu, monotono etengabearekin alderatuta. Munduko hainbat txokotan izuaren sinonimo bilakatu den soinua.

Aireko dronea, lehen begiratuan, goi-teknologiako metalezko aparatua da, zeruak tripulaziorik gabe zeharkatzeko sortua. Gailu hauek telegidatutako hegazkin zaharren bertsio hobetuak besterik ez dira. Hainbat teknologia berri uztartzeak egiten ditu berezi, hala nola geolokalizazioa eta aldi bereko datu-transmisioak.

“Terrorismoaren aurkako gerra” globalak arau bihurtu du salbuespenezkotzat jo daitekeena: kontrol judizialik gabeko hilketa selektiboak

Gure egunerokotasunean zein bizitza publikotik oso urrun dauden eremuetan azkar integratu dira, eskaintzen dituzten aukera ugarien ondorioz. Droneak zineman gozatzen ditugun plano ikusgarri askoren atzean daude, zooko animalien zaintzaileak dira, eraikin enblematikoak grafitigileen sinadurez “babesten” dituzte, mendiak eta basoak monitorizatzen dituzte suteak prebenitzeko eta itzaltzeko, obra garrantzitsuak gainbegiratzen dituzte, labore-zikloak hobetzen laguntzeko, izurriteak prebenitzeko eta etorkizuneko ereiteak planifikatzeko erabiltzen dira, Instagramerako selfieak egiten dizkigute, eta... jarraipen polizialak ere egiten dituzte, BBK Live eta BECeko konbentzioen gainetik egiten dute hegan adimen artifizialarekin eta aurpegi-ezagutzarako teknologiekin hornituta, matrikulak arakatzen dituzte, migratzailearen “ehizarako” mugak patruilatzen dituzte, espiatzen dute –paparazzi droneak ere badaude– eta, jakina, "selektiboki" hiltzen dute. Laster pizza etxera ekarriko digun tresna hori bera –Amazonek iragarri du drone bidezko banaketa 2024aren amaieran iritsiko dela Europara–, robot hegaldun hutsa baino askoz gehiago da.

Biztanleria zibilak oso mugatua du droneen erabilera, jenderik gabeko eremuetara mugatzen da, edo bestela agintaritzaren aldez aurreko baimen berezia lortu behar da. Bere erabilera militarrak ordea ez du mugarik ezagutzen. Gaur egun, dronea da planeta osoan araketa, zelata eta suntsipen tresna nagusietakoa, baina, batez ere, droneak goitik behera aldatu ditu egun bizi ditugun kontrol- eta menderatze-moduak.

Ez dira gutxi "gaitz txikitzat" jotzen dutenak. Alegia, tresna eraginkorra dela diote  "gizatasunez" –helburu militarra eta albo-kalteak bereizita– erabiliz gero. Baina Sonia Arribas gizarte-zientzietako doktoreak dioenez, dronea, batez ere, gerra inperialistako piezarik txikiena da, eta bere osotasunean egin behar zaio kritika.

Sorburua: dena da terrorismoa
2009 eta 2011 artean AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko (CIA) zuzendari izandako Leon Panettak adierazi zuen "matxinoen aurkako kanpainak” –drone bidezko hilketa selektiboak– the only game in town (“aukera bakarra”) zirela, AEBen segurtasuna bermatzeko. Armamentu mota bakoitzak gerra kontzeptu jakin bat elikatzen duela berresten dute bere hitzek. Kasu honetan, Panettak "terrorearen aurkako gerra global" ezaguna zuen buruan.

"Gerra global" horrek arau bihurtu du garai batean salbuespenezkotzat jo zitekeena: kontrol judizialik gabeko hilketa selektiboak. Munduko lehen drone programa AEBetakoa izan da, eta horrek ezarri du gerora beste herrialde batzuek, Israelek kasu, kopiatu duten bidea. Programa horiek estatuaren ardurapeko hilketak instituzionalizatu dituzte: helburu-zerrendak prestatu, mehatxu-mailaren arabera sailkatu eta, azkenik, legezko burokrazia oso bat eskainita, exekutatu egiten dituzte.

2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren, George Bush presidenteak adierazi zuen gerra modu berriak "nazioarteko gizaki-ehiza" eskatzen zuela. Inperialismoaren forma berri horrek subjektu mugagabe eta moldagarri bat sortzea beharrezkoa zuen bere burua justifikatzeko: terrorista. Ehiztari mentalitatea eta gizatasunik gabeko terroristaren eskutik abiatu zuten “terrorismoaren aurkako gerra” delakoa.

Gerra konbentzionaletik droneen gerrarako trantsizio hori are gehiago bizkortu zen Afganistan eta Irakeko inbasioek porrot egin ondoren. Aldaketa hori "gizatiarrago" izango zela aurkeztu zuten: ohiko gerraren aldean eragiten dituen baja-kopuru "txikiagatik". Egin kontu, estatistika apalenek diote 650.000 irakiar hil zituztela AEBek Irakeko Gerran. CIAko zuzendari ohi eta Irakeko Gerrako jeneral David Petraeusen kolaboratzaile David Kilcullen aditu “kontraterroristak” AEBetako Kongresuan adierazi zuen Irakeko Gerran biktimen proportzioa zela 50 zibil borrokalari bakoitzeko. Eta gaineratu zuen proportzio hori ez zela prozesu jasangarria, are indarkeria handiagoa eragiten zuelako.AEBetako aurrekontu militarra –defentsa gastu handienen zerrendan bere atzetik zeuden dozena nazioen aurrekontuak batuta baino handiagoa zena– bikoiztu egin zen XX. mendeko lehen hamarkadan. Eta horrekin batera, garai batean estatuaren bidegabekerien aurrean pertsonaren bermea zen errugabetasun-presuntzioaren osteko aroari hasiera ematen zioten drone militarrek. Mundu mailako eragina izan duen prozesu horretan, pertsona baten ardura gailendu da: Barack Obama Bakearen Nobel sariduna.

Yes, we drone
Afganistan eta Irakeko esperientziekin, Alderdi Demokratak ulertu zuen gatazka berriak beste era batera planteatu behar zituela, gerraren aurka mobilizatutako gizartea anestesiatu nahi bazuen behintzat. Inperialismo globalaren zigiluarekin markatutako gerrek, areago suntsipen masiborako armak edukitzea gisako argudio ahulekin justifikatutakoek, gizartearen zati handi batean aurkakotasuna ekarri zuten. Beraz, nola murgildu gatazka berrietan, lasterketa militarista eta munduko hegemoniaren borroka alde batera utzi gabe? Erantzuna arma batek eman zuen, indarkeriaren errealitatea botere-guneetan ez hautematea ahalbidetzen duena: dronea.

Droneen gerran herrialde inperialistetako biztanleriaren zati txiki batek baino ez du parte hartzen: pilotuak. Horrek zaildu egiten du gerra horren aurkako benetako oposizio politikoa eratzea. Horregatik, AEBetako drone programa munduko sekretuenetakoa da, eta, gainera, CIAk zuzentzen du, eta ez armadak, edozein motatako tutoretza judiziala are gehiago zailtzeko. Ikuspegi aldaketa horretara Obamaren "Yes, we can" ezin hobeto egokitu zen.

Obama Bakearen Nobel Saria eman zioten 2009an, epai-mahaiak ondoko hau argudiatuta, besteak beste: "Elkarrizketa eta negoziazioa hobesteagatik nazioarteko gatazka zailenak ere konpontzeko tresna gisa". Argazkia: Reuters

Obamak bere burua aurkeztu zuen Guantanamoko base militarra itxiko zuen hautagai gisa. Eta hitza ez betetzeaz gain, Guantanamoren "salbuespen politikoa" areago zabaldu zuen. Bere aurrekoak, George Bushek, mila "terrorista susmagarri" inguru atxilotu zituen mundu osoan barrena, Kubara eraman zituen, torturatu egin zituen, eta epaiketa amaigabeak egin zizkien. Hori prozesu zikin xamarra da eta, batez ere, oso prentsa txarra du. Obama azkarragoa izan zen eta Bushen politika findu zuen. Errazagoa eta politikoki salgarriagoa zen "susmagarriak" drone baten bidez exekutatzea. Oso sinple gainera, haien izenak Terror Tuesdays ospetsuetan osatutako zerrendetan idazte hutsarekin. Asteartero, segurtasun nazionaleko aparatuetako dozenaka kide biltzen ziren bideokonferentzia bidez, Obama buru zutela. Kill List-a osatzen zuten, exekutatu behar zutenen zerrenda. Genozida onenen antzera, asteartero-asteartero Barack Obamak pertsonak hiltzeko aginduak sinatzen zituen, nor ziren ere ez zekizkienak. Horrela bakarrik ulertzen da terrorismoagatik ia inor ez zutela atxilotu bere gobernuak iraun zuen urteetan. Adibide gisa, 2011ko lehen sei hilabeteetan 145 drone eraso egin zituzten Muammar al Kadafiren erregimenaren aurka, eta garai hartan Obamaren administrazioak publikoki behin eta berriz ukatu zuen Libiaren aurkako gerrarik zegoenik. Hilketak bai, gerra ez.

AEBetako lehen presidente beltzak honako termino hau ere egin zuen ospetsu: Signature strikes. Hau da, pertsonak exekutatzeko agintzea, haien portaera “terroristen jokabidearen” nahikoa antzekotzat jotzen delako. Beste era batez esanda, jendea hiltzea hainbat datu eta patroiren arabera: jokabidea, jatorria, familia eta lagunak eta abar. Horren ondorioz, Obamak terroristatzat, eta, beraz, exekutagarritzat jo zuen 16 urtetik gorako ia gizon oro Afganistan eta Pakistaneko zenbait eskualdetan. 2015ean, The Intercept aldizkariak, The Drone Papers ikerketaren bidez, AEBetako armadak Afganistanen 2012ko urtarriletik 2013ko otsailera bitartean egindako ekintzak deskribatzen dituzten dokumentu sailkatuak eskuratu zituen. Datu horien arabera, 200 pertsona hil zituzten droneen bidez, eta horietatik 35 baino ez ziren helburu militarrak. Hau da, %82,5 "bilatu gabeko" biktimak izan ziren, baina ofizialki eraso horietan hildako guztiak "borrokan hildako etsai" gisa aurkeztu zituen AEBetako Gobernuak.

Lehen CIAko edo Mossadeko agente sekretuek munduan barrena egiten zuten “lan” bera da, baina droneei esker, gaitasun hiltzaile hori sinplifikatu eta naturalizatu egin da era esponentzialean. XXI. mendearen hasieran dronearen mehatxu ikusezina arma nagusi bihurtu zen, AEBetako munduko nagusitasun zuriaren fantasia zaharrak inposatzen segitzeko, eta “bakearen alde” gerra egiten jarraitzeko.

Obamak terroristatzat, eta, beraz, exekutagarritzat jo zuen 16 urtetik gorako ia gizon oro Afganistan eta Pakistaneko zenbait eskualdetan

Hilketa selektiboen programarekin Guantanamo noranahi eraman zuten, eta errugabetasun-presuntziorako eskubidea gero eta leku gehiagotan murriztu. Joera hori are gehiago hedatu da azken urteotan telekomunikazioen eta pribatutasunaren esparruan. Espioitza masiborako programek munduko populazio osoaren datu pertsonalen kopuru itzelak osten dituzte egunero. “Matxinoen aurkako” estrategia beraren parte dira, arbitrarioki akusatua edo zelatatua ez izateko eskubidea ezabatzen duena.

"Benetan ona naiz hiltzen, ez nekien nire indarguneetako bat izango zenik", esan zuen Bakearen Nobel saridunak Osama Bin Laden Pakistanen exekutatu ondoren.

Katea ez da eten
2017an Donald Trump boterera iritsi zenean, ez zen aldaketa handirik izan. Trumpek eutsi zion Obamarengandik jasotako drone-programaren ildoari. CIAri ahalmen handiagoa eman zion droneen bidezko erasoak nazio gehiagotara hedatzeko, Libia, Somalia eta Yemen kasu. Trumpek kargua hartu eta hurrengo hilabeteetan, AEBetako drone erasoen maiztasuna %432 igo zen, 1,25 egunean behin eraso bat, Obamarekin batezbeste 5,4koa izan zen. Hala ere, kontaketa globalean, eraso gutxiago izan ziren Trumpen agintaldian Obamarekin baino. Brown Unibertsitateko Nazioarteko Gaietarako Watson Institutuaren arabera, 2018 eta 2021 artean, drone yankiek 85 herrialdetan egin zituzten "kontraterrorismo operazioak".

Institutu bereko The Costs of War 2023ko maiatzeko txostenaren arabera, 2001eko I-11tik aurrera piztutako gerra-eremuetan, Afganistan, Pakistan, Irak, Siria eta Yemen barne, hildakoen kopurua gutxienez lau milioi eta erdi pertsonatik gorakoa izan daiteke, baina heriotza-kopuru zehatza oraindik ez da ezagutzen. Txostenean azpimarratu dutenez, pertsona asko hil dituzte bonbardaketetan, baina beste asko, batez ere haurrak, gerraren osteko ondorioengatik hil dira, hala nola gaixotasunak hedatzeagatik.

PakistaneN 2014an, nazioarteko artista talde batek instalazio erraldoi bat egin zuen, AEBetako drone baten kamerak hor enfokatzen zuenean, gidariari "ulertarazteko"
ez zela intsektuak hiltzen ari, gizakiak baizik. Droneen eraso batean gurasoak eta bi anaia galdu zituen neskato baten argazkia da.

Trumpen ostean, Joe Biden iritsi zen agintera. Hilketa selektibo masiboz jositako zortzi urteko agintaldian Obamaren bigarrena izan zena, bere presidenteordea. Biden izan zen erreportaje honen hasieran azaldu dugun Kabuleko erasoa baimendu zuena. Tropak Afganistandik erretiratu ondoren egindako hitzartze publikoan, Bidenek agindu zuen terroristak "ehizatuko" zituela urrutiko drone- eta misil-erasoekin. Hala ere, Bidenekin ez da drone gerrarik izan, "noizbehinkako eraso" batzuk baizik. Egoera geopolitikoa aldatu egin da, eta AEBetako jokamoldea ere bai. Txinaren eta bere aliatuen aurkako ageriko agresibitateaz gain, Bidenen agintaldiaren ezaugarri nagusiak dira zenbait gerra eta genozidiotan duen erantzukizuna eta parte-hartze zuzena, Ukraina eta Palestina buru. Droneak ere funtsezko pieza izaten ari diren bi sarraski, hain zuzen.

Bush, Obama, Trump eta Bidenen gobernuen "lorpena" ez da soilik izan euren ahalmen hiltzailea munduko edozein bazterretara zabaltzea. Haiek zabaldutako bideari “esker” egun dozenaka herrialdek dauzkate drone armatuak. 2001 eta 2015 artean, AEBek, Israelek eta Erresuma Batuak bakarrik burutu zituzten drone erasoak. 2014ko udatik 2019ko uda bitarte, nazioarteko koalizioaren 14.570 drone eraso izan ziren Iraken, eta 19.785 Sirian. Estimazioen arabera, 13.000 zibil hil zituzten, horietatik 2.300 haurrak ziren.

Egun, berrogei bat naziok dauzkate drone armatuak edo haiek lortzeko prozesuan murgilduta daude. Zerrenda azkar ari da handitzen. Klub horretara batu den azkenetariko bat Espainiako Erresuma izan da. 2015eko azaroan, Mariano Rajoyren Ministro Kontseiluak onartu zuen lau Reaper MQ-9 drone eta urrutiko kontrolerako bi estazio mugikor erostea. Baina kritikak arintzeko esan zuten ez zirela inoiz armatuko. Pedro Sanchezen koalizio gobernuak ez du konplexurik izan, eta 2023ko hasieran argi berdea eman zuen drone horiei armak gehitzeko.

Kontuan hartu behar da Mendebaldeko droneek bonbardatu dituztenen erreakzio armatua. Berbarako, Iranek droneak eskala masiboan ekoizten ditu. Horietako batzuek 1.500 km baino gehiago hegan egiteko gaitasuna dute, eta, ustez, 10 eta 100 metro arteko perimetroan jotzen asmatzen dute.Matxino talde armatu askok ere droneak erabiltzen ditu. Denetarik daude, batzuk sofistikatuagoak dira, hala nola Shahed irandarrak. Apirilaren 13an, Israelen menpeko lurraldearen aurka Iranek inoiz egin duen lehen erasoan 300 bat misil eta drone jaurti zituen, eta tartean ziren Shahed-136 modelokoak. Yemengo huthiek ere horiek erabiltzen dituzte Israelerako bidean dauden itsasontzien aurka. Beste batzuek "etxeko" droneak dituzte, adibidez, erresistentzia armatu palestinarrak urriaren 7an erabili zituenak. Erasoa abiatu zen drone txiki batzuek indargabetu zituztenean Gazako harresiaren defentsak eta zaintza-postuak. Defentsa sionistak "itsutu" ondoren, harresia eraitsi eta militante armatuak Gaza inguruko zenbait Kibbutzetan sartu ahal izan ziren, ehunka israeldar hil edo bahitzeko.

Droneen lehen gerra
Gaur egun ohiko zaigu drone bidezko eraso eta hilketei buruzko berriak irakurtzea. Bi hamarkada baino gehiagoren ondoren, droneen erabilera hedatu eta naturalizatu egin da, eta, bide horretan, Ukrainako gerrak beste mugarri bat ezarri du: gatazkan dauden bi aldeek droneak hain modu masibo eta estrategikoan erabiltzen dituzten lehen aldia da. Hasiera-hasieratik, gainera. Ukrainako inbasioaren lehen egunetan, Kieverako bidean abiatu ziren Errusiako tankeen ilara handiei droneen bidez erantzun zieten nagusiki Ukrainako indarrek. Indar errusiarren aitzinatzea moteltzea lortu zuten.

Goi-teknologiako drone amerikar ezagunak, hala nola 20 eta 30 milioi dolar arteko kostua duten Predator, Reaper edo Eagle modeloak, ez daude Ukrainan. Tripulaziorik gabeko beste hegazkin handiak, Turkiako Bayraktar TB2 edo Errusiako Orion kasu, paper garrantzitsua betetzen ari dira gerran, baina diferentzia benetan ezarri dutenak dira drone komertzialak, gudu frontean nonahi daudenak.

Telefono mugikor soil batekin kontrolatu daitezkeen drone txikiak dira. 500 bat eurotik aurrera, bereizmen handiko 4K kamera eta 40 minutuko hegaldi-autonomia dituen aparatua lor daiteke. 250 gramo baino gutxiagoko pisuarekin, 10 kilometroko distantziara transmititzen dute bideoa, eta orduko 60 kilometroko abiadurara iristen dira. Eta horiek modelo sinpleenak baino ez dira. Beren prezio txikiak ia erabili eta botatzeko moduko arma bihurtu ditu, eta gerraren hasieratik haien erabilera hazi besterik ez da egin.

Hondartzan selfie bat ateratzeko sortutako tresna hori ezinbesteko bihurtu da etsaiak kontrolatutako eremuari buruzko informazioa lortzeko. Errekonozimendurako erabiltzen da gehien, txikiak, mugikortasun handikoak eta, batez ere, isilak baitira. Oso informazio erabilgarria bidaltzeko gai dira, hala nola helburu militar baten kokapen zehatza, ondoren artilleriak eraso egin dezan. Modelo batzuek kamera termikoak ere badituzte.

Gerrarako moldatutako drone komertzial bat.

Marka ugari dago, baina azken hamarkadan DJI multinazional txinatarra da merkatu hori gehien garatu duena. Enpresa horientzat erabateko pagotxa ekonomikoa izan da aisialdirako beren droneak gerra-arma bihurtu izana. Salmentak esponentzialki ugaritu dira, nahiz eta marka indarkeriarekin eta hilketarekin lotzea epe luzera kalterako izan daitekeen arren.

Drone horiek GPS batez hornituta daude, eta, beraz, munduko leku jakin batzuetan ezin hegan egiteko programatu daitezke. DJI-k hala agindu zuen Siriako Gerran, eta bere droneei ia Irak eta Siria osoan bazterketa-eremu bat ezarri zien. 2022ko apirilean, DJIk erabaki zuen bere droneak Ukrainan eta Errusian saltzeari uztea, "borrokan inork erabiliko ez dituela bermatzeko", bere gobernuaren “ustezko” jarrera bere eginda: ez lerrokatzea inoren alde. Baina neurri hutsala da, beste herrialde batzuetatik eros baitaitezke eta ondoren Ukrainara edo Errusiara bidali. Arinak eta txikiak direnez, erraz garraiatu daitezke kantitate handiak.

Ukrainak badu abantaila bat. Drone "merkeak" dira, bai, baina gaizki deituriko Lehen Mundukoentzat baino ez. Beraz, drone horiek ugariak dira Mendebaldeko Europan eta AEBetan, gerra honetan Ukrainaren aliatu nagusiak direnak. Eta horrela, Ukrainako armadak droneak jasotzen ditu herrialde horietatik, kanpaina publikoen bidez, herritarrei dirua eskatzen zaie drone merkeak masiboki erosteko eta ondoren gerrara bidaltzeko. Europar Batasuneko edozein herrialdetan erosi, trailerretan Ukrainara bidali, eta han gerrarako egokitzen dituzte. Horretarako, jakina, aldez aurretik prestakuntza behar da. Ukrainan, 2014an Donbassen aurkako gerra hasi zenetik, bereziki lan horretan diharduten taldeak daude. Ezagunena Aerorozvidka da. Nathan Khazin israeldar-ukrainar errabino eta militar ohiak sortutako taldea da, Azov batailoi faxistaren sorreran ere parte hartu zuena.

Drone txikienak ezin dira arma gisa erabili, eta, esan bezala, errekonozimendu-lanetarako erabiltzen dituzte. Kilo erditik gorako modeloak egokitu egiten dituzte lehergai txikiak edo granadak garraiatzeko, tankeen dorretxoetan edo lubakietan leherketak eragiteko. Granada horiek ere "etxean egindakoak" izan daitezke. Pisu txikiagoa izan dezaten, 3D inprimagailuekin inprimatzen dituzte, eta ondoren lehergaia txertatzen diete.

Drone komertzial horiek kamikaze gisa ere erabil daitezke. Horretarako ere badira Boluntario taldeak Ukrainan. Talde batzuek karbono zuntza laserrarekin mozten dute 1,5 kg lehergai jaurtitzeko gai diren drone kamikazeak egiteko. UAV-7 dute izena eta bakoitzak 2.000 dolar inguru balio du, bere kontrol-kontsola barne.

Argazkia: Getty Images

Ejertzitoaren antolaketa bera ere eraldatu egin da. Ukrainako eraso talde bat 12-16 soldaduk osatzen dute, eta gaur egun ia drone operadore kopuru bera doa haiekin. Nahiz eta aireko droneak Ukrainan tripulaziorik gabeko arma ohikoena izan, ukrainarrek itsasontzi kamikazeak ere erabili dituzte Itsaso Beltzean errusiarrei eraso egiteko, Ukrainak ez baitu itsas indar handirik.

Drone txiki hauen iraupena oso txikia da. Zenbait argitalpenen arabera, batezbestekoa da hiru hegaldi. Gerra elektronikoan, kontraneurrien bitimak dira. Dronearen eta pilotuaren arteko komunikazioa eteten dute, eta, beraz, lurrera erorarazten dituzte, aparatua erabilezin utzita. Baina merkeak eta ugariak direnez, haien galera onargarria zaie. Royal United Services Institutuaren segurtasun eta defentsari buruzko think tank-aren txosten baten arabera, Ukrainak 10.000 drone inguru galtzen ditu hilero, gehienak komertzialak edo etxean egindakoak.

Ukrainak drone-industria propioa garatu du, eta droneen munduko ekoizpen-zentro handienetakoa da. Ukrainako Eraldaketa Digitaleko ministrorde Alex Bornyakoven arabera, herrialdean dagoeneko 300 enpresa baino gehiago ari dira lanean, eta 2024an milioi bat drone kamikaze baino gehiago ekoitziko dituzte. Armagintzako enpresen produktuetarako probaleku aparta da Ukraina, eta han dauden atzerriko enpresen kopurua izugarria da.

Etorkizun automata
Estatuaren indarkeriaren dronefikazioa ari gara bizitzen. Mundu militarrak droneei eta robotei buruz duen lilura nabaria da, haien aldizkari nagusiak errepasatu besterik ez dago. Egungo eta etorkizuneko gerrari buruz pentsatzen duten argitalpen guztiek dronea jartzen dute helburu horren erdigunean.

Ate joka dugun etorkizunak dronearen zehaztasunaren hobekuntza ekarriko du baina, batez ere, haren erabateko automatizazioa. Hau da, dronea modu autonomoan lan egiteko gai izango da, inork haren jarduna, erasoak barne, baieztatu ala ezeztatu beharrik gabe. Horrela, algoritmoek erabakiko lukete zer den "mehatxua" edo nor "etsaia", eta, horren ondorioz, tiro egin ala ez. Lo egiten ez duen soldadua deitzen diote, goserik ez duena, muturreko meteorologiari eusten diona... Arma automata mota horiei hainbatetan saiatu izan dira nazioartean debekua ezartzen, baina saiakera guztiak blokeatu dituzte AEBek, Erresuma Batuak, Txinak, Errusiak, Israelek eta Turkiak nagusiki.

Dagoeneko garatu dira modu autonomoan edo erdiautonomoan jarduten duten armak, eta zenbait kasutan baita erabili ere: droneak, itsasontziak, drone-multzoak, itsaspekoak, laser armak... Gazako genozidioan, Israelgo +972 eta Local Call hedabideek argitaratu dutenez, armada sionista adimen artifizialeko programa bat erabiltzen ari da, Lavender izenekoa, bonbardatu beharreko helburuak identifikatzeko. Sistema horrek iradokitzen duen bonbardaketa bakoitzean biktima zibilen “kopuru onargarria” identifikatzen du. 2022an, Israelek arma robotikoak jarri zituen Zisjordaniako Al-Aroubeko errefuxiatuen kanpamentuan. Kameraz inguratutako eta urrutitik kontrolatutako kanoi moduko batzuk ziren, gas negar-eragileak, granada geldiarazleak eta belaki-punta duten balak jaurtitzeko diseinatuak. Eta jakina, misilen aurkako Israelgo sistemarik ezagunenak, eta ziur aski mundukoak, Burdinazko Kupulak, automatikoki jaurtitzen ditu suziriak.

Kalashnikov enpresa-taldeak sortutako Lancet drone errusiarra.

Boris Johnsonen gobernuko defentsa idazkari Ben Wallacek iradoki zuen 2040rako Erresuma Batuko aire indarren %90 tripulaziorik gabeko droneak izango direla eta horrek armada behartuko duela tankeen gisako beste armamentu batzuk kentzera. Kremlinek esan du bere Lancet drone ezaguna, Ukrainan asko erabiltzen dena, modu autonomoan lan egiteko gai dela, baina ez dute argitu ea horrela funtzionatu duen inoiz. AEBetako Gobernuak 2022ko otsailean iragarri zuen Mexikoko mugan zaintza-patruilak indartuko zituela Vision 60 txakur robotaren bidez. AEBetako Itsas Armadak zaintzarako eta alerta goiztiarrerako drone autonomoen flota bat du Ormuzeko itsasartean, Iran eta Oman artean. 2020ko azaroan, AEBetako Itsas Armadak mila drone txikitxoen –hamabost zentimetrokoak– eraso baten simulazioa egin zuen. Urrutira joan gabe, ehunka drone txikiren arteko koordinazioa ikus dezakegu zenbait drone ikuskizunetan, gauez argiekin zeruan irudiak mugimenduan sortzen dituztenak.

Etorkizunean droneen algoritmoek erabaki lezakete zer den “mehatxua” eta
zein “etsaia”

2024ko urtarrilaren 15ean, adimen artifizialean (AA) munduko enpresarik garrantzitsuena denak, OpenIAk, iragarri zuen ez dutela gehiago debekatuko chatGPT programa eta gainerako bere tresnak eremu militarrean erabiltzea. AEBetako Defentsa Departamentuarekin lanean hasi eta berehala egin zuten iragarpena. Enpresako bozeramaile eta Obamaren aholkulari ohi Anna Makanjuk segurtasun nazionaleko arrazoiak aipatuta justifikatu zuen erabakia, eta azpimarratu zuen AAren "erabilera militarra" baimendu dutela, baina ez armen ekoizpena.

Baina erreportaje honen hasieran aipatu dugun Enric Lujanen liburuan azpimarratzen denez, automatizatuta ala automatizatu gabe dauden hegazkinen hobekuntza maila garrantzirik gabekoa da. Funtsezko auzi politikoak berdina izaten jarraitzen du: hilketa selektiboa gero eta ohikoagoa da, munduko baztertuen aurka deklaratu gabeko gerra arrazionalizatzeko.

Erakunde askok, Amnistia Internazionala eta erakunde bakezaleak tartean, zalantzan jartzen dituzte drone militarren, eta are gehiago automatizatutakoen, erabileraren legezkotasuna eta justifikazio etikoa. Baina ba al dago gerra egiteko modu justurik? Automatizazioaren "etikotasunari" edo nazioarteko legerira egokitzeari buruzko kezkak, azken batean, hilketarako algoritmoen erregulazioari eta hobekuntzari buruzko eztabaidak dira. Lujanek dioen bezala, basakeria inperialistaren “erabilera bidegabeak” aipatzeak berarekin dakar basakeria bera legitimatzea, zenbait arauren arabera egokituta bada ere. Nazioarteko lege humanitarioak ez du inoiz gerra amaitu nahi izan, baizik eta armadek gerra nola egiten duten arautu eta moldatu, dio Eyal Weizman arkitektura irakasle israeldarrak Zisjordaniako hirigintzarekin lotutako giza eskubideen urraketei buruzko bere lanetako batean.

Yemengo hiriburu Sanako horma-irudi bat, tripulaziorik gabeko hegazkin estatubatuarrek Yemenen egindako erasoak salatzeko: "Zergatik hil duzu nire familia?". Argazkia: K. Abdullah - Reuters

Beraz, kontua ez da ea arma "adimendunak" egongo diren ala ez. Gizaki adimendunaren historia odolez blai dago hasieratik amaierara, eta ia dena robotik gabe isuri da. Robot hiltzailea errentagarria bada, dirua ematen badu, robot hiltzaileak egon egongo dira, La Marea aldizkariaren 99. zenbakian osatu duten erreportajean egoki aipatu duten bezala. Hori bezain sinplea izango da. Kapitalismorik eta inperialismorik gabeko etorkizuna proiektatzeko gai izan arte, behintzat.

Enric Lujanek azpimarratzen duenez, dronea eta kontrol eta hilketa inperialistarako sortutako asmakuntza teknologiko oro politizatu behar dira. "Desnormalizatu egin behar da gaur egun deklaratu gabeko gerra giroa, baita estatuen hilketa selektiboak eta shoot to kill (hiltzeko tiro egitea) delakoan oinarritutako ‘prebentziorako doktrina’ ere”.

Droneen misilek ez dute herrialde baketsurik sortu, ez dute “etsairik” garaitu, eta ez dituzte errugabeen heriotzak saihestu. Beldurra eta gorrotoa handitu besterik ez dute egin, baita pertsonen exodo masiboa eta pobrezia areagotu ere. Konpontzen ez badugu, etorkizun hurbilean, Lehen Munduko pribilegiatu zurioi droneek etxeko ateraino ekarriko digute Amazonen erosketa, eta protesta egin eta kexu direnak droneek zelatatuko dituzte. Munduko gainerako pertsonentzat, azal iluneko marjinatuentzat, droneek jarraituko dute heriotza zerutik eramaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inperialismoa
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude